HERRI KIROLAK/SOKATIRA

Beti Gaztek jantzi du Euskal Herriko sokatira txapelketako lehen txapela

by | 2022/01/12

Argazkiak: egursport.com

Asteburu honetan abiatu da Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketa eta Beti Gazteko lesakarrek lortu dute dagoeneko lehenengo txapela, aspaldiko partez mantentzen duten garaipen boladari jarraipena emanda.

Larunbatean Ibarran (Gipuzkoa) jokatu zen 680 kiloko txapelketa, pisurik astunenarena, jardunaldi bakarrean eta Beti Gazte nagusitu zen tiraldi guztietan. Zuraide izan zen bigarren, Ibarra hirugarren eta Ñapurrak laugarren. Muruetak ez zuen azkenean parte hartzerik izan.

Beti Gazteko zortzikote txapeldunean Karmelo Mitxelena, Lander Landiribar (Amaiur), Oskar Telletxea, Guy Larralde (Ezpeleta), Beñat Ordoki, Beñardo Iantzi, Eneko Saldias eta Julen Palenzuela aritu ziren tiran, Paxkual Taberna entrenatzaile eta Ander Mitxelena laguntzaile zutela.

SAILKAPENA

1 Beti Gazte 4 puntu

2 Zuraide 3 puntu

3 Ibarra 2 puntu

4 Ñapurrak 1 puntu

Euskal Herriko Sokatira txapelketaren egutegia

-Urtarrilaren 16an gizonezkoen 640 kiloko bigarren jardunaldia eta emakumezkoen 540 kiloko lehen jardunaldia jokatuko dute Bilboko La Casillan.

-Urtarrilaren 22an, gizonezkoen 640 kiloko finala eta emakumeen 540 kiloko jardunaldia jokatuko Berangon.

-Urtarrilaren 29an, emakumezkoek 540 kiloko azken jardunaldia eta gizonezkoen 600 kiloko aurrenekoa jokatuko dute Bakion.

-Otsailaren 5ean Erandion (Bizkaia), gizonezkoen 600 kiloko bigarren jardunaldia eta emakumeen 500 kiloko lehena jokatuko dute.

-Otsailaren 12an jokatuko dute gizonezkoen 600 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia eta emakumezkoen 500 kiloko bigarrena, oraindik zehaztu gabe dagoen herrian.

-Otsailaren 19an, txapelketa mistoa (580 kilo) lehiatuko da egun bakarrean, Ibarran.

-Otsailaren 26an, azkenik, emakumezkoen 500 kiloko hirugarren eta azken jardunaldiaz gain, gizonezkoen 560 kiloko txapela jokatuko da egun bakarrean Ibarran.

Share This