EUSKAL PILOTA

Aldabe eta Apezetxea, txapeldun

2022/04/11

Argazkiak: oriamendi2010

Aldabe eta Apezetxeak 35-29 gainditu zituzten Loitegi eta Zaldua Berria Erremonte Txapelketaren finalean eta beraz txapela jantzi dute bi nafarrek. Partidu berdindu batean gorriek beti joan ziren aurretik eta merezimendu osoz eraman zuten garaipena. Aldaberen partida izan zen gakoa. Txapelketako erremontistarik onena izan da eta finalean ere bere nagusitasuna erakutsi zuen. Gainera, Apezetxeak ederki lagundu zuen. Goizuetarrak lau partida jokatu ditu profesionaletan eta laurak irabazi ditu.

Aldabe erasokorrago aritu zen eta horri esker bideratu zuten finala. Loitegi eta Zaldua saiatu ziren, baina ezin izan zuten txapela irabazi. Partida berdinduta hasi zen. Bizia eta polita izan zen hasieratik bukaerara arte. Bosna eta seina berdindu eta gero gorriek zuloa ireki zuten markagailuan (14-6). Hala ere, urdinek suspertu eta 18na berdindu zuten. Lehia gogorra zen eta 23nako berdinketa eta gero, gorriek berriz ere, ihes egin zuten, 29-23. Sei tantoko abantaila hori erabakiorra izan zen, izan ere, alde hori ondo kudeatzen asmatu zuten Aldabe eta Apezetxeak (32-26, 34-28 eta 35-29), hartara garaipena erdietsi zutelarik.

Aldabek 20 tanto eta bost akats egin zituen eta Loitegik berriz bederatzi tanto eta bost akats egin zituen. Hamaika tantoko alde erabakiorra bata eta bestearen artean. Aldaberi asko lagundu zion Apezetxeak,  erasoan zein defentsan.

Atzelarien borrokan Zalduak oso ongi jokatu zuen, baina Apezetxeak ez zuen hutsik egiten. Sakearekin biak ere zazpina tanto egin zituzten eta akatsetan ere pareko zenbakia izan zuten, hutsegite bakarra egin baitzuten. Piloteoan Zalduak zazpi tanto egin zituen eta Apezetxeak bi. Defentsan ederki aritu zen Apezetxea eta pilota zailak ekarri zituen atzetik. Merezitako garaipena lortu zuten beraz Aldabe eta Apezetxeak, txapelketa osoan partidurik galdu gabe jantzi zutelarik txapela.

Share This