EUSKAL PILOTA
Buruz Buruko Txapelketaren aurre ligaxkako lehen partida jokatu da
Ansa II.ak Zubiri hartu zuen mendean, 30-26, Kutxabank Sari Nagusiko Buruz Buruko Txapelketaren aurre ligaxkako lehen partidan. Urnietakoak lau puntu lortu zituen, eta Goizuetako atzelariak bat.
Zubirik gehiago merezi izan zuen, partida bikaina jokatu baitzuen eta piloteoan Ansa II.a menderatu zuen. Lehia ederra izan zen eta bi pilotariek hasiera ona eman zioten banakako txapelketari. Zubiri hobeto aritu zen piloteoan, baina sakean okerrago aritu zen. Ansa II.ak hobeto jokatu zuen lehen pilotakadarekin eta zazpi tanto egin zituen. Zubirik ordea bakarra egin zuen. Gainera, sakearekin Urnietako aurrelariak hiru falta egin zituen, goizuetarrak ordea, lau.
Piloteoan Zubirik 18 tanto egin zizkion Ansari eta honek aldiz 17 egin zituen. Tanto politak egin zituen bi hormetan eta jokaldian, baina ezin izan zuen puntu bat baino gehiago lortu.
Partida parekatua izan zen eta irabazleak bi tantoko errentak mantendu zituen. 28-26koan Ansak ezinezkoa zirudien pilota eraman zuen eta 28-27koa izan zitekeena 29-26koa bihurtu zen, azkenean sakez egindako tantoarekin itxi zuelarik norgehiagoka.
Uztailak 31ko emaitzak, Galarreta
- Urrutia II.a-Murgiondo 40 Loitegi-Martirena 37
- Segurola-Zaldua I.a 14 Goikoetxea V-Juanenea 40
- Ansa II.a 30 Zubiri 26 KUTXABANK TORNEOA
Hurrengo jardunaldia, abuztuak 5, 17.00etan
- Urrutia II-Murgiondo vs. Loytegi-Labaka 40 tantora
- Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.a vs. Juanenea-Martirena 40 tantora
- Aizpuru III.a vs. Zubiri 30 tantora KUTXABANK TORNEOA
BURUZ BURUKO ERREMONTE TXAPELKETA
Lehiaketako lehen fasean, hiruko ligaxka jokatuko dute Zubiri, Ansa II.a eta Aizpuru III.ak. Ligaxka honetan bigarren eta hirugarren sailkaturikoak txapelketatik at geratuko dira. Sailkapena berriro ere lorturiko puntuen arabera neurtuko da eta hiru partida jokatuko dira. Txapelketako partida guztiak ostegunetan eta larunbatetan jokatuko dira, 17:00etan hasita.
Beraz, lehen ligaxkako bigarren partida abuztuaren 5ean jokatuko da eta hirugarrena abuztuaren 7an. Lehen sailkatua finalerdietako bigarren ligaxkara pasatuko da, eta han zain izango ditu txapela jantzeko faborito nagusiak diren erremontistak: Urriza, Barrenetxea IV.a eta Juanenea. Denek denen aurka jokatuko dute sei jardunaldi edo partidatan. Lehen sailkatua irailaren 11ko finalera pasatuko da eta bigarren eta hirugarren sailkatuak irailaren 4an jokatuko den finalaurrekoan arituko dira.
Ligaxka ixten duena txapelketatik kanpo geldituko da. Sailkapena berriro puntuen bidez egingo da. Berdinketa izanez gero, berdinduak daudenen arteko lehiako emaitza hartuko da kontuan, eta berdinketa hirukoitza izanez gero, tanteo orokorra aintzat hartuko da.
Finalerdietako ligaxkako aurreneko partidan, tradizioa den bezala, aurreko edizioko txapelduna (kasu honetan Urriza), eta lehen ligaxkako txapelduna neurtuko dira abuztuaren 12an. Barrenetxea eta Juanenea berriz, abuztuaren 14an arituko dira nor baino nor gehiago eta gainontzeko lau jardunaldiak hilaren 19an, 21ean, 26an eta 28an lehiatuko dira.
Ostiralean abiatuko da Banakako Pala Txapelketa
Urtarrilaren 28tik martxoaren 19ra jokatuko da eta InnPala-ko hamar palista arituko dira lehian
Bizkaia Paleta txapelketako finalerdiak jokatu dira
Martin-Huizi eta Irazustabarrena-Etxaniz bikoteak neurtuko dira finalean hilaren 30ean
Juaneneak Barrenetxea IV.aren kontra jokatuko du finalerdia
Aritz Zubiriren aurka 30-17 irabazi ondoren