SURFA

Gadis Pro Junior txapelketa irabazi dute Janire Gonzalez eta Adur Amatriainek

by | 2021/07/27

Euskal surflarien nagusitasuna eman zen asteburuan jokatutako Ferroleko Gadis Pro Junior txapelketan, non Janire Gonzalez zumaiarrak eta Adur Amatriain zarauztarrak garaipena eskuratu zuten.

Lau lehiakidez osatutako txandetan aritu ziren surflariak Doñinos hondartzan 18 urtez azpiko Europako Junior Txapelketako bigarren lehiaketan. Guztira lau txapelketak osatzen dute aurtengo Europako Junior Itzulia, orainarte lehiatutako biak eta irailean eta urrian Portugalen eta Frantzian egingo direnak.

Esan bezala, Janire Gonzalez Etxabarrik lortu zuen garaipena nesken proban (besteen artean, Annette, 14 urte dituen bere ahizpa txikia, kaleratu behar izan zuen), alde nabarmenarekin gailendu zelarik, bere bi olatu hoberenekin 12’06 puntu batu baitzituen 16 urteko zumaiarrak. Bigarren postua, 9’87 punturekin, Francisca Veselco portugaldarrarentzat izan zen. Hirugarren postuan, Lucia Machado kanariarra geratu zen, 9’20 punturekin, eta laugarren postua, 9’13 punturekin, Hina-Maria Conradi frantsesarentzat izan zen.

Mutilen kategorian berriz, Adur Amatriain nagusitu zen guztira 15’17 puntu eskuratuta. Bigarren postuan geratu zen Joaquim Chavez portugaldarra (13’07) eta hirugarren eta laugarren postuetan geratu ziren Sam Piter (8’26 ) eta Kyttan Foret (6’50) frantsesak, hurrenez hurren.

Emaitza hauen ostean, Europako junior sailkapenean Lucia Machado kanariarra eta Janire Gonzalez daude lidergoan berdinduak, hirugarren postuan Francisca Veselco portugaldarra dagoelarik unean uneko podiuma osatuz. 9. eta 13. postuen bitartean bost euskal  surflari daude: Lilou Rumiel eta Juliette Lacome lapurtarrak, eta Annette Gonzalez Etxabarri, Carmen Garay Irigoras eta Silke Martinez Echegeray.

Mutilen rankingean lehen bi sailkatuak Adur Amatriain zarauztarra eta Kai Odriozola donostiarra dira. Hirugarren postuan Joaquim Chavez surflari portugaldarra dago, eta hurrengo bi postuetan Sam Piter eta Luan Nogues frantsesak aurkitzen dira.

SURFA

Share This