EUSKAL PILOTA
Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa Nazionala irabazi du Irurtzunek
Argazkiak: Pilota Bizi
Pasa den igandean, azaroak 7, jokatu zen Zumarragan VI. Euskal Herriko kluben arteko pilota txapelketako finala, Irurtzun eta Lemoa taldeen artekoa, 11.00etatik aurrera Beloki pilotalekuan.
Iaz pandemiagatik atzeratu zen txapelketako finala izan zen, eta 2019. urtean txapelduna izandako Irurtzun faboritoa bazen ere, Lemoak talde sendoa zuen eta lehia bizia espero zen.
Gogoratu beharra dago Lemoak bere finalerdian Ultzamako Buruzgain klubari gailendu zitzaiola eta Irurtzunek berriz, Oberena klubari irabazi ziola bigarren finalaurreko norgehiagokan.
Finala hasi aurretik, pilotaren alde lan egin duten hainbat lagun omendu zituzten: Zumarragako Antonio Elizondo eta Jose Antonio Aldama, Tolosako Aurrera Saiaz klubeko Luis Galarraga eta Andres Aramendi, Zegamako Tartaloetxe klubeko Juan Mari Gereñu, Burlatako Zugarralde klubeko Felix Miguel eta Amurrioko klubeko Jon Guerrero.
Finalari hasiera eman zion lau eta erdiko partidan Alberto Ongay profesional ohiak eman zion lehen puntua Irurtzuni Aitor Etxebarriari 18-9 irabazita. Ongayk erritmo bizian jokatu zuen eta indartsu astindu zuen pilota, partida erditik aurrera erabat nagusitu zelarik.
Jarraian Buruz Buruko partida jokatu zuten Julen Retegik (Irurtzun) eta Josu Aurrekoetxeak (Lemoa). Norgehiagokaren hasieran Aurrekoetxeak Retegi estutu zuen eta aurretik jarri zen markagailuan (7-8) baina azkenean Retegik partidari buelta eman zion garaipena eskuratuz.
Jadanik txapela erabakita zegoela, finaleko azken partida jokatu zen, binakakoa, Irurtzungo bikoa, Josu Olaetxea eta Iosu Bergera, eta Lemoakoaren artean (Ander Elezkano-Markel Egaña).
Irurtzungoek garaipena eguneko partidarik errazenarekin borobildu zuten, Olaetxea-Bergerak 22-4 irabazi zietelarik Elezkano I.a-Egañari. Irurtzunek, beraz, bigarren txapela lortu du jarraian eta goi mailako taldea duela erakutsi zuen beste behin.
Berriatuan jokatuko da 2019ko Banakako Zesta-Punta txapelketa
Abenduaren 13an hasi eta finala 27an jokatuko da Munduko Pilota Batzarrak antolatutako txapelketan
Ireki da Ezker Paretako Euskal Herriko kluben arteko txapelketako epea
Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Iparralde eta Nafarroa Garaiko federazioetako klubak arituko dira
Bizkaia da Euskal Herriko Bote Luzeko txapelduna
Igande honetan Berrizen jokatutako finalean 7-3 irabazi zion Gipuzkoa Bi taldeari