EUSKAL PILOTA
Emakumeen I. Masters Gasteiz pilota txapelketako finalak jokatu dira
Pasa den igandean, abuztuak 8, jokatu ziren Emakumeen I. Masters Gasteiz pilota txapelketako finalak, Ogeta pilotalekuan, esku pilota eta goma-paleta modalitateetan.
Goma paletako finalari dagokionez, Ane Isasmendi – Ane Ibañez eta Haizea Salanueva – Itxaso Erasun bikoteak aritu ziren elkarren aurka, txapela eskuratzeko asmoz. Azken hauek izan ziren garaileak, 30-16ko markagailuarekin aurkariak mendean hartu ondoren. Erasun atzealdean jaun eta jabe izan zen eta nagusitasun hori baliatu zuen Salanuevak aurrealdean tantoak amaitzeko. Gasteizko bikotea aldiz ez zen eroso aritu kantxa gainean, eta nahiz eta posizioak aldatzeko saiakera egin ezin izan zuten bere mailarik onena eman.
Eskuzko lehian berriz, Iera Agirre-Olatz Ruiz de Larramendi eta Olatz Arrizabalaga-Naroa Agirre bikoteek neurtu zituzten indarrak, aurreko jardunaldian finalerako txartela eskuratu ondoren.
Izan ere, lehenengo finalerdian Arrizabalaga eta Agirrek 22-18 irabazi zieten Miren Larrarte eta Arrate Bergarari. Partidua amaieran erabaki zen eta ordurarte Larrarte eta Bergara hobeto aritu ziren, jokoa dominatuz. Orduan aurkariek material gogorragoa atera zuten eta Arrizabalaga jaun eta jabe bihurtu zen tantoak ederki amaitzen, Naroa Agirrek piloteoan erakutsitako kemenaren laguntzaz.
Bigarren finalerdian berriz, Iera Agirre eta Olatz Ruiz de Larramendi nagusitu ziren, Leire Garai eta Nora Mendizabali 22-14 irabazita. Ruiz de Larramendi atzekaldean nagusitu zen eta hartara partida hasi eta buka menderatu zuten.
Igandeko finalari dagokionez, Arrizabalaga ondo aritu zen baina ezin izan zuen Naroaren erresistentzia gogorra gainditu. Iera Agirre berriz jokoa nola ulertu behar den bikain erakutsi zuen eta burua hotz edukita Arrizabalagaren hutsegiteak eragin zituen. Orohar partida ikusgarria izan zen, jokaldi ederrekin, azkenean Olatz Ruiz de Larramendi eta Iera Agirre txapela jantzi zutelarik, aurkariak 22-16ko markagailuarekin gainditu ostean.
Xistera Zirkuituak baditu aurreneko txapeldunak
Merino-Lizardi nesketan, Antxon-Goixerri, mutilen maila nagusian, eta Vidal-Atain II.a, mutilen Bigarren mailan dira txapeldunak
Hasiera eman diote eskuz binakako Emakumea Pilotari Txapelketari
Lehen eta Bigarren Mailetako jardunaldiak lehiatu dira Azkoitian eta Azpeitian
Iparraldeko Trinketeko Lehen Mailako txapela jantzi dute Inhar Ugarte eta Ekhi Ziarrustak
Iparraldeko lehen mailako trinket txapelketa irabazi duten Hego Euskal Herriko aurrenekoak dira