EUSKAL PILOTA

Gernika Grand Slam Zesta-punta txapelketako finalaurdenak jokatu dira

2020/12/11

Argazkiak: Jai Alai News ​

Gernika Grand Slam txapelketari hasiera eman zitzaion pasa den asteazkenean, arratsaldeko 18:00tan, honako norgehiagokak egon zirelarik: ANTXON-ZABALA 2 -GOENAGA-MANDIOLA 1 (14-15, 15-13, 5-2) eta ARBE-ALDAZABAL 1-URKO-DEL RIO 2 (12-15, 15-5, 4-5).

Pilota jaialdiko aurreneko partiduan, emozioz beteriko lehia jokatu dute Antxon, Zabala, Goenaga eta Mandiolak, lauak ala lauak maila polita erakutsi zutelarik. Lehenengo jokoa Jon Goenaga mutrikuarrak eta Jon Mandiola markinarrak irabazi dute ozta-ozta (14-15). Bigarren jokoa aldiz Antxon Alberdi eta Jon Zabalaren alde erori da bi tantoko abantailarekin honakoan (15-13), eta beraz berdinketa hausteko hirugarren eta azken jokoa lehiatu behar izan zuten, non Antxon eta Zabalak garaipena lortu zuten, 5-3 markagailuarekin.

Bigarren lehian, 20 urte besterik ez dituen Urko Lekerikabeaskoak (Unairen anaia) debuta egin du txapelketa profesionalean, bikotekide gisa Donostiako txapelketa irabaztetik datorren Julen Del Rio izan zuelarik. Aaron Gonzalez de Mataukoren ordez jokatu duen gazteak ez du aukera alperrik galdu eta Del Riorekin batera, 2 eta 1 irabazi zioten  Jokin Arbe markinarrak eta Aimar Aldazabal berritxuarrak osaturiko bikoteari. Eskarmentu haundiko pilotariak izanda, faboritoak ziren azken hauek baina hasieratik ikusi da honakoan zaila izango zutela garaipena eskuratzea.

Lehenengo jokoa irabazi dute Urko eta Del Riok (12-15), gasteiztarraren eskuinez jotako pilotakada itzelak baliatuz. Bigarren setean ordea, suspertu dira aurkariak eta banakoa jarri dute markagailu orokorrean jokoa 15-10 irabazita.

Berdinketa hausteko jokoan, aurretik jarri dira gorriak 4-1 eta partidua haien alde eroriko zela ematen zuenean, markagailua irauli zuen bikote urdinak, 4na berdintzea lortu ondoren, azkeneko tantoa ere haien alde erori zelarik (4-5).

Gauzak horrela, finalerdiak abenduaren 11an lehiatuko dira Gernikako Jai Alain, 18:00etatik aurrera. Beaskoetxea-Manzi eta Hormaetxea-Urtasun bikoteak zuzenean arituko dira finalerdietan, finalaurdenetako lehien irabazleen aurka:

BEASKOETXEA-MANCI vs URKO-DEL RIO

HORMAETXEA-URTASUN vs ANTXON-ZABALA

Gernikako Grand Slam Txapelketako final haundia aldiz, hilaren 18an lehiatuko da, arratsaldeko 18:00tan hasita (ETBk finalerdiak eta finala emitituko ditu).

Share This