EUSKAL PILOTA
Emakumeen I. Pilota Masterra igandean hasiko da Gasteizen
Beti Jai pilotalekuak berriro inauguratzeko ekitaldien barruan, Emakumeen I. Masters Gasteiz pilota txapelketa antolatu dute, uztailaren 25ean eta abuztuaren 5ean eta 8an, esku pilota eta goma-paleta modalitateen hiru saio izango direlarik Mendizorrotzeko Ogeta pilotalekuan.
Txapelketa aurkezteko egindako prentsaurrekoan adierazi dutenez, frontoiak pilota profesionalerako berrinauguratzen diren honetan, espezialista onenetako batzuk kartelean sartzeko ahalegina egin dute. Gauzak horrela, esku pilota eta goma-paleta modalitateetan erreferente diren emakume kirolari nagusietako batzuk bilduko ditu txapelketak, honakoak izango direlarik parte hartuko duten hamasei pilotariak: Haizea Salanueva, Irati Ruiz de Azua, Uxue Agirresarobe, Ariane Arrieta, Miren Larrarte, Arrate Bergara, Olatz Arrizabalaga, Naroa Agirre, Ane Isasmendi, Itxaso Erasun, Ane Ibañez, Laura Saez, Iera Agirre, Olatz Ruiz de Larramendi, Leire Garai eta Nora Mendizabal.
Txapelketa hiru jardunalditan jokatuko da: bi finalerdi eta final handia. Finalerdietako lehena, palako pilota trinkoaren espezialitateari dagokiona, uztailaren 25ean izango da. Beste finalerdia, ukitu erdiko pilotarena, abuztuaren 5ean izango da. Azkenik, bi diziplinetako finalak abuztuaren 8an izango dira. Ekitaldi guztiak 19:00etan hasiko dira, Ogeta pilotalekuan.
Sarrerak 10 euroren truke (16 urtetik beherakoentzat doan) erosi ahal izango dira internet bidez honako helbidean edo leihatilan, jardunaldi bakoitza hasi baino ordubete lehenago.
Txapelketa Gasteizko Udalak eta Arabako Euskal Pilota Federazioak antolatu dute, eta emakumeen pilota profesionala sustatzeko sortu berri diren EPE eta Club Ados erakundeen eta beste klub batzuen laguntza izan dutelarik.
IX. Antton Pebet Oroimenezko txapelketaren finala igandean jokatuko da
Aurten, Murua-Aizpuru eta Igoa-Arbizu izango dira txapelak lortzeko lehian arituko diren bikoteak
Emakumezkoen larruzko paletako Bizkaia Txapelketa aurkeztu dute
Urtarrilaren 2tik 30era luzatuko den lehiaketan guztira lau bikotek hartuko dute parte
Ados elkartearen Eusko Label txapelketari hasiera eman diote Latasan
Emaitzak: Iturriaga-Egaña 22 – Etxeberria-Iraeta 7 eta Iantzi-Etxenike 22 – Kortazar-Ezeiza 16