MENDI LASTERKETAK
Euskal Herria Mendi Erronka lasterketa bertan behera utzi dute
EHME lasterketaren antolakuntza taldeak, azken aldian Covid-19 gaitzak sortutako ezohiko egoeraren aurrean, lasterketa bertan behera uztea erabaki du
Kaleratu duten oharrean nabarmendu dute mendi lasterketa soilaz gain, bere oinarrian beste helburu batzuk ere txertatuta dituen kirol ekimena dela haiena, Euskal Selekzioen ofizialtasuna, Mendialdea-Aralar eskualdearen garapena, ingurumenaren babesean eragitea edo euskararen sustapena, besteak beste.
Hori guztia aurrera eraman ahal izateko auzolana behar-beharrezkoa dela eta horretan oinarritzen dutela eguneroko lana gaineratu dute, eta une honetan Covid-19 pandemiak sortutako nahasmen eta ezohiko egoeraren aurrean, beste lehentasun batzuk badaudela uste dutenez, bidezkoena EHMEk mugitzen duen auzolana beste norabide batean bideratzea dela erabaki dute, osasun larrialdi egoera hau gainditu bitartean behar duenari laguntza eskaintzera alegia.
Gauzak horrela, 2020ko ekitaldirako izena eman duten korrikalari guztiei dortsalaren %100 itzuliko zaie eta bide batez eskerrak eman nahi izan dizkiete lasterketaren oinarria osatzen duten boluntario eta laguntzaileei ere.
Hurrengo urterako hitzordua ere finkatu dute dagoeneko, izan ere, 2021eko EHME ekitaldia ekainaren 5ean izango dela erabaki dute.
Iaz bezela, 2020.urteko ekitaldian ere bi modalitate desberdin zituen lasterketak:
EHME lasterketa (traila): lasterketa honek 67 km. eta 7.200 metroko desnibel metatua ditu Mendialdea-Aralar inguru menditsu ikusgarrian barrena (Araitz-Betelu, Larraun-Lekunberri eta Leitzaldea). Hasiera eta helmuga puntuak Leitzan daude.
EHME errelebo-lasterketa: EH Mendi Erronka lasterketaren ibilbide berdina du, baina emakumeen parte-hartzea sustatzeko asmoz bikoteka erreleboetan egin ahal da, bietako batek, gutxienez, emakumea izan behar duelarik. Lehenengo lasterkariak irteera puntutik Putzuzarreko anoagunerainoko zatia egiten du. Putzuzarren erreleboa eman beharko dio bikoteari eta bigarren horrek Putzuzarretik Leitzako helmugaraino geratzen den zatia egiten du.
Aurten EHME lasterketan UTMB (Ultra Trail Mont Blanc) puntuak lortu ahal ziren, hots, lasterketa amaitzen zuten guztiek 3 puntu lortuko zituzten bertan parte hartzeko. ITRArako ere puntuagarria izan behar zuen EHME lasterketa.
Ainhoa Sanzek errekorra jarri du Cap de Creuseko mendi trailean
Urretxuarrak irabazi zuen 2:02:26 denbora eginda eta Oihana Kortazar elgetarra bigarren izan zen, bi minutura
Jon Erguin eta Maria Gomez nagusi Urduñako Mendi Duatloian
Emakumezkoetan Maria Gomez izan zen lehena, Mayi Mujika bigarren eta hirugarren Enara Oronoz. Gizonetan, Jon Erguin, Josu Urresta eta Alexander Ordeñana
Gontzal Murgoitio eta Onditz Iturbe nagusi Sorginen Lasterketan
Gizonetan, bigarren Xabier Zarranz izan zen eta hirugarren Beñat Katarain. Emakumeetan, bigarrena Oihana Azkorbebeitia eta hirugarrena Eztizen Duque