HERRI KIROLAK/SOKATIRA
Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketa jokoan da
Euskal Herriko Goma Gaineko Euskal Herriko zortzinakako Txapelketari ekin diote urte hasierarekin batera
Euskal Herriko zortzinakako goma gaineko sokatira txapelketa Azkoitian abiatu zen larunbatean, gizonezkoen zortzi taldek aritu zirelarik lehian 680 kilotan eta jardunaldi bakarrera eta Beti Gaztek lortu zuelarik txapela janztea.
Honetaz aparte, emakumezkoen 540 kiloko lehen jardunaldian eta gizonezkoen 640koan ere nagusitu ziren. Horrela, 2019. urtean lesakarrek bereganatutako nagusitasunari eutsi diote, izan ere Euskal Herriko launakako txapel guztiak irabazi zituzten Beti Gazte sokatira taldeko neskek eta mutilek.
Esan bezala, Lesakako Beti Gazteko zortzikoteak erraz irabazi zuen beste behin ere 680 kilotako txapela, tiraldi guztietan aise nagusituta. Beti Gazteko zortzikotean, Karmelo Mitxelena, Joxe Angel Mitxelena, Mikel Apeztegia, Oskar Telletxea, Beñardo Iantzi, Beñat Ordoki, Eneko Saldias eta Gerardo Telletxea aritu ziren tiran, Paskual Taberna eta Unai Gurrutxaga laguntzaile zituztela.
Sailkapena honela gelditu zen: txapelduna Beti Gazte 21 puntu, Zuraide A (15), Goiherri (15), Ibarra (13), Murueta (4), Zuraide B (3), Abadiño (2) eta 6 Conceyos (0).
Bitxikeria gisa aipatu behar da asturiaseko talde batek txapelketan parte hartuko duela eta baita ere Iparraldetik Zuraide bi talderekin lehiatu zela, oso itxura ona emanda.
Azkoitiko saioan, emakumezkoen 540 kilotako lehen jardunaldia jokatu zen (pisu berean beste bi jokatuko dira) eta hemen ere Beti Gaztek garaipena erdietsi zuen. Txantrearen aurkako tiraldietan berdindu egin bazuten ere, gainerako guztiak irabazi eta 10 puntu eskuratu zituzten. Atzetik, bigarren Badaiotz (9), hirugarren Txantrea (7), laugarren Gaztedi, (3) eta Ibarra (0).
Igandean aldiz, Mungiako Jose Antonio Agirre kiroldegian gizonezkoen 640 kiloko txapelketako lehen jardunaldiaren txanda izan zen. Zortzi talde aritu ziren denak denen aurka. Beti Gazte izan zen garaile 8 punturekin eta atzetik sailkatu ziren Ibarra (7), Zuraide A (6), Murueta (5), Txantrea (4), Zuraide B (3), Abadiño (2) eta Antsoain (1).
Hurrengo jardunaldien egutegia:
-Urtarrilaren 18an Burgelun, larunbata, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, 600 kiloko gizonezkoetan eta 540 kiloko emakumezkoetan neurtuko dituzte indarrak. Astebukaera horretan, igandean baina, Altamiran (Busturia auzoan 11:30tan), 640 kiloko gizonezkoak arituko dira nor baino nor.
-Urtarrilak 25ean, 640 kiloko kategoriako gizonezkoak eta 540 kiloko emakumezkoak (azken egunak) izango dira aurrez aurre Idiazabalen.
-Otsailaren 1ean, oraindik zehaztu gabeko arabako herriren batean, 600 kiloko gizonezkoak eta 500 kiloko emakumezkoak lehiatuko dira.
-Otsailaren 8an Ibarran, 600 kiloko gizonezkoak (azken egunak) eta 500 kiloko emakumezkoen txanda izango da.
-Otsailaren 15ean berriz, Berriozarren, 560 kiloko gizonezkoak eta 500 kiloko emakumezkoak (azken egunak).
Eta azkenik, otsailaren 16an, Ezkabarten goizeko 11,30tan hasita, 580 kiloko kategoria mistoko txapelketa jokatuko da, egun bakarrera.
Talde partehartzaileak:
Gizonezkoak:
-680 kilokoan, Ibarra, Beti Gazte, Goiherri, Zuraide A, Zuraide B, 6 Conceyos, Abadiño eta Murueta taldeak.
-640 kilokoan, Ibarra, Beti Gazte, Antsoain, Zuraide A, Zuraide B, Txantrea, Abadiño eta Murueta taldeak.
-600 kilokoan, Ibarra, Beti Gazte, Berriozar, Antsoain, Txantrea, Gaztedi eta Murueta taldeak.
-560 kilokoan, Ibarra, Beti Gazte, Berriozar, Txantrea, Gaztedi eta Murueta (azken honen parte hartzea zalantzan dago) taldeak.
Emakumezkoak:
-540 kilokoan, Ibarra, Beti Gazte, Txantrea, Badaiotz eta Gaztedi taldeak.
-500 kilokoan, Ibarra, Beti Gazte, Antsoain, Txantrea, Badaiotz eta Gaztedi taldeak.
Mistoa: 580 kilokoan, Ibarra, Beti Gazte, Berriozar, Antsoain, Txantrea, Bizindar, Gaztedi A eta Gaztedi B (azken honen parte hartzea ez da ziurra) taldeak.
Beti Gaztek jantzi du Euskal Herriko sokatira txapelketako lehen txapela
Zuraide izan zen bigarren, Ibarra hirugarren eta Ñapurrak laugarren
Gaztedik irabazi du Bizkaiko sokatira txapelketa
Laukizko taldea emakumeetan nahiz gizonetan nagusitu da
Euskal Herriko launakako txapelketa mistoa irabazi du Beti Gaztek
290 kiloko kategoriako 21 urtez azpiko txapelketan berriz, Goiherri A taldea izan zen txapelduna