ARRAUNA
Ez da jokatuko distantzia luzeko aulki mugikorreko Gipuzkoako txapelketa
Urtarrilaren 14an ateratako oharrean zioenez, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako azken dekretuaren arabera, eta, kontsulta egin ostean, egutegian zituzten estropadak antolatzeko baimena zutela baieztatu zioten Gipuzkoako Arraun Federakundeari, beti ere, antolatu beharreko herrian metatutako inzidentzia 500 biztanletik behera egotekotan.
Hartara, pandemiaren bilakaeraren jarraipena egin beharra zuen Gipuzkoako Arraun Federazioak, baina argituta zuten printzipioz urtarrilaren 24an Hondarribian berrekingo ziotela egutegiari, Gipuzkoako distantzia luzeko txapelketarekin.
2021eko urtarrilaren 24an (igandea), 12:00etan, Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Distantzia Luzeko Txapelketa ospatzekoa zen, Bidasoa ibaiaren estropada eremuan, Gipuzkoako Arraunketa Federazioak antolatuta, eta Hondarribia Arraunketa Elkartea klubaren laguntzarekin.
Prest zuten osasun protokolo zorrotza, zeinean neurri hauek ezartzea erabakia zuten:
COVID-19 JARDUKETA-PROTOKOLOA · Kirolari guztiek musukoa erabili beharko dute uneoro. Ontziaren barruan daudenean kendu ahal izango da, beti ere ontziratzeko pantalana utzi ondoren. · Ezin izango dira sei lagunetik gorako taldeak egin, eta inola ere ezin izango da harremanik egon klub desberdinetako pertsonen artean. · Kirolari eta klub bakoitzari ontziratzeko gune bat esleituko zaio, eta errespetatu egin beharko da. Ontziratzean eta lehorreratzean, ez pilatu pantalanetan. · Klubei eskatzen zaie, pilaketarik izan ez dadin, senitartekoei eta zaleei estropada ikustera ez joateko jakinaraztea. · Guztion ardura izango da Eusko Jaurlaritzak eta Federazio honek ezarritako indarrean dagoen araudia betetzea. · Norbaitek neurri horietakoren bat betetzen ez badu, klubaren deskalifikazioa eta dagokion zehapena ekar ditzake.
Baina azkenean ez da jokatuko aipaturiko lehiaketa, Gipuzkoako Federakundeak ohar baten bidez jakinarazi duenez, COVID19 gaitzak lurraldean izan duen bilakaera aintzat hartuta, eta osasun publikoa bermatze aldera.
Hain zuzen, atzo bertan jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak astelehenetik aurrera neurri gogorragoak egongo direla indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; besteak beste, udalerri guztiak itxiko dituzte, eta ezingo dira lau pertsona baino gehiago elkartu, ez eremu pribatuan, ez publikoan.
Federazioak azaldu du erabakia aho batez eta pena handiz hartu dutela, eta goraipatu nahi izan dute klub eta kirolari guztiek egindako lana. Halaber, bizitzen ari garen egoera zaila bada ere, esperantzari zirrikitua bilatu nahi izan diote eta etorkizunean garai hobeak iritsiko direnaren ustea azpimarratu dute.
2022ko EMFaren mendiko lasterketen egutegia zehaztu da
Martxoaren 19an emango zaio hasiera denboraldi berriari
Jone Zabaleta eta Thierry Ndikumwenayo garaile Amurrioko Krosean
Emakumeetan Aratz Rodriguez eta Onditz Iturbek osatu zuten podiuma, eta gizonetan Rodrigue Kwizera eta Pablo Sanchezek
Antzuolako 8 Milak, otsailaren 20an
Urtarrilaren 8an irekiko dute proban parte hartzeko izen-ematea