EUSKAL SELEKZIOA/MENDI LASTERKETAK

Euskal Selekzioko Mayi Mujika eta Julen Martinez de Estibariz bosgarren postuan Olympo mendian

2019/06/29

MAYI MUJIKA ETA JULEN MARTINEZ DE ESTIBARIZ OLYMPUS MENDIAN GORATU DIRA

Olympus (Grezia) mendiaren itzalean jokatu da 2019ko Munduko Koparen zazpigarren proba. Bertan, Mujikak eta Mtnz. de Estibarizek, bosgarren postu bikain batean amaitu dute. Biek, urrian, Limone Sul Gardan (Italia), jokatuko den finalean egoteko txartela ziurtatu dute.

Elgoibarko korrikalariak, Mayi Mujikak, mendi lasterketetako Munduko Kopan goranzko bidean jarraitzen du. 2019an jokatu dituen lau lasterketetan, onenen artean amaitzea lortu du. Grezian, 44 kilometroko eta 2300 metroko desnibel positiboa zituen Olympus Maratoian, lehen hamarren artean sartzea lortu du beste behin, eta edonorekin lehian ibiltzeko moduan dela erakutsi du. Elisa Desco italiarrak (5;14,18) irabazi, eta errekorra egin duen lasterketan, Mujikak, bosgarren postuan amaitu du (5;40,59). Lesio batetik zetorren Euskal Selekzioko beste emakumeak, Maite Etxezarretak, lasterketa amaitzea lortu du Munduko Kopako estreinekoan. Lesioa eta gero, badirudi berriro ere kopan ikusteko aukerekin izango dugula.

Gizonezkoetan, Julen Martinez de Estíbariz (4;38,45) arabarra izan da onena. Berak ere, bosgarren postuan amaitu du, Zaid Ait Malek (4;31,47) espainiar-marokoarrak irabazi duen lasterketa. Estibarizek ere, Mujikak bezala, lasterketan bildu dituen puntuekin, urrian, Limone sul Gardan jokatuko den finalean egoteko aukera izango du. Selekzioko beste kideak, Beñat Katarainek, lasterketa amaitzea lortu du. Azken hilabete gogorra eta gero, zegamarrak ez du Munduko Kopako beste probarik jokatuko. Hurrengo erronka, Gorbeia Suzien lasterketa izango du.

Munduko Kopako hurrengo proba, Barrueran (Herrialde Katalanak) jokatuko da, uztailaren 14an, Buff Epic Trail lasterketan. Lasterketak, 42 kilometroko luzera eta 3325 metroko desnibel positiboa izango ditu. Bertan egongo diren korrikalarien zerrenda, uztailaren 11n emango dute hautatzaileek.

Share This