EUSKAL PILOTA

Plazaz Plazako finalaurdenak jokatu dira Donamarian

2021/08/02

Argazkiak: Ados Pilota

Pasa den ostiralean Leitzako plazan PLAZAZ-PLAZA txapelketako ligaxkako azken partidua jokatu zen, bertan erabaki zirelarik finalaurdenetako gurutzaketak nola izango ziren.

Guztira, zortzi bikote aritu dira txapelketako ligaxkan bi multzotan banatuta, honakoak zirelarik lehiaketan aurrera egiteko arauak:

-Talde bakoitzeko lehen sailkatuak zuzenean finalerdietara.

-Talde bakoitzeko bigarren sailkatua beste taldeko hirugarrenaren kontra finalaurdenetara.

-Talde bakoitzeko azken sailkatua txapelketatik kanpo.

A taldean dena erabakita zegoen baina B taldean bigarren eta hirugarren postuak zeuden jokoan Leitzako jardunaldian.

Giro ederrean aritu ziren pilotariak eta azkenean Arrizabalagak eta Mendiburuk lortu zuten garaipena eta horri esker B taldeko bigarren postua ere eskuratu zuten: Arrieta-Elizalde 11 -Arrizabalaga-Mendiburu 22.

Emaitza hauekin beraz, finalaurdenetako norgehiagokak zehaztuta geratu ziren: Aldaregia- Ruiz de Larramendi vs. Ruiz de Infante- O.Ruiz de Larramendi eta Arrizabalaga-Mendiburu vs. Aldai-Oses.

Gauzak horrela, iragan larunbatean eguerdiko 12:00etatik aurrera lehiatu ziren Plazaz-Plazako finalerdietako norgehiagokak Donamarian. Aurretik pilotari gaztetxoen laukote polita izan zen kantxa gainean eta ederki aritu ziren lauak ere, Nahia Bertiz eta Iraide Iriarte  zonaldeko pilotariak animatu baitziren Uxue eta Alaitzekin batera aritzera.

Txapelketako lehiei dagokionez, aurreneko finalaurdena oso gogorra eta borrokatua izan zen, jendearen gozamenerako, txiki gelditu baitzen Donamariako frontoia hurbildu zen jende guztiari esker. Azkenean partidu eder baten ondoren Andrea Aldaregia eta Maite Ruiz De Larramendik erdietsi zuten finalerdietarako txartela:

🔴 Aldaregia- Ruiz de Larramendi 22

🔵 Ruiz de Infante- O.Ruiz de Larramendi 17

Bigarren finalaurdenari oreka pixka bat falta izan zitzaion arren oso tanto onak ikusi ziren. Partidu bikaina egin zuten Arrizabalaga eta Mendiburu eta ondorioz finalerdietara sailkatu ziren:

🔴 Arrizabalaga-Mendiburu 22

🔵 Aldai-Oses 7

Plazaz Plaza Txapelketako finalerdiak beraz, honakoak izango dira: Agirre-G.Aldai vs. Aldaregia-R.Larramendi eta Salsamendi-Orbegozo vs. Arrizabalaga-Mendiburu.