HERRI KIROLAK/AIZKORA

Suharri Rodriguezek irabazi du Gipuzkoako Bigarren mailako aizkolari txapelketa

by | 2021/07/27

Argazkiak: egursport.com

Gipuzkoako bigarren mailako aizkolarien txapelketa jokatu zen iragan astelehenean Astigarragako  Foru Plazan, arratsaldeko 18:00etatik aurrera.

Bigarren mailako txapelketek beti dute pizgarri berezia, izan ere, txapeldun izateaz gain, enbor guztiak azkarren mozten zituenak sari berezia baitzuen, Gipuzkoako Txapelketa nagusira sailkatzea alegia.

Gipuzkoako lehenengo mailan bost aizkolari bakarrik egoten dira eta beraz txapelketa honetako garailea lurraldeko bost aizkolari onenen artean sartzen da eta hortaz aparte lehiaketa hau irabazi duten izen haundiko aizkolarien artean kokatzen du bere burua: esaterako, Unai Otaño, Eneko Otaño, Joseba Otaegi, Ugaitz Mugertza, Txikia IV…

Guztira hamalau aizkolari aritu ziren nor baino nor gehiago (Markel Zapiain astigartarrak ezin izan zuen parte hartu, nahiz eta hasiera batean izena eman zuen), lau kanaerdiko eta 60 ontzako bi enbor ebaki behar izan zituztelarik, hiru txandatan banatuta:  Axel Larrañaga (Hernani), Suharri Rodriguez (Hernani), Jokin Urretabizkaia (Donostia), Unai Zabala (Leaburu), Ibon Garaiburu (Berastegi), Unai Otaegi (Zizurkil), Andoni Iruretagoiena Izeta VI (Aia), Julen Aranberri (Zumarraga), Xabier Zaldua (Zumarraga), Julen Gabirondo (Urnieta), Aitor Urteaga (Altsasu), Jon Irazu (Zizurkil) eta Aratz Mugertza (Mutriku).

Azkenean, Suharri Rodriguezek jantzi zuen bigarren mailako txapela, bere lanak amaitzeko 15 minutu eta 54 segundoko denbora baliatu zuelarik. Bigarren sailkatu zen Jokin Urretabizkaia Basozabal (16´27´´) eta Jon Irazuk osatu zuen podiuma, 16 minutu eta 32 segundoko denborarekin.

Sailkapena:

  1. Suharri Rodriguez 15 minutu eta 54 segundo
  2. Jokin Urretabizkaia Basozabal 16 minutu eta 27 segundo
  3. Jon Irazu 16 minutu eta 32 segundo
  4. Xabier Zaldua 16 minutu eta 58 segundo
  5. Julen Gabirondo 17 minutu eta 21 segundo
  6. Aratz Mugertza III.a 19 minutu eta 2 segundo
  7. Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a 20 minutu eta segundo bat
  8. Unai Otaegi 21 minutu eta 53 segundo
  9. Unai Zabala 23 minutu eta 56 segundo
  10. Ibon Garaiburu 26 minutu eta 9 segundo
  11. Axel Larrañaga 27 minutu eta 45 segundo
  12. Urtzi Olasagasti 28 minutu eta 58 segundo
Share This