HERRI KIROLAK/SOKATIRA

Goiherri A taldeak irabazi du Euskadiko lur gaineko Txapelketa, 600 kilotan

by | 2020/09/01

Argazkiak: egursport.com

Pasa den larunbatean, Fadurako atletismo pistako landan lehiatu zen Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketa, 600 kiloko kategorian. Guztira, sei taldek neurtu zituzten indarrak: Erandioko hiru (Goiherri A, Goiherri B eta Akelarre), Laukizko Gaztedi, Getxo eta Mutriku.

Hau izan da azken asteetan Getxon jokatu den laugarren txapelketa, aurrenekoan Goiherrik irabazi zuen 680 kiloetako mailako lehiaketa, bigarrenean ere Goiherrik jantzi zuen txapela (640 kilotan) eta hirugarren txapelketan aldiz, Gaztedik eskuratu zuen garaipena 580 kiloko mistoan, berdinketa hausteko tiraldian Goiherri mendean hartu ondoren. 

Honakoan, Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketako garailea, 600 kiloko kategorian, Goiherri A talde erandiotarra izan zen Gaztediri 2-0 irabazita tiraldi erabakigarrian. Erandioko eta Laukizko taldeak berdinduta heldu ziren azken tiraldi honetara, aurretik biak ala biak tiraldi guztietan nagusitu ondoren, Akelarre, Mutriku, Getxo eta Goiherri B taldeen aurkako lehietan, alegia.

Lehia erabakigarrian bi tiraldi saioetan irabazita beraz, Goiherrik eraman zuen txapela etxera, orotara 15 puntu batuta, bigarrena Gaztedi izan zelarik, 12 punturekin.

Hirugarren tokian Akelarre talde erandiotarra sailkatu zen 9 puntu pilatuta, hiru tiraldi irabazita (Goiherri B, Getxo eta Mutriku taldeen aurka) eta bi galduta (Goiherri A eta Gaztedi taldeen aurrean).  Laugarrena Mutriku izan zen 6 punturekin, Goiherri B zein Getxo taldeen aurkako tiraldietan nagusituta eta gainontzekoak galduta (Akelarre, Gaztedi eta Goiherri A taldeen aurka).

Laugarren postuan Getxo sailkatu zen 3 punturekin, bost tiraldi lehiatu ondoren Goiherri B taldeari soilik irabazi ziolarik. Gainontzeko lau lehiak galdu zituen beraz, Goiherri A, Goiherri B, Gaztedi eta Mutriku, nahiz eta azken talde honen aurka oso orekatua izan norgehiagoka. Azkenik, Getxoren atzetik, Goiherri B sailkatu zen seigarren tokian, tiraldi guztiak galduta.

Datorren larunbatean, irailak 5, 560 kiloko txapelketa lehiatuko da Fadurako atletismo pistako landan, arratsaldeko 17:00etan, lau talde aritu direlarik nor baino nor gehiago: Getxo, Akelarre, Gaztedi eta Goiherri.

Txapelketako jardunaldiak:

-Lehenengo jardunaldian, abuztuaren 8an jokatu zena, 680 kiloetako kategorian, Getxo, Goiherri, Akelarre, Mutriku eta Gaztedi taldeak aritu ziren nor baino gehiago. Txapelduna Erandioko Goiherri izan zen. Bigarren Mutriku, ondoren Akelarre Erandiokoa, eta laugarren Getxo. Gaztedik parte hartzerik ez zuen izan, taldekide batek koronabirusaren proban positiboa eman zuelako.

-Bigarren jardunaldian, abuztuaren 15koa, 640 kiloetako kategorian, Getxo A-B, Akelarre, Mutriku eta Gaztedi taldeek neurtu zituzten indarrak. Azkenean, Goiherri izan zen irabazlea, bigarren postua Gaztedik eskuratu zuelarik. Mutriku izan zen hirugarrena, Akelarre laugarrena eta Getxo bosgarrena.

-Hirugarren jardunaldian, abuztuak 22koa, 580 kiloko mistoan, Goiherri, Akelarre eta Gaztedi izan dira aurkariak. Arestian esan bezala, Gaztedi izan da txapelduna, Goiherri bigarren, eta Akelarre hirugarren izan direlarik.

-Laugarren jardunaldian, abuztuak 29an, 600 kilokoan, Getxo, Goiherri «A», Goiherri «B», Akelarre, Mutriku eta Gaztedi taldeen txanda izan da. Goiherri A taldeak eskuratu du garaipena, atzetik Gaztedi, Akelarre, Mutriku, Getxo eta Goiherri B.

-Bosgarren eta azken jardunaldian, irailaren 5ean jokatuko dena, 560 kiloetako kategorian, Getxo, Goiherri, Akelarre eta Gaztedi taldeak arituko dira.

Share This