HERRI KIROLAK/AIZKORA

Sherpa.ai Aizkolari Txapelketako finala igandean jokatuko da

by | 2020/12/10

Argazkiak: egursport.com

Datorren igandean, abenduak 13, Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finala jokatuko da Bilbao Arenan, eguerdiko 12:00etan hasita. Eusko Jaurlaritzak hartutako neurri murriztaileen ondorioz, finala zalerik gabe jokatuko da nahiz eta ETB1ek zuzenean eskainiko duen.

Txapelketa hau berria da eta aizkolariek beraiek sortu dute Federaziotik kanpo, kirol hau modernizatu eta profesionalizatzeko helburuarekin, aizkolaritza etorkizunera eramateko bidea ireki nahian.

Aizkolariek irailean hartu zuten aurten federazioarekin hausteko erabakia eta hilabete gutxi hauetan egindako antolaketa-lanetan pandemiaren eragina dela eta zenbat aldaketa egin behar izan dituzte, datarena tartean (azaroaren 29an egitekoa zen), baina azkenean heldu da lehengo Euskal Herriko Aizkora Txapelketaren lekua hartu duen lehiaketaten txapelduna ezagutzeko ordua.

Final nagusian sei aizkolari arituko dira nor baino nor gehiago, txapela eskuratzeko helburuarekin. Iragan urriaren 24an Zestoan jokatu zuten lehenik kanporaketa, eta han denborarik onena lortu zuten sei aizkolarik eskuratu zuten finalerako txartela: Mikel Larrañaga, Iker Vicente egungo Euskal Herriko txapelduna, Eneko Otaño, Julen Alberdi, Aitzol Atutxa eta Jon Irazu.

Finala txanda bakarrean jokatuko dute, eta aizkolariek 54 hazbeteko bi enbor(40 zm diametro), 60 ontzako bi enbor(44 zm diametro)eta 72 ontzako bi enbor (53 zm diametro) moztu beharko dituzte (lehia federatiboaren lan berberak alegia).

Egun eta leku berean lehiatuko da Promozio mailako txapelketako finala ere, non zortzi aizkolarik neurtuko dituzten indarrak Lehen Mailara igotzeko asmoz: Aratz Mugertza, Larrea III, Corchero, Jauregi, Eneko Saralegi, Pellejero, Zelai IV eta Julen Kañamares. Promozio txapelketan, ostera, finalaren lanaren erdia neurtuko dute.

Lehen mailako finala baino lehenago bigarren mailakoen txanda izango da esan bezala, final nagusirako aipaturiko enborren erdiak moztu beharko dituztelarik.

Herri kirol jaialdia Mallabian

Herri kirol jaialdia Mallabian

Finalerako sailkatu dira Suharri Rodriguez-Jokin Urretabizkaia aizkoran eta Mikel Lopetegi Urra harrijasotzen

Share This