ERRUGBIA

Errugbi Euskal Ligen denboraldia amaitu da

by | 2020/05/06

Argazkiak: euskadirugby.eus

Ezohiko Batzar Orokorra burutu zuen Euskadiko Federazioak eta euskal ligen inguruko azken erabakiak hartu zituen

 

Jakina denez, Euskal Ligak etenda geratu ziren martxoan, koronabirusaren ondorioz, eta etorkizunean zer gertatuko zen ez da batere argi egon orainarte.

Astelehen honetan –maiatzak 4- kaleratutako ebazpenean baina, hasiera batean ordura artekoa baliorik gabe uzteko asmoa izan arren, liga horiek bukatutzat ematea erabaki du Federazioak–senior maila, eta 18 eta 16 urtez azpikoak–, ligak eten ziren momentuko sailkapenak aintzat hartuta.

Igoera eta jaitsieren kasuetan beraz, etenaldia hasi aurreko sailkapenak hartuko dira kontuan eta igotzeko postuetan zegoenari mailaz igotzeko aukera emango zaio, jaitsiera postuetan zegoenari ordea, maila eusteko aukera eman diotelarik.

Euskadiko Errugbi Federazioak hartutako beste erabakietako bat da, txapeldunik ez dela egongo lehiaketa amaitu gabe zegoen kasuetan, amaierako sailkapena beste bat izan zitekeelako jokatu gabeko jardunaldi horiek jokatuz gero.

Hartara, ez da inongo txapeldunik izango gizonezko seniorren 1. eta 2. Mailan, ezta 18 eta 16 urtez azpiko kategorietan ere.

Emakumezkoen senior mailan, txapelketa amaituta egonda, irabazletzat jotzen da GETXO errugbi taldea.

Bestetik, Euskadiko Errugbi Federazioko langileei aldi baterako enplegu erregulazioko espedientea izapidetu zaiela jakinarazi dute, hitzartuta zeukaten lanaldia % 80ra murriztu zaielarik. Balioetsi da gutxieneko zerbitzu bat mantendu beharko litzatekeela Euskadiko Errugbi Federazioaren administrazioko barne-kudeaketak egiteko, formakuntza ekintzen zabaltze ez presentziala eta klub, federatu eta orokorrean publikoari arreta, alarma-egoerak iraun eta kirol-jarduera federatuak etenda jarraitzen duen bitartean.

Azkenik, administrazioko eginbeharrak betetzen jarraitu behar direla jakinda, Zuzendaritza Batzordeak martxoaren 24rako aurreikusita zegoen eta alarma-egoeragatik atzeratu zen ohiko bilera ekainaren lehen astean deitu du Federazioak, egoerak ahalbidetzen dituen baliabideak erabiliz, betiere. Ildo horretatik, batzarkideek laster jasoko dituzte deialdiari buruzko informazioa eta erabili beharreko baliabide teknikoen inguruko azalpenak.

Guzti hau kontutan hartuta, eta etorkizunari begira jarriaz, egun inork ez daki 2020-2021 denboraldiak zer nolako bilakaera izango duen. Irail eta urri inguruan hasi izan ohi dira denboraldiko lehen partiduak jokatzen baina Euskadiko Errugbi Federazioak oraindik ez du inongo iragarpenik egin eta posible da abendura arte Euskal Ligak martxan ez jartzea.

Euskadiko Errugbi Federazioak amaitutzat eman dituen kirol txapelketen sailkapenak honela geratu dira beraz:

Share This