EUSKAL PILOTA
Emakumea Pilotari Txapelketako finalak lehiatu dira Zestoan
Emakumea Pilotari txapelketako finalak jokatu ziren Zestoako kiroldegiko frontoian
Lehen mailan, Eneritz Arrieta eta Maddi Mendizabal 22 eta 21 gailendu zitzaizkien Patri Espinarri eta Nora Mendizabali. Aurretik, bigarren mailako finala jokatu zuten Agirre-Berrocal eta Tolosa Arraiza bikoteek, eta azken horiek erraz nagusitu ziren (10-22).
Lehen mailako txapelketan, Patri Espinar eta Nora Mendizabal izan ziren ligaxkako onenak eta, horregatik faborito kartela heurena zen baina hala ere finalean ezin izan zuten Eneritz Arrietak eta Maddi Mendizabalek osaturiko bikotea gainditu.
Partida oso estua eta lehiakorra izan zen; markagailuak berdinketa adierazten zuen behin eta berriro: 5-5, 7-7-, 11-11, 12-12. Joera hau mantendu zen amaierararte, 21 eta 21 iritsi zirelarik azken unera. Baina aurkarien azken uneko pare bat akats baliatuta, Arrietak eta Maddi Mendizabalek jantzi zuten txapela.
Bigarren mailan ere antzekoa gertatu zen, izan ere, ligaxka saioan finala lehiatu zuten bi bikote berberek elkarren aurka partida jokatu zutenean, garaipen oso erraza lortu zuten Maddi Berrocal eta Naroa Agirrek (22-4). Horren jakitun agian, finalerako aldaketa egin zuten Maite Tolosa eta Miriam Arraizak, eta aurrekoan ez bezala Tolosa amezketarra atzelari lanetan aritu zen hasieratik. Emaitza ezin hobea izan zen eta txapela janztea lortu zuten 22-10 irabazita.
Emakumea Pilotari Txapelketa
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak beste urte batez antolatu du eskuz binakako Emakumea Pilotari Txapelketa, aurtengoa bigarren edizioa izan delarik. Guztira, hamar bikote aritu dira txapelketan: lehen mailan bost eta bigarren mailan beste bost. Lehenik, itzuli bateko ligaxka jokatu zuten, Gipuzkoako hainbat herritan, abenduaren 20tik otsailaren 2a bitartean. Ligaxka bukatuta, otsailaren 8ko asteburuan izan ziren finalerdiak, eta finalak, berriz, otsailaren 15ean.
Euskal pilotan emakumeen presentzia aldarrikatzeko eta sustatzeko helburuarekin antolatu zuen Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak txapelketa berri hau joan zen denboraldian, eta ekimenaren arrakasta ikusita, txapelketa beste urte batez antolatzea erabaki zuen federazioak.
Iaz bezala, klub ezberdinetako jokalariak nahastu dira, lehiaketa orekatzeko eta ikusgarritasuna emateko. Hauexek izango dira bigarren edizioko bikoteak:
1. maila
Espinar-Nora Mendizabal
Larrarte-Badiola
Araiztegi-Orbegozo
Arrieta-Maddi Mendizabal
Bergara-Arrillaga
2. maila
Zubizarreta-Etxeberria
Tolosa-Arraiza
Maddi Unanue-Oihana Unanue
Barrocal-Agirre
Arteaga-Ugartemendia
Astelehen honetan hasiko da Sagardoaren Txapelketa
Aurtengo edizioa berezia izango da kirola eta telebista uztartuko baitira, ETB1n astelehenero ERREMONTARI saioa izango delarik
Apirilaren 10ean hasiko da Emakumezkoen Larruzko Pilotako III. Bizkaia Paleta Txapelketa
Sei bikotek jokatuko dute txapelketa apirilaren 10ean, 17an eta 24an, eta apirilaren 30ean, finala jokatuko da
Ion Izagirrek irabazi du Itzuliko laugarren etapa
Azken esprintean, Pello Bilbaori gutxigatik nagusitu ondoren