ELKARRIZKETAK/MENDIA

Felipe Uriarte: «Ekimen nazionala dugu Urmuga»

by | 2021/05/10

Argazkia: goiena.eus

Urmugaz aritu gara Felipe Uriarterekin; mendizaletasunaz, musikaz, baloreez, naturaz, genero berdintasunaz…”

Felipe Uriarte (Pasaia Donibane, 1944) euskal mendizaletasunaren erreferente nagusienetakoa, ingeniaria, 1974ean Tximist espedizioan ezagutu genuen. Everesteko gailurretik 300 metrotara eman zuten amore, sei urte beranduago berriro saiatzeko. 1980an gailurra jo zuten, ordea, euskaldunon oroimen kolektiboaren lekurik ederrenetakoan dagoen irudia eraikiz. Martin Zabaletak munduko mendirik altuenean jarri zuen ikurrina herri baten harrotasunerako.

Lanean ari zela egin digu tarte bat elkarrizketarako. Erretiroa hartzeko asmorik ez duen galdetu diogunean, Ponpidouren aipu batekin erantzun digu: «Erioak erretiratuko nau». Bizi behar, eta lanera. Esku artean duen proiektu bat hartu dugu hizpide: Urmuga.

Zer da Urmuga 2021?

Mendi ibilaldi musikatu bat da Urmuga, natura eta gizakia musikaren bidez harremantzeko.

Uztailaren 13tik 31ra arte burutuko dugu berriro ere Urmuga ekimena, mendizaleok eta musikariok bat eginik.

19 egun oinez, Tologorritik Mahairaino; eta horietan 10-12 kontzertu ikusgarri.

Ibilaldian parte hartzeko hainbat aukera dituzte mendizaleek. Osorik ala zatika egin daiteke, norberaren nahia eta aukeren baitan. Batzuk 19 egunak egingo dituzte, beste batzuk astebete bat, 4 egun, 3 edo 2, norberak aukeratzen duena. Bataz beste 14 laguneko taldea izango dira gehienez. Horren guztiaren informazio zehatza dago www.urmuga.eus webgunean.

Aurten saiatzen ari gara Mendi Zeharkaldi Eskola abian jartzen, gazteen artean mendizaletasuna bultzatu nahian. Federatua izatea ezinbestekotzat jotzen dugu arautegian, abantaila ugari baititu. Baina kontu honetan malguak gara. Ahalegin bereziak egiten ari gara, nola erdietsi baldintza ekonomikoak Mendi Eskola eskuragarria izan dedila gazteentzat, eta noski, beraien familientzat.

Nola sortu zitzaizuen ideia?

2018an ‘Oxigenoa euskarari, 6000 metrotan ere bai’ espedizioa garatu genuen. Himalaiara joan ginen 12 euskal mendizale gazteekin. Nepalen 10 sherpa gazteekin bat egin eta denok batera Txomolungma inguruan ibilaldi eder bat burutu genuen. Euskararen eta sherperaren alde, biak hizkuntz minorizatuak izanik, eta bi herrien arteko elkartasuna bultzatzeko asmoz: Sherpa Herria eta Euskal Herria. Espedizioa Himalaiara abiatu aurretik, Agurreko Kontzertua ospatu genuen Oñatiko parrokian, babestu gintuztenei gure esker ona adierazteko. Et Incarnatus orkestra izan zen kontzertuaren bizkar hezurra, eta parte hartu zuten Ganbarak, Niko Etxartek, Maider Zabalegik, Naia Roblesek eta Pettik, guztiok Migel Zeberioren batutapean. Ondo atera zen, eta egun hartan bertan Mikel Zeberio musikari tolosarrak eta biok adostu genuen mendizaletasuna eta musika uztar zezakeen egitasmo bat garatzea. 2018ko urriaren 19an, Nangkartsang (5000 m) mendi-kaskotik bueltan, Dingbotxe herrian (4370 m), tchang bero bat edaten, han sortu zen Urmuga.

Zergatik Urmuga izena?

Ertz luze batek zeharkatzen du Euskal Herria mendebaletik ekialdera. Kantauri eta Mediterraneo itsasoetara banatzen ditu urak. Ertz luze honek Urmuga du izena. Garobel mendilerrotik Auñamendietako Hiru Erregeen Mahaiaraino, Urmugak Euskal Herria josten du. Gailurrik gailur, errekaz erreka, zuhaitzez zuhaitz, Urmuga jostura luze bat da gure geografian eta gure herri izaeran.

Mendilerroak, ibaiak, ez dira mugak izan, baizik eta bi aldeetan bizi diren komunitateen arteko zubiak. Estatuek geografia profitatu dute komunitateak bereizteko. Urmugak ez gaitu bereizten; Urmugak batzen gaitu.

Ze helburu bilatzen ditu?

Ekimen nazional bat dugu Urmuga. Musika eta mendizaletasuna bultzatzeaz gain, euskaraz bizitzeko aukera izango da, eta genero berdintasunari ere arreta handia jarriko diogu.

Ibilbidean zehar ikusgarria da zein ederra den gure Euskal Herria, baina baita ere, ze basakeria egin diren. Natura zaindu egin behar dugu.

Aldarrikapena ere izango duzue eta Pago Zaharra zaintzaren alde.

Pago Zaharra, pago motz bat da. Aramaion dago, jabetza pribatua duen lur eremu batean, pinudiz inguraturik, Jarindo bide bazterrean. Iaz handik igarotzerakoan Pago Zaharrarekin topo egin eta berarekin solasten hasi nintzen.

– Zenbat urte duzu? – galdetu nion.

– Ez naiz oroitu ere egiten – esan zidan.

– 200 urte inguru?

– Gehiago, uste dut.

Gero jakin nuen 250 urte inguru izango dituela. Bistan da arriskutan dagoela, dagoen tokian egonda, eta hainbeste urte izanik. Jabeak ados daude Urmuga Elkartetik Pago Zaharra babesteko proposatzen dugunarekin. Aramaioko Udala ere, prest dago laguntzeko.

Hainbat jarduera egingo dugu.

Pago Zaharraren inguruak zertxobait garbituko ditugu, 4-5 pinu kenduko dira. Bere inguruan hesi bat ipini, kromlech edo mairu-baratze moduko bat eraikiz bere inguruan. Panel bat ipini nahi dugu adieraziz zein den gure Pago Zaharra. Jon Ugarte (basozaina) eta Imanol Biain (Oñatiko Natura Eskolako zuzendaria eta basozaina) arduratuko dira argibideak idazten. Pago motxak zer diren, zuhaitz zaharren garrantzia biodibertsitaterako, Pago Zaharrak zenbat urte dituen eta zuhaitzen adin inguruko kontuak agertuko dira argibide horietan.

Argibide batzuk ere emango ditugu. Esaterako, Pago Zaharra jaio zen urtean, 1771. urtean, Euskal Herrian baztanga izurritea egon zela.

Pandemiak aipatu dituzula, nola saihestuko duzue egungo egoera?

Iazko eskarmentua dugu. Aurtengoa iazkoaren antzeko egoera izan daiteke. Eta hartu genituen neurriekin ez zen kasu bakar bat ere eman. Mendian ez gara batera joaten, tarteak mantetzen ditugu, muxukuak ere behar direnean jartzen ditugu. Kontzertuak naturgunetan ospatzen dira, eta ikuslego-kopurua ondo neurtuko dugu, arduratsu jokatuz.

Ikastaroak ere eskeiniko dituzue?

Mendi Zeharkaldi Eskolak gazteengan mendizaletasuna errotzeko helburua du, eta era praktikoan garatuko dugu. Mendizaletasunaren baloreak azpimarratuko ditugu, dena ez dela erronka, alegia, naturarekiko errespetua, mendizaleen arteko elkartasuna. Oinarrizko formazio teknikoa ere eskeini nahi dugu: ipar-orratza eta maparen erabilera adibidez. GPSa ondo dago, baina ezin ditugu ahaztu betiko tresnak.

Non eman daiteke izena URMUGAra joateko?

Hona hemen non aurkitu daitezkeen argibideak, Mendi Ibilaldiaz zein Kontzertuetaz:

Urmuga: urmuga.eus webgunean aurkitu dezakezue argibideak, edo info@urmuga.eus eposta helbideera idatziz.

Mendiak eta Herriak, mendi gidari elkartea: Telefonoz,948513233. Bestela, mendiaketaherriak.eus webgunean ere daude argibideak, eta idatziz: info@mendiaketaharriak.eus eposta helbidean.

ELKARRIZKETAK/MENDIA