ELKARRIZKETAK/FUTBOLA/EUSKAL SELEKZIOA

Mikel Aranburu: «Gure erreferentziak, gure ikurrak behar ditugu»

by | 2020/08/19

Argazkiak: realsociedad.eus

Euskal Selekzioan jokatzen hasi zeneko hasierako poza izan du abiapuntu solasaldiak, proiektuak aurrera egin zezan eta zaletuen sentimenduekin uztartzeko ahaleginean egindako borrokaz jardun du ere. Momentu gogorrak pasatu arren bere fruituak eman zituela deritzo. Positiboan aritzen da «partidak egitea ez egitea baino hobe» dela iritzita. Begi onez ikusten ditu ilusioa pizteko sortutako ekimen berriak (Gu ere Bai etabar.) eta aholku bat ematen du: «Utzi kirolariei euren erritmora, euren kaxara, eurek dakite zer egoeratan dauden ondoen eta»

Ez da elkarrizketa emate zalea, ez baitu oso gogoko hedabideetan protagonista izatea Mikel Aranburuk (Azpeitia 1978). Laudorioak entzuten ere ez da eroso sentitzen. Horregatik bereziki eskertzen diogu eman digun elkarrizketa. Dotorea eta umila izan da zelaian, aldagelan eta aldagelatik kanpo, erreferentea eta konprometitua  gai askotan jokalari eta pertsona bezala.

Kirolari familiakoa da. Anaia  jokalari trebea izandakoa du, lehengusina, Nerea Eizagirre, Realean aritzen da, eta bikotearen etxekoak ere pilotari trebeak izandakoak dira… Kirol jarduera guztia Realean eman du. Infantila zela eraman zuten Zubietara, eta maila guztiak pasatu ondoren 1996/97ko denboraldian Javier Irureta entrenatzailearen eskutik debutatu zuen, 18 urterekin lehen mailan. 1989/90 denboralditik aurrera titularra izan da lesioek utzi dioten denbora  askoan, eta taldeko kapitaina ere hainbat urtetan. Realean une  gazi-gozoak bizi izan ditu. Realarekin ligako txapeldun ordea izan zen 2002/2003an. Ondoren, Txapeldunen Ligan aritu zen. Baina momentu gaziak ere bizi izan ditu. Lesio oso larri bat eragin zion 2005ean Racineko Oriol jokalariak falta ere eman ez zuen sarrera basati baten ondorioz. Realaren bigarren mailarako jaitsiera ere sufritu zuen eta lehen mailara berriro igo arteko malda gora ere duin bizi izan zuen. 2012an utzi zuen Reala, urtebete gehiago jarraitzeko  eskaintza bazuen ere.

Mikel Aranbururen biografian konpromisoa hitza ezin da falta. Guk Euskal Selekzioarekin izandako konpromisoagatik elkarrizketa egin nahi izan diogu. Baina adiskidetasuna hitza ere ezinbestekoa da bere hiztegian. Oraindik orain elkarrizketa batean Xabi Alonsori kide bat aukeratzeko galdetu zioten eta berak Mikel Aranburu aukeratu  zuen.

Egun daramazun bizitzaz galdetzen hasi nahi dugu.

Azpeitian bizi naiz, eta lan ikuspegitik Realeko begirale gisa dedikazio erdiz aritzen naiz. Denbora gehiena jokalari gazteak ikusten ematen dut, baina Zubietan ere aritzen gara, beste batzuekin batera, jokalariak aztertzen. Gainera egungo entrenamenduak ez dira garai batekoak bezalakoak, lerrokako entrenamenduei ere garrantzia ematen zaio. Hor aritzen naiz beste batzuekin.

Bizitza pertsonalari dagokionez, futbola utzi nuenean semea jaio berria nuen. Bizpahiru hilabete izango zituen. Eta ondo etorri zitzaidan lurreratzea egiteko. Seme-alabak ditugu eta haien jiran ibiltzen gara eta hortik aparte lagunekin jokalari izateak egiten uzten ez zizkidan gauzak bizitzen .

Aipatu dugun moduan Euskal Selekzioaren gaiaz elkarrizketa nahi zaitugu bereziki. Zein izan da zure ibilbidea Euskal Selekzioan?

Nik uste, gehientsuenak bezala, Realeko lehen taldera igo nindutenean Gabonetan  jokatzen zen selekzioaren partida hartarako deialdian sartzen hasi nintzela, eta gero urtero joaten nintzen. Egia esan oso gustura joaten nintzen, kristoren giroa zegoen. Umetatik telebistan ikusten genuen hura lehen pertsonan bizitzea ederra zen.

Ez naiz jokalari guztien burutik arituko baina pozik joaten ginela denak iruditzen zait. Agian  ez ginen gose berberarekin joango denok, baina gustura bai, zelaian eta zelaitik kanpo kristoren giroa egoten zen eta. Aldarrikapen giro itzela egoten zen. Ni hasi aurretik ere giro ederra zegoen, eta nire garaian nik uste oraindik eta indartsuagoa egin zela.

Momentu batean gauzak ondo ez zirela egiten ari eta kezkatzen hasi zineten.

Bai, bai. Urteak joan, urteak etorri, gauzak berdin egiten zirela, formatu berdinean, etabar, giro eder hori arriskuan zegoela somatu genuen. Honetan gauza gehienetan bezala, aurrera ez bazen egiten atzera egingo zela iruditzen zitzaigun. San Mamesera joaten zen zaletu haren ilusioa eta kemenari iruzur ez egitea asko kezkatzen gintuen.

Talde ezberdinetako jokalariek biltzen hasi ginen egoera aztertzeko, eta ideia mordoxka sortu ziren. Atzerrian ere partidak jokatzearen beharra ikusten genuen, San Mamesen entzuten genuen ofialtasunaren aldeko aldarrikapenak kanpoan ere oihartzuna izan zezan. Izenaren kontuak ere kezka sortzen zigun. Euskadi izenak Euskal Herri osoko jokalariak ez zituelako barnebiltzen, edo gutxienez Euskal Herria hitzak hobeto isladatzen zuelakoan geunden gu, eta uste dut zaletuak eta gizartea ere bai. Diru kontuetaz ere aritu ginen, ofizialtasunaren aldeko partida antolatu baina etekinak (eta dexentekoak izaten ziren) harrobiko futbolarentzat zela esaten ziguten. Guk diru gaietan ez genuen jarraipen  zorrotz bat egin nahi, baina iruditzen zitzaigun ofialtasunaren aldeko partidak ofizialtasunaren alde ipini behar zituela bitartekoak. Eta bestela zaletuari, gizarteari esan egin behar zitzaiola zertarako zen eta zertarako ez.

Funtsean, gure kezka nagusia zen norabide bat finkatu eta urratsak eman behar zirela, erritmo lasai batean, baina aurrera pausoak eman behar zirela, uste genuen partidatara  joaten zen jendeari zor geniola hori.

Eta Federazioekin biltzen hasi zineten

Bai, Federazioekin biltzen hasi ginen eta hasieran tonu oso onean joan ziren bilerak, baina gauzak gero okertzen hasi ziren. Federazioko ohiko ordezkariak ere aldatzen joan ziren, gauza arraroak gertatzen hasi ziren, baina akordio batzuetara ere iritsi ginen, adibidez Euskal Herria izenarekin jokatzearena.

Akordioa egin eta hurrengo partidan inprenta akats bat egon zela eta Euskadiko Selekzioaren izenarekin jokatu behar zela. Akatsa izan zen argumentua onartu egin genien, baina hurrengoan Euskal Herria izenarekin jokatu behar zela. Behin, oker ez banago Kataluniaren kontra izan zen, Euskal Herria izenarekin ere jokatu genuen. Eta uste dut oso ondo hartu genuela, bai guk eta bai Gabonetarako partidetara  joaten ziren zaletu guztiak. Guretzako San Mamesera (gehienetan han egiten zen) Gabonetan joaten zen zaletu harekiko zintzotasuna iparrorratza izan da. Baina hurrengorako atzera egin zuten berriz.

Detaile  asko ez ditut ondo gogoratzen, baina gauza arraroak hasi ziren gertatzen. Bileratara ordezkari berriak hasi ziren etortzen, adostutako  erabakiak atzera botatzen ziren eta horrek asko hasarratu gintuen. Bilera asko egin ondoren, akordio batzuetara ere iritsiak ginen eta azalpenak emateko gaitasun edo borondaterik gabe, atzera egin zutela presio batzuen ondoren nabarmentzen hasi ginen. Azpimarratu nahi dut ez zela momentu bateko kontua izan, prozesu oso bat izan zen.

Ikusten genuen aurrera egiteko urrats txikienak, talka txikiena sortzen bazuen, atzera egiten zutela. Gauza xumeak eskatzen genituen, aurrera egiteko borondatea isladatzea azken batean, keinu batzuk nahikoak  izango ziren guretzat. Eta hartutako erabakiak betetzeari utzi zioten.

Partida ez jokatzea erabaki genuen. Guretzako ez zen erraza erabaki hori hartzea, baina denboraz begiratuta, errealitatea isladatzeko balio izan zuen.

Partidatara joaten zen zaletu harek, ilusio hura galdu egin zuela bistan zen. Tunezen aurkako 2017ko partida lekuko. Bo; galdu ez, jendea hor baitago, baina ilusioa apaldu edo itzali egin dela. Guk ez genuen kristoren planteamendua egiten. Guk euren borondatea eta euren esku zeuden gauzak testatu genituen, gauza txikiak eskatzen genituen, baina horietan ere urratsik ikusi ezean ideak atzera egingo zuela garbi ikusten genuen. Gertatu dena aurreikusi zitekeen eta ekiditeko beharrezko saiakerak ez ziren egin  nire ustez.

Ondorioz egurra eman zizueten.

Egia esan egurra eman ziguten eta gainera gu, Realekoak, egoera ahul batean geunden, bigarren mailara jaitsi berriak ginen eta Euskal Selekzioaren alde aurpegia ematen genuenak diana erraza ginen. Baina tira; tamalez denborarekin argi geratu da, ez zela jokalari batzuen nahi hutsa, zaletuen eta gizartearen nahia zela. Gainera barneratua genuen egurra  emango zigutela eta nahiko ondo jasan  genuen.

Iritsi zen akordio baten momentua ere, ezta?

Bai, bai. Guk beti pentsatu dugu, partida hori jokatzea inportantea zela. Guk nahi baino partida kaxkarragoa izango zela, ez zela gure ametsetako partida, baina ez jokatzearekin ere ez genuela aurrera egiten. Azken batean gutxi bazen ere, erreferentzia puntu bat bazen gazteentzat, umeentzat. Bere garrantzia zuen. Umeek euskal kirolariak Espainiako selekzioarekin jokatzen ikusten dituzte. Galdera sinpleak eta gordinak egiten dituzte, eta euskal selekzioaren errefentzia izateak badu balioa. Partidak egitea ez egitea baino hobe da.

Oso gertuko bati gertatutakoa da Espainiak mundiala irabazi zuenean, semea etxera Espainiako  selekzioko kamiseta eskatzen etorri zitzaiola.

GNeuri ere gertatu zait antzekoa noizbait. Nik uste denoi gertatu zaigula horrelako zerbait. Gure erreferentziak, gure ikurrak behar ditugula argi islatzen du horrek.

Nola amaitu zen kontu hura.

Fase bati amaiera gisa Belodromoan jaialdi itzela egin genuen. Harria-Herria hitz jokoa erabiliz, kirol modalitate guztietako gizon eta emakumeen Euskal Selekzioaren aldeko aldarrikapena oinarri hartu eta jaialdi ederra egin genuen kirolari profesionalek zein afizionatuek. Jende mordoxka joan zen eta giro aparta sortu zen.

2009an Belodromoan egindako Euskal Harria jaialdian oinarrituta, Euskal Kirol esparrua lantzeko eta modalitate guztietako selekzioen ofizialtasunaren alde urratsak emateko  Euskal Herria Kirola sortu zen.

Nik baina hobeto ezagutuko duzue ondorengo prozesua, baina bai, egia da, han ibili zen talde batek Euskal Herria Kirola sortu zuen. Ordura arte ESAIT bakarrik zegoen urte askotako jardunean eta han formatu ezberdineko elkarte bat sortu zen. Eta oraindik hortxe aritzen zarete.

Gaur egungo ikuspegitik nola ikusten duzu Selekzioaren gaia? Ze iritzi duzu ordutik honako  ibilbideaz?

Esan dugu 2017an Tunezen  aurka San Mames erdi hutsik egotean lurra jo zuela ordura arteko proiektuak. Pena bat da, nire ustez aurreikusi zitekeelako, ilusio handiak itzali direlako.

Baina horretatik ere ikasi egin behar da eta lehenengo lana ilusioa berpiztea da. Badakit badabilela jendea lanean horretan, hori da aurreneko lana nire ustez.

Oinarri oinarrian eta behetik gorako lana egin behar da, eta oso inportantea da ahal den neurrian erreferente batzuk bilatzen joatea. Ez dakit zeintzuk izan litezkeen erreferente horiek partidarik ez badago; agian Tourra da, baina une errefentzial batzuk behar dira.

Ez naiz politikoki zer egin daitekeen esaten hasiko, baina legebiltzarrean gehiengo oso bat dago Selekzioaren alde, eta negoziaketa politikoen agendan noizbait egon beharko luke gai honek.

Gertuagotik ezagutzen dudanaren harira, inportantea iruditzen zait Selekzioaren aldarrikapena modu ezberdinean artikulatzea kirolariak, eragile sozialak eta beste edozein agenteen aldetik. Kirolariek eurek dakite inork baino hobeto euren erritmoak zeintzuk diren, euren indarrak. Gainera kirolarien artean modalitate denetan ez da egoera berbera ere eta ondorioz erritmoak ezberdinak dira, horregatik inportantea iruditzen zitzaidan kontu hau garaian eta inportantea izaten  jarraitzen duela uste dut.

Eta gero gauzak ondo egin behar dira. Guk Euskal Selekzioaren aldeko aldarrikapena atzerrira eramatea eskatzen genuen. Eta Venezuelan jokatu genuen partida bat. Egia esan gozada bat izan zen. Copa de America antolatzen zuen selekzioaren aurka, zelaia  beteta, kristoren aldarrikapen giroa, irabazi egin genuen gainera. Zorionak ere eman genizkion Federazioari. Baina ondoren jokalariak oso haserre ere etorri izan dira Panamatik, eta batez ere Kortsikatik. Protagonistak zaindu egin behar dira.

Ezin da Mikel Aranbururekin elkarrizketa bukatu Realari buruzko iritzia eskatu gabe. Nola ikusten duzu Reala?

Nola ikusten dudan… Oso, oso ondo. Uste dut aurten Reala izan dela joku ikuspegitik liga guztian gustuen ikusten zen taldea. Eta ez realzaleok  bakarrik, realzale ez direnak ere, gustuen ikusi duten taldea izan da. Emaitzak ere oso onak izan dira. Europara sailkatu da, Kopako finalera iritsi…. Eta hori gainera hemengo jokalari askorekin eta gehienak gainera oso gazteak. Momentu oso onean ikusten dut Reala.

Azken galdera bat, kasik pertsonala, nola mantentzen da, eliteko jokalari bat, munduko zilbor bihurtzen duten pertsona bat, konpromisoei lotuta, sustraietan mantenduz?

Niri behintzat, gertukoekin, betikoekin, babestea eta elikatzeak funtzionatu dit. Ondo dago esperientzia berriak izatea, gauzak ezagutzea, baina betikoen gerizpean oinarritzea berme bat iruditzen zait. Azken batean inguruak elikatzen gaitu eta horrela eginez gero, ez dago zertan futbolari ospetsua izanagatik pertsona desberdina bihurtu beharrik.

ELKARRIZKETAK/FUTBOLA/EUSKAL SELEKZIOA

Osasuna 1-0 Athletic

Osasuna 1-0 Athletic

Garaipenarekin ospatu du Osasunak bere 100. urteurrena, V. Euskal Herria Txapela 2020/21 edizioaren laugarren partidan. Alaves-Reala izango da hurrengoa, abenduaren 6ko jardunaldian.

Osasuna-Athletic, larunbatean

Osasuna-Athletic, larunbatean

Larunbatean jokatuko da Osasuna-Athletic norbehiagoka. Ordua aldatu egin da baina: 18:30etan hasiko da partida, Sadar futbol zelaian.

Eibar 0-0 Osasuna

Eibar 0-0 Osasuna

Berdinketariekin, ez da irabazlerik izan Ipuruan gaur eguerdian jokatu den V. Euskal Herria Txapela 2020/21 edizioaren hirugarren partidan. Osasuna-Athletic izango da hurrengoa.

Share This