EUSKAL PILOTA
Euskal Selekzioak 5 final eta 2 titulo lortu ditu Trobada Mediterranea txapelketan
Argazkiak: Euskal Pilota Federazioa
C.I.J.B. erakundeak Euskal Pilota Federazioa bere kide bezala onartu zuenetik, joko zuzenen Euskal Selekzioa nazioarteko txapelketetan aritzen da eta ibilbide horri jarraiki pasa den asteburuan nazioarteko federakuntzak antolatzen duen Trobada la Mediterranea txapelketan parte hartu zuen Valentziako Simat de la Valldigna eta Benifaró udalerrietan.
Euskal Selekzioa, Valentzia, Catalunya, Italia, Portugal eta Frantziako selekzioetako ordezkarien aurka lehiatu zen senior mailan urriaren 8tik 10era, wall-ball (emakumezko eta gizonezkoetan), joko-internazionala (emakumezko eta gizonezkoetan) eta llargues (gizonezkoetan) modalitateetan.
Txapelketa bikaina jokatu dute Euskal Pilota Selekzioko neska-mutilek. Jokoan egon diren 5 finaletan parte hartu dute eta horietatik bi irabazi dituzte. Txapelketa ostiralean hasi zen Benifairó de la Valldigna herrian eta bertan One Wall-eko espezialitateko ligaxka fasea jokatu zuten gizonezkoetan eta emakumezkoetan. Hauek izan ziren Euskal Pilota Selekzioak izandako emaitzak:
Emakumezkoetan:
EUSKAL SELEKZIOA VS VALENTZIA: 21-20/16-21/9-11.
EUSKAL SELEKZIOA VS ITALIA: 21-3/21-12.
Gizonezkoetan:
EUSKAL SELEKZIOA VS PORTUGAL: 21-0/21-4.
Emakumezkoetan, hasiera gogorra izan zuten, gaur egungo Europako txapeldunen aurka lehiatu behar izan zuten eta. Lehen jokoan ikaragarri jokatu zuten euskaldunek eta estu estu, baina garaipena lortu zuten. Bigarrenean ordea, Valentziarrak gehiago izan ziren eta 16-21eko emaitzarekin hirugarren joko erabakigarria behartu zuten. Azken joko erabakigarrian markagailua oso berdinduta joan zen baina azkeneko tantuak Valentziarrentzat izan ziren eta azkenean 9-11 irabazi zuten. Bigarren partidua nagusitasunez irabazi zuten Italiarren aurka.
Gizonezkoetan berriz, oso erraz irabazi zuten portugaldarren aurka eta txapelketa irabazteko faborito nagusiak zirela erakutsi zuten Euskal pilota Selekzioko pilotariek.
Larunbat goizean Joko Internazionala espezialitatearen txanda izan zen Simat De la Valldigna herrian. Hauek izan ziren goizean zehar izandako emaitzak:
Emakumezkoetan:
Liga fasea:
EUSKAL SELEKZIOA VS VALENTZIA: 4-6.
EUSKAL SELEKZIOA VS ITALIA: 6-1.
Gizonezkoetan:
Liga fasea:
EUSKAL SELEKZIOA VS PORTUGAL: 6-0.
EUSKAL SELEKZIOA VS KATALUNIA: 6-4.
Finalerdiak:
EUSKAL SELEKZIOA VS ITALIA: 6-3.
Finala:
EUSKAL SELEKZIOA VS VALENTZIA: 5-6.
Ostiralean One Wallean gertatu bezala, emakumezkoen Joko Internazionalean amore eman behar izan zuten Valentziaren aurka lehen partiduan baina espezialitate honetan oso lehiakorrak zirela erakutsi zuten. Bigarren partiduan nagusitasunez irabazi zuten Italiarren aurka eta emaitza horrekin igandean jokatu zen finalerako txartela lortu zuten.
Gizonezkoetan txapelketa guztia jarraian jokatu zen, liga fasea, finalerdiak eta finala, hain zuzen ere. Liga fasean portugaldarren aurka oso errez irabazi zuten eta bigarren partiduan zuten guztia eman behar izan zuten Kataluniako selekzioaren aurkako lehian. Finalerdiko norgehiagoka italiarren aurka jokatu zuten eta partida porrokatu baten ostean finalerako txartela lortu zuten. Finalean, Europako egungo txapeldunen aurka jokatu zuten eta sekulako partidu bat jokatu ostean 6-5 (jokoak) galdu zuten.
Arratsaldean, One Walleko liga faseko azken partiduak eta finalerdiak eta finala jokatu ziren. Hauek izan ziren Euskal Pilota Selekzioak lorturiko emaitzak:
Emakumezkoetan:
Liga fasea:
EUSKAL SELEKZIOA VS KATALUNIA : 21-7 / 21-12.
Finala:
EUSKAL SELEKZIOA VS VALENTZIA: 21-16 / 19-21 / 11-9.
Gizonezkoetan:
Liga fasea:
EUSKAL SELEKZIOA VS KATALUNIA: 21-12 / 21-7.
Finalerdiak:
EUSKAL SELEKZIOA VS ITALIA: 21-9 / 21-9.
Finala:
EUSKAL SELEKZIOA VS VALENTZIA: 21-16 / 20-21 / 6-11.
Emakumezkoetan, liga fasea, Kataluniako selekzioaren aurka bukatu zuten garaipen eroso batekin eta finala Valentziaren aurka jokatu behar izan zuten. Gure pilotariek ikaragarrizko lehenbiziko jokoa jokatu ondoren 21-16 gailendu ziren. Bigarrenean, irabazita izan zuten jokoa 20-21 galdu zuten. Txapelketa, hirugarren eta azken jokoan erabakiko zen, non garaipena 11-9 Euskal Pilota Selekzioaren alde erori zen (11-9).
Gizonezkoetan, Euskal Pilota Selekzioa faborito zen eta hutsik egin gabe arratsaldeko azken finalean sartu ziren. Finalerdietan Italia gainditu zuten (21-9, 21-9) eta finala Valentziaren aurka jokatu zuten. Lehenbiziko jokoa nagusitasunez irabazi eta gero, bigarren jokoan 20-18 aurretik jartzea lortu zuten eta txapelketa irabazteko 3 pilota izan ostean 20-21 galdu zuten. Honek, psikologikoko asko eragin zien gure pilotariei eta hirugarren joko erabakigarrian amore eman zuten.
Igande goizean emakumezkoen Joko Internazionaleko finala eta gizonezkoen Llargues espezialitateko final zuzena jokatu ziren. Hauek izan ziren emaitzak:
Emakumezkoen Joko Internazionala:
Finala:
EUSKAL SELEKZIOA VS VALENTZIA: 4-6.
Gizonezkoen Llarguesa:
Finala:
EUSKAL SELEKZIOA VS VALENTZIA: 8-5.
Emakumezko Joko Internazionalean markagailuan aurretik joan eta gero, azken txanpan Valentziarrek aurrea hartu eta 4-6 estu batekin irabazi zuten txapelketa.
Gizonezkoen Llargues espezialitatean, Euskal Selekzioak eta Valentziak zuzenean finala jokatu zuten eta gure taldeak txapelketako sorpresa haundiena erdietsi zuen valentziarren espezialitate propioa den modalitatea historian lehenbizikoz irabazita eta beraien etxean gainera. Gure mutilek ikaragarrizko finala jokatu zuten eta 8 joko 5 jokoren aurkako markagailu eroso batekin txapelketako azken finala irabaztea lortu zuten.
TROBADA MEDITERRANEA TXAPELKETA
Egutegia:
Urriak 8:
Wall-Ball ligaxka, gizonezko zein emakumezkoetan.
Urriak 9:
Ligaxka, finalerdia eta finala Joku Internazionalean, gizonak eta emakumeak.
Wall-Ball ligaxka eta finala, gizonak eta emakumeak.
Urriak 10:
Llargues, gizonezkoak.
Modalitateak:
Wall-Ball: gizonak zein emakumeak.
Joku Internazionala: gizonak zein emakumeak.
Llargues: gizonak.
Nazio partehartzaileak honakoak izan dira: Euskal Herria, Valentzia, Catalunya, Italia, Portugal eta Frantzia.
Euskal Herriko selekzioa berriz, honakoek osatu dute:
Jose Mari Mitxelena: hautatzailea.
Leire Garai (Araba).
Miren Larrarte (Gipuzkoa).
Naroa Agirre (Gipuzkoa).
Olatz Ruiz de Larramendi (Nafarroa).
Egoitz Amantegi (Bizkaia).
Ibai Cimadevilla (Bizkaia).
Lur Ziarrusta (Bizkaia).
Mikel Beldarrain (Bizkaia).
Pantxo Valencia (Lapurdi).
Gogoratu beharra dago, uztailaren hasieran Euskal Herriko Pilota Selekzioa Valentziar selekzioaren aurka lehiatu zela Oiartzunen, joku zuzeneko hainbat modalitatetan: bote luzea, plaza librea, mahi jokoa eta pasaka.
Joko zuzenak pilota modalitate zaharrenak diren arren, Euskal Selekzioa nahiko berria da halako txapelketetan, orain dela gutxi berreskuratu baitira joko molde hauek gurean.
Txapelketaren balorazioa egiterakoan, Valentziari esker ona erakutsi nahi izan zion Euskal Herriko selekzioak, ofizialtasunerako bidean egindako aurrerapausuengatik. Izan ere, CIJB munduko esku pilota elkarterik zaharrena da, eta Euskal Herria bertako partaide da. Espainia bezala jokatzen zutenak valentziarrak ziren, baina Valentziako jokalariek uko egin zioten Espainiaren ordezkari bezala jokatzeari. Horregatik, orain pilotari euskaldunek Euskal Herria ordezkatuz jokatzen dute, 2016az geroztik.
‘Bada garaia. Martxoaren 23an, denok San Mamesera’
Euskal Herria Kirola elkartearen oharra
Pilotaren ofizialtasuna Nazioarteko Federazioaren mahai gainean
Ezohiko Batzar Orokorra deitu du Euskal Herriko Pilota Federazioak egindako eskaera ebazteko
Emaitza bikainak lortu ditu Pilotako Euskal Selekzioak Munduko Txapelketan
Altziran jokatu da C.I.J.B Erakundearen Munduko txapelketa