«Estatuen arauekin jokatutako partida»

EKAIN ROJO LABAIEN
EHUko irakaslea eta Nor Ikerketa Taldeko kidea
berria.eus


EKAIN ROJO LABAIEN 2019.01.13 • berria.eus

→ Argazkia: berria.eus

Estatuen arauekin jokatutako partida

EKAIN ROJO LABAIEN. EHUko irakaslea eta Nor Ikerketa Taldeko kidea

Abenduaren 12ko Euskadiko Futbol Federazioaren erabakiaren garrantzia neurriz aintzesteko, komeni da aurretiazko gertaerekin alderatzea. Oroz gain, nabarmendu behar da Espainiako Konstituzio Auzitegiak 2012an eman zuen epaia, 1998an EAEko Legebiltzarrak onartu zuen Kirol Legearen ingurukoa, kirol eremu denetan euskal identitatearen nazioarteko ordezkaritza aldarrikatzen zuenari buruzkoa. Epaiari jarraiki, Euskal Herriko kirol selekzioek nazioartean parte hartu zezaketen «baldin eta espainiar federaziorik ez den kiroletakoak diren, eta ezein kasutan estatu eskumenekoa den espainiar kirolaren nazioarteko ordezkaritzari erasan gabe». Ebazpenak gardenki adierazi zuen Espainian estatu ordezkaritzarena ez besteko nazioarteko selekzio ospetsurik ez onartzeko lege irizpidea. Areago, azalpenak formulazioan antzekotasuna zuen 1839ko urriaren 25eko euskal foruen berrespen legearekin. Espainiako Gobernuak orduan adierazi zuen euskal berezitasuna onartzen zuela, baldin eta Espainiar legedi, lurraldetasun eta nazio batasuna kontrajarriko ez zuen. Adierazpen horrek euskal foruen ezereztea eragin zuen eta 2012ko ebazpenak euskal futbol selekzioaren ukazioa.

Hori horrela, argi eduki behar dena da bata dela masa komunikazioan bigarren mailan jarrita dauden hainbat kiroletan euskal selekzioen ofizialtasunean mugarriak lortzea, eta bestea hedabideen ardatzean dauden kirol kolektiboetan, eta, oroz gain, futbolean, horrelako pausoak ematea. Izan ere, futbola estatu izaera zuten herrialdeen araupean sortu zen, estatuetan egituratutako nazioarteko harremanen joko zelai sinboliko nagusia eta botere eremu biguinekoa bailitzan. Hortaz, FIFA eta UEFA erakunde pribatuek sortzez ezarri zuten nazioarteko ordezkaritza edukitzeko estatua izatearen betekizuna. Badira salbuespenak, eta FIFAn kide gehiago dira Nazio Batuen Erakundean estatu burujabeak baino. Dena dela, aparteko kide horietako askok beren estatuen oniritzia izan dute txapelketetan aritzeko, Faroe Uharteen adibidea tarteko. Urrun dago, ordea, Espainia, Danimarkaren moduko erabaki hartzeetatik. FIFAk indarrean den 10. artikuluko seigarren puntuan dio estatu gabeko elkarteak onartu ahal dituela, baina haien gaindiko estatuek oniritzia ematen badute. UEFAk, berriz, legedia irmotu zuen 2001ean, kide berrientzat estatu izatearen betekizuna galdeginda. Muga hori saihestu ahal izan zuen Gibraltarrek Kirola Arbitratzeko Epaitegiak ebatzi zuelako elkargo horrek eskaera arau hori ezarri baino lehen egin zuela.

Bada, ataka honen aurrean zer bide dauka Euskadiko Futbol Federazioak FIFA eta UEFAn sartzea eskatzeko hartu duen erabakiak? Ez dadila inor atsekabetu hitzokin, baina partidaren zailtasuna ulertzeko oraitarazi behar da epailea eta VAR araudi berria estatu direnen mesedekoak direla. Bestelakoa da esatea estatu zurrunetan oinarritutako demokrazia liberalaren sistema ahitzen ari dela, eta estatuez aparteko nazio egiturak indartzen ari direla aldi berean. Bide horretan espero daiteke atxikimenduzko komunitateen ahalduntzea islatzea kirolean ere epe ertainean. Zentzu horretan eragingarriak izango dira, etorkizun zerumugari begira beti ere, Euskal Selekzioaren aldeko horrelako erabaki hartze eta adostasun nagusiak.

Share This