SASKIBALOIA
Gernikak aurkari zailak izango ditu Eurokopan
Astelehenean Munichen egindako zozketak ez dio berri onik ekarri Lointek Gernika Bizkaia taldeari, izan ere, Europako emakumezkoen bigarren mailako txapelketan multzo gogorra egokitu zaio.
Gernikarrak laugarrenez lehiatuko dira Europako mailako bigarren kategorian, eta multzoen fasean hasiko dute zuzenean txapelketa, azkeneko emakumezkoen Endesa Ligan hirugarren postua eskuratu izanagatik.
Esan bezala, Eurokopako ligaxkan, F multzoan aritzea egokitu zaio Gernikari, non aurkari indartsuak izango dituen aurrez aurre: Frantziako Flammes Carolo eta La Roche Vendee taldeak, batetik; eta Espainiako Ciudad de la Laguna Teneriferen eta Flandriako Kangoeres Mechelenen arteko atarikoaren irabazlea, bestetik.
Flammes Carolo taldea, Charleville-Méziéres herrikoa (Ardenas), Frantziako ligako hirugarren postuan zegoen martxoan lehiaketa eten zenean, 17 partidetan 10 garaipen erdietsita. Aurretik, Lyon zegoen lidergoan, 14 garaipenekin, eta bigarrena Bourges taldea zen, 13 partida irabazita.
La Roche Vendée, La Roche-sur-Yon herrikoa (Vendée departamendua) zazpigarrena zen sailkapenean, zortzi garaipen eta bederatzi porrotekin.
Gernikarren hirugarren aurkaria, Tenerife talde espainiarra edo Kangoeroes Mechelen belgiarra izango da. Tenerifek zortzigarren postuan amaitu zuen Endesa Ligan (hamaika garaipen eta beste horrenbeste porrotekin), eta Kangoeroes aldiz, bosgarrena zen bere ligan, 22 jardunalditan 15 garaipen lortuta.
Beraz, eta dena ondo bidean, Gernikak urriaren 15ean ekingo dio lehiari, etxean, La Roche Vendeeren aurka.
Dena den, txapelketaren etorkizuna datorren irailaren 1ean zehaztuko da, egun horretan jakinaraziko baitu Nazioarteko Federazioak (FIBA) arestian aipaturiko egutegia bere horretan mantentzen duen edo ez. Osasun egoeraren bilakaeraren arabera hartuko dute erabakia baina dagoeneko hasiak dira bestelako lehiaketa formatoen aukera aztertzen.
Lointek Gernikak pasa den larunbatean, abuztuak 15, hasi zuen aurredenboraldia, aurretik jokalari guztiek zein entrenatazaile-taldeak PCR testak pasa zituztelarik Leioako Quiron Klinikan.
Multzoen faseko egutegia:
Urriak 15: Lointek Gernika-La Roche Vendée
Urriak 22: Flammes Carolo-Lointek Gernika
Urriak 29: Lointek Gernika-Laguna/Mechelen
Azaroak 4: La Roche Vendée-Lointek Gernika
Azaroak 26: Lointek Gernika-Flammes Carolo
Abenduak 3: Laguna/Malinas-Lointek Gernika
Lointek Gernikak garaipen ikusgarria lortu du Mersinen aurkako partidan
Datorren asteazkenean erabakiko da kanporaketa eta gernikarrek 24 puntuko abantailarekin ekingo diote neurketari
Lointek Gernikak 75-58 galdu du Roche Vendee taldearen aurka
Emaitza honekin zaildu egin zaio Eurokopako hurrengo faserako sailkapena
Lointek Gernikak bikain hasi du Europako ibilbidea
60-65eko emaitzarekin nagusitu da Virtus Boloniarren aurka, Eurokopa txapelketako lehen jardunaldiko partidan