EUSKAL PILOTA/ERREMONTEA
Erremontearen Eguna ospatu da Galarretan
Endika Barrenetxeak lortu zuen Urrezko Erremontea Saria aurrenekoz, azkeneko bost urtetan irabazle izandako Urrizari txapela kenduta
Arratsalde osoko festa antolatuta zegoen larunbaterako Galarretan, 16:00etatik aurrera partiduak jokatu ziren eta tartean, musika, kirola, sariak, luntxa… denetarik egon zen, sarrera doakoa zelarik. Iñaki Perurena harrijasotzaileari omenaldia egin zioten ere, sari berezi bat jaso zuelarik bere kirol eta kultur ibilbidea eskertuz.
Garai batean Erremontearen Gala zena da hain justu egun Erremonte Eguna lez ezagutzen dena, non denboraldiko erremontista onenek urteko sariak jaso zituzten, multzo desberdinetan.
Urrezko Erremontea saria, urteko erremontista onenari ematen zaiona, Endika Barrenetxeak irabazi zuen Galarretan ospaturiko Erremontearen Egunean. Sekulako denboraldia egin du atzelari hernaniarrak, Buruz Buruko bi txapelak irabazi dituelarik, garrantzitsuena irailean Kutxabank Txapelketakoa eta Master UTSkoa urtarrilean. Guzti honi gaineratu behar zaio, Binakako Orona Txapelketan eta San fermin Txapelketan txapeldunordea izan zela eta Azpeitiako Torneoa irabazi zuela Aldaberekin batera.
2012an Ezkurrak irabazi zuen Urrezko Erremontea, 2013an Javier Urrizak bere lehenengo txapela eskuratu zuen, Urrezko 2014ean Oriamendi 2010ko koadroa osoa atera zen garaile eta arestian esan bezala, azkeneko bost urteotan Urriza izan da nagusi, orotara sei aldiz irabazi duelarik saria.
Sari nagusia eskuratzeaz aparte, Barrenetxea IV.a A Multzoko (estelarretan ohikoak diren pilotariak biltzen dituena) pelotaririk onena ere izendatua izan zen. B Multzoan ordea, erregulartasunaren saria eskuratu zuen Aldabek. Pasa den urtean, Xanti Uterga doneztebarrak eskuratu zuen A multzoko erremontelari onenaren saria eta Labakak B multzokoarena.
Partidei dagokionez, jaialdiko lehenengoan Aldabe eta Arruartek 40-30 irabazi zieten Goikoetxea V.a eta Zubiriri. Jaialdiko Estelarrean aldiz, bikotea hirukotearen kontra aritu zen, hau da Urriza eta Barrenetxeak osaturiko bikoa, Juanenea-Ezkurra-Ion hirukotearen aurka.
Partida polita eta orekatua atera zen honakoa, erremontistarik onena Ezkurra II.a izan zelarik, hirukotearen lan ona borobilduz. Hasieran parean ibili baziren ere, 12-17 irabazten jarri zen hirukotea, bost tantoko tarte hori zortzi izatera iritsi zelarik. Gorriak suspertu ziren eta asko gerturatu ziren markagailuan (31-32 eta 32-33) baina azkeneko ahalegina eginda hirukoteak lortu zuen partida irabaztea, 35-40ko markagailuarekin.
Amaitzeko, Segurola-Azpiroz eta Matxin III.a-Larrañaga bikoteak neurtu zituzten indarrak eta azken hauek nagusitu ziren 34-40 irabazita.
Otsailaren 29ko emaitzak Galarretan
1. Aldabe-Arruarte 40 / Goikoetxea V-Zubiri 30
2. Urriza-Barrenetxea IV 35 / Juanenea-Ezkurra-Ion 40
3. Segurola-Azpiroz 34 / Matxin III-Larrañaga 40
Plazandreak Txapelketako finala, astelehenean
Finalak abuztuaren 2an jokatuko dira Zornotzako pilotaleku eraberrituan, arratsaldeko 19.30etatik aurrera
Santio Txapelketako finalak jokatu ziren asteazkenean Villabonan
Gazteen mailan Olaizola eta Sorondo, eta nagusien mailan Urmeneta eta Aranguren izan ziren txapela jantzi zutenak
Emakumeen I. Pilota Masterreko lehen jardunaldia jokatu zen igandean
Haizea Salanueva-Irati Ruiz de Azua eta Ane Ibañez–Saez Arzamendi bikoteak nagusitu ziren