EUSKAL PILOTA

Plazandreak Txapelketako finala, astelehenean

2021/08/02

Txapelketa bikain bati merezitako amaiera eman nahi diote Plazandreak saioko finalistek

 

Gainetik kendu ezinda jarraitzen dugun pandemia honek gauzak zaildu jarri dituen arren, Plazandreak txapelketaren bigarren edizioak txapelketa bati eska dakizkiokeen osagai guztiak izan ditu, azken unerako emozioa, oreka, maila ikusgarria, ezustekoak… eta sei astetako ibilbide oparo honi merezitako amaiera ematen saiatuko dira, astelehen honetan Zornotzan Reyes Azkoitia eta Erlantz Garciaren taldeak.

Pasa den astelehenean neurtu zituzten azken aldiz bi talde hauek indarrak eta buruz buruko lehiatan lortutako garaipenei esker Reyes Azkoitiaren taldea –Miren Larrarte, Mirian Arraiza eta Arrate Bergara– nagusitu zen 2-1, baina astelehen honetan edozer gerta daiteke, are gehiago entrenatzaileek euren estrategiak alda ditzaketelako eta, batez ere, aurreko astean konfinatuta egoteagatik jokatu ezin izan zuten Amaia Aldai eta Uxue Oses bueltan izanda, Erlantz Garciak beste karta batzuk jokatu ahal izango dituelako, Leire Garai ahaztu gabe, noski.

Finalak astelehenean, abuztuak 2, jokatuko dira Zornotzako pilotaleku eraberrituan, arratsaldeko 19.30etatik aurrera. Hori bai, orain arteko jardunaldiak ateak itxita jokatu badira ere, finalean legediak baimendutako edukieraren %35a izango da harmailetan. Sarrerak debaldekoak izango dira edukiera muga hori bete arte. 

Finalean gertatzen denaz haratago, emakumeen esku pilota sustatzeko bide horretan emandako aurrera pausoa nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek, batez ere, emakume pilotarien artean dauden belaunaldi desberdinen artean zubi lana egin duelako aurtengo Plazandreak txapelketak. Halaber, argi ikusi da pilotarien maila gora egiten ari dela, nabarmen, eta batez ere, emakumezkoen esku pilotak baduela harrobi emankor bat.

Zornotzako Udalak ere emakumezkoen kirolarekiko duen konpromisoa indartu nahi izan du txapelketa bere instalazioetan hartuz, emakumeen eta gizonen arteko Berdintasunerako III. Planaren baitan, Udala aktiboki ari baita lanean emakumeek gizartean eta kirolean duten eginkizuna sustatzeko eta ikusarazteko.

Share This