HERRI KIROLAK/AIZKORA
Binakako Aizkolari Txapelketako bigarren jardunaldia lehiatu zen Burgelun
Julen Alberdi Txikia IV.a eta Suharri Rodriguez nagusitu dira XXII. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako bigarren jardunaldian
Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako hogeita bigarren edizioa abiatu zen urtarrilaren 16an, igande eguerdian Arabar Errioxako Eskuernaga herrian jokaturiko lehen jardunaldiarekin eta larunbat honetan, hilaren 22an, Burgelun (Araba) lehiatu zuten bigarren saioa, bertan, Julen Alberdi Txikia IV.a-Suharri Rodriguez eta Ugaitz Mugertza II.a-Julen Gabirondo bikoteak aritu zirelarik nor baino nor gehiago.
Egin beharreko lanak, honakoak: guztira hamaika enbor ahalik eta azkarren moztea, sei modalitate ezberdinetan. Julen Alberdi Txikia IV.ak eta Suharri Rodriguezek 17 minutu eta 11 segundo behar izan zituzten lana burutzeko eta Ugaitz Mugertza II.ak eta Julen Gabirondo V.ak berriz, 18 minutu eta 16 segundo.
2022 Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa, 2. jardunaldia
Julen Alberdi Txikia IV.a-Suharri Rodriguez, 17 minutu eta 11 segundo: erloju kontra 51´´ eta 46´´, zutik 1´52´´, abiadura 3´57´´, zutik/etzanda 2´49´´, azken proba 6´56´´
Ugaitz Mugertza II.a-Julen Gabirondo V.a, 18 minutu eta 16 segundo: erloju kontra 51´´ eta 1´03´´, zutik 2´00´´, abiadura 3´41´´, zutik/etzanda 2´50´´, azken proba 7´51´´
Zortzi Arroako Hiru Harri txapelketako bigarren jardunaldia ere lehiatu zen igandeko ekitaldian, non Gorka Etxeberria aritu zen lanean, ehun kiloko hiru harriekin (zilindro zaharra, kubikoa eta borobila), bina minutuko txandetan. Azkenean, Etxeberriak guztira 55 jasoaldi egin zituen, 25 zilindroari, 15 kubikoari eta 15 bolari.
Jarraian, Emakumezkoen harri-jasotze txapelketaren txanda izan zen, bertan Udane Ostolazak 43 jasoaldi eman zizkielarik 50 kiloko hiru harriei: 19 zilindroari, 11 kubikoari eta 13 bolari.
Euskadiko Harri Handien Txapelketa jokatuko da Aian hilaren 19an
Sei harri-jasotzaile arituko dira: Aimar Galarraga, Jokin Eizmendi, Iñigo Eizagirre, Aimar Irigoien, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Julen Diaz
Sherpa.ai Aizkolari Txapelketako finala igandean jokatuko da
Sei aizkolari arituko dira txapelaren bila: Mikel Larrañaga, Iker Vicente, Eneko Otaño, Julen Alberdi, Aitzol Atutxa eta Jon Irazu
Iker Vicentek irabazi du Nafarroako aizkora txapelketa
Jon Rekondo bigarren izan zen eta Oier Kañamaresek osatu zuen podiuma. Atzetik, Eneko Saralegi eta Julen Kañamares sailkatu ziren, laugarren eta bosgarren