EUSKAL PILOTA
Emakumeen I. Pilota Masterra igandean hasiko da Gasteizen
Beti Jai pilotalekuak berriro inauguratzeko ekitaldien barruan, Emakumeen I. Masters Gasteiz pilota txapelketa antolatu dute, uztailaren 25ean eta abuztuaren 5ean eta 8an, esku pilota eta goma-paleta modalitateen hiru saio izango direlarik Mendizorrotzeko Ogeta pilotalekuan.
Txapelketa aurkezteko egindako prentsaurrekoan adierazi dutenez, frontoiak pilota profesionalerako berrinauguratzen diren honetan, espezialista onenetako batzuk kartelean sartzeko ahalegina egin dute. Gauzak horrela, esku pilota eta goma-paleta modalitateetan erreferente diren emakume kirolari nagusietako batzuk bilduko ditu txapelketak, honakoak izango direlarik parte hartuko duten hamasei pilotariak: Haizea Salanueva, Irati Ruiz de Azua, Uxue Agirresarobe, Ariane Arrieta, Miren Larrarte, Arrate Bergara, Olatz Arrizabalaga, Naroa Agirre, Ane Isasmendi, Itxaso Erasun, Ane Ibañez, Laura Saez, Iera Agirre, Olatz Ruiz de Larramendi, Leire Garai eta Nora Mendizabal.
Txapelketa hiru jardunalditan jokatuko da: bi finalerdi eta final handia. Finalerdietako lehena, palako pilota trinkoaren espezialitateari dagokiona, uztailaren 25ean izango da. Beste finalerdia, ukitu erdiko pilotarena, abuztuaren 5ean izango da. Azkenik, bi diziplinetako finalak abuztuaren 8an izango dira. Ekitaldi guztiak 19:00etan hasiko dira, Ogeta pilotalekuan.
Sarrerak 10 euroren truke (16 urtetik beherakoentzat doan) erosi ahal izango dira internet bidez honako helbidean edo leihatilan, jardunaldi bakoitza hasi baino ordubete lehenago.
Txapelketa Gasteizko Udalak eta Arabako Euskal Pilota Federazioak antolatu dute, eta emakumeen pilota profesionala sustatzeko sortu berri diren EPE eta Club Ados erakundeen eta beste klub batzuen laguntza izan dutelarik.
II. San Migel Xare Irekiaren bigarren jardunaldia jokatu da
Emaitzak: Lopetegi- Karrikaburu 40 Larronde-Algaranondo 24 eta Borteyru III- Sistiage 40 Etxeberri- Funosas 31
Hasia da Euskal Herriko Bote Luzeko Txapelketa
Lehen jardunaldian, Bizkaia 1-ek 7-4 irabazi dio Gipuzkoari, Amikutzek 9-2 Senpere 2ri eta Senpere 1-ek 6-4 Itsasuri
Antiguako pilota txapelketako finalak larunbatean jokatu ziren
Emakumezkoetan Olatz Arrizabalaga, promesa mailan Fernández-Apezetxea bikotea eta elite mailan Elola eta Sarasa izan dira txapeldunak