HERRI KIROLAK/AIZKORA/INGUDEA

Nafarroako ingude eta aizkora txapelketak larunbatean jokatu ziren

by | 2020/09/01

Argazkiak: egursport.com

Herri kirol jaialdia Beran, Nafarroako Txapelketak tarteko

 

Iragan larunbatean, Nafarroako ingude altxatze txapelketak eta III. mailako aizkora txapelketako finala jokatu ziren Berako Eztegara pilotalekuan, arratsaldeko 17:00tan hasita.

Nafarroako Kirol Federazioak antolatuta, kirol hitzordu hirukoitza izan zen beraz, larunbat honetan Beran. Alde batetik, Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako finala jokatu zuten eta bestetik, gizonezkoen eta emakumezkoen ingude altxatze txapelketak egin zituzten.

Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako finalean hiru aizkolari aritu ziren nor baino nor gehiago: Ibai Soroa (Arribe) eta Oier Larretxea eta Endika Goia beratarrak. Egin beharreko lana honakoa: 45 ontzako bi enbor eta beste bi kanaerdiko moztu behar zituzten ahalik eta azkarren.

Soroa izan zen guztietan bizkorrena, lanak amaitzeko 09.04.47ko denbora behar izan baitzuen. Atzetik, Larretxea sailkatu zen (17.00.28) eta hirugarren Goia (21.18.15) izan zen. Hala, finalean lehenbiziko bi postuetan sailkatzeagatik, Soroa eta Larretxea mailaz igoko dira.

Nafarroako Ingude Txapelketak ere lehiatu ziren Berako herri kirol jaialdian, gizonezkoen zein emakumezkoen kategorian. Gizonezkoak 18 kiloko ingudearekin aritu ziren eta emakumezkoak 9 kilokoarekin.

Nafarroako Emakumezkoen Ingude Altxatze Txapelketan bost lagunek neurtu zituzten indarrak: Maika Ariztegi (Ituren), Virginia Finol (Iruñea), Irune Biurrun (Antsoain), Anjela Zuñiga (Antsoain) eta Jenny Serrano (Iruñea). Bederatzi kiloko ingudearekin minutu eta erdiz ahalik eta altxaldi gehien eman behar zituzten. Virginia Finolek jantzi zuen txapela 97 altxaldirekin, Maika Ariztegi bigarren izan zen 94 jasoaldirekin eta Irune Biurrunek osatu zuen podiuma 82 altxaldi eginda. Atzetik sailkatu ziren, Jenny Serrano (81) eta Anjela Zuñiga (76).

Gizonezkoetan, berriz, beste bost parte-hartzaile izan ziren: Josetxo Urrutia (Leitza), Alex Fernandez (Iruñea), Imanol Martin (Berriozar), Angel Albarran (Guadalajara) eta Iosu Marturet (Antsoain). Kasu honetan, 18 kiloko ingudearekin minutu eta erdiko tartea izan zuten ahalik eta altxaldi gehien egiteko.

Denetan altxaldi gehien lortu zituena Iosu Marturet izan zen (87), bigarren postua Josetxo Urrutiak eskuratu zuen (84), hirugarrena Alex Fernandez izan zen (78), laugarrena Imanol Martin (75), eta bosgarrena Angel Albarran (69).

Txapelketa hauetaz aparte, Nerea Sorondo beratarrak eta Itxaso Onsalo aresoarrak aizkora erakustaldia eman zuten eguna borobiltzeko.