BOXEOA
Euskal Herria-Ingalaterra, nazioarteko boxeo ekitaldia ekainean
MGZ empresa sustatzaileak boxeoaren mundura berrikuntzak eramateko asmoarekin jarraitzen du eta honakoan Euskadi-Ingalaterra nazioarteko gau ekitaldia antolatu du
Kerman Lejarraga eta Andoni Gago MGZren ikur bilakatuta, Bizkaia Frontoia, BEC edota Bilbao Arenan lorturiko ikusle uholdeek erakusten dute fin dabiltzala haien egitasmoak aukeratzerakoan.
Oraingoan, eta koronabirusak sorturiko egoerak ahalbidetzen badu behintzat, nazioarteko lehia ezin interesgarriagoa dakarkigute: Euskal Herria-Ingalaterra norgehiagoka ekainaren 6rako.
Boxeolari profesionalei mugatutako ekitaldia izango da, eta lehia garrantzitsuenak Andoni Gago (23-3-3) izango du protagonista, izan ere, Gavin McDonell-en (22-2-2) aurrean defentatuko du berea den pisu arineko Europako zinturoia. Etsai gogorrarekin neurtuko ditu indarrak Gagok, McDonell “super gallo” kategoriako Europako txapeldun ohia da, eta birritan borrokatu da kategoria horretako munduko txapela lortzeko asmoz, bi lehiak galdu bazituen ere (Rey Vargasen aurka puntuetara eta Daniel Romanen kontra KO erori zela hamargarren asaltoan).
Kerman Lejarraga (30-2) ere arituko da borrokan, superwelter kategorian, eta oraindik aurkaria zehaztu ez bada ere, Ingalaterran kategoria horretan maila handiko boxeolariak badaude eta antolakuntzak ziurtatu duenez, Lejarragaren neurriko lehiakidea izango da ringaren gainean.
Bere azkeneko borroka Navarra Arenan izan zen otsailaren amaieran, Jesus “Changuito” Macias mexikarraren aurka, non azkenean garaipena lortu zuen baina Maciasek erakutsitako ikaragarrizko kemenaren aurrean sekulako ahalegina egin behar izan zuen.
Ekaineko ekitaldian, berriki Espainia mailako superwelter txapelduna den “Infierno” Soria naparrak (9-0) parte hartuko eta era berean, Ibon Larrinaga (13-3) eta Jon Miguez (11-0) getxoztarrak ere arituko dira. Azken biak, aurreikusitak zituzten borroketan ezin izan dute esku hartu, koronabirusaren pandemiaren eraginagatik. Larrinaga pasa den martxoaren 13an borrokatzekoa zen Urdulizeko Iparralde Arenan Euskadiko Txapelketa Profesionalean, Diego Valtierra (6-2) aurkari zuela. Miguezek aldiz, Bizkaia Frontoian ospatzekoa zen welter kategoriako borrokan, Dickson kanariarraren aurka neurtu behar zituen indarrak baina hau ere bertan behera geratu da.
Bilbao Arenan ospatzekoa den Euskadi-Ingalaterra nazioarteko gau ekitaldi honen kartela, Mungiako Rikar Urrutia eta Otxarkoagako Naiara Olmedok osatzen dute.
Esan bezala, gau ekitaldia ekainaren 6rako zegoen pentsatuta, baina konorabirusak sorturiko egoeraren bilakaeraren arabera hartuko da azken erabakia, kontutan izanda ere, boxeolariek 8-9 asteko entrenamendu tartea behar dutela ekitaldira maila onean iristeko. Ezinezkoa bada aldez aurretik ezarritako data horretan ekitaldia burutzea, udaren ostean egingo da.
Kerman Lejarragaren hurrengo borroka, abuztuaren 8an
Boxeo jaialdi berdinean, Ibon Larrinaga getxoztarra eta Granadako Jhon Carterren arteko borroka ere izango da
Etorkizunarekin amets egiteko boxeo lehia ezin ikusgarriagoak
JonFer-Petrov eta Kerman Lejarraga-“Maravilla” Martinez borrokaldiak, gauzatu daitekeen ametsa
Euskal Herria-Ingalaterra nazioarteko boxeo ekitaldiari begira
MGZ boxeo enpresa sustatzailearen ordezkari den Txutxi del Vallerekin elkarrizketa