HERRI KIROLAK/SOKATIRA
Beti Gazterentzat Nafarroako launakako sokatira txapelketako azken bi txapelak
Emakumezkoen eta gizonezkoen pisu astunak eta txapelketa mistoa lehiatu ondoren, pisu arineko lehiaketen txanda izan dugu Nafarroako sokatira txapelketan, jarraian lehiatu diren bi asteburutan zehaztu delarik txapelak nork jantzi dituen.
Maiatzaren 8an, Elizondon, emakumezkoen eta gizonezkoen 235 eta 300 kiloko lehen jardunaldia lehiatu zen, honako emaitzak izan zirelarik:
-Emakumezkoetan Beti Gazte nagusitu zen, tiraldi guztiak irabazita 4 puntu erdietsi zituztelarik. Txantreak eta Berriozarrek berdindu egin zuten bigarren postuan 2,5 punturekin bakoitzak eta Antsoain laugarren izan zen (puntu 1).
-Gizonezkoetan berriz, Txantreako “A” taldea gailendu zen 5 puntu eskuratuta, Txantrea “B” izan zen bigarren (4 puntu), Beti Gazte hirugarren (3 puntu) izan zen, Berriozar laugarren (2 puntu) eta Antsoain bosgarren, puntu bakarra pilatuta.
Pasa den larunbatean berriz, emakumezkoetan nahiz gizonezkoetan pisu arinetako bigarren jardunaldia jokatu zuten, emakumeek 235 kilokoan eta gizonezkoek 300 kilokoan eta bietan txapeldun suertatu ziren Lesakako Beti Gazteko tiralariak.
Emakumeak, Elizondon jokatutako lehen jardunaldian bezala, tiraldi guztiak irabazita sartu ziren finalean, bi jardunaldien artean guztira 8 puntu eskuratuta. Finala sailkapen orokorrean bigarren izan zen Txantrearen aurka (5,5 puntu) jokatu zuten eta txapela etxera eraman zuten lesakarrek. Hirugarren Berriozar izan zen orotara 4,5 puntu pilatuta eta laugarren Antsoain 2 punturekin.
Beti Gazteko gizonezkoek lan gehiago egin behar izan zuten garaipena eskuratzeko, izan ere, aurreneko jardunaldian hirugarren izan ziren, Txantreako bi laukoteen atzetik. Baina Antsoainen, lehen fasean tiraldi guztiak irabazita lortu zuten finalerako txartela, sailkapen orokorrean bigarren izan baitziren bi jardunaldien artean 8 puntu erdietsita. 9 punturekin lehenengo postua eskuratua zuen Txantrea “A” taldearen aurka jokatu zuten finala lesakarrek eta baita garaipena eskuratu ere. Podiuma Txantrea B-k osatu zuen 7 punturekin, laugarren Berriozar izan zen 4 punturekin eta bosgarren Antsoain 2 punturekin.
Helduez gain, 20 urtez azpiko kategorian eta kadete mailan ere hirugarren eta azkeneko jardunaldia jokatu zuten, Araxes eta Txantrea izan zirelarik txapeldunak, hurrenez hurren.
Iker Vicente txapeldun, Nafarroako Aizkolari Txapelketan
23 urterekin bosgarrenez jantzi du Nafarroako txapela
Beti Gazte eta Gaztedi irabazle, bigarren jardunaldian
Lesakarrak, emakumezkon 240 kilotan, eta Gaztedi, gizonezkoen 320 kilotan
Euskal Herriko lauko sokatira txapelketa bihar Laukizen
Txapelketako bigarren jardunaldia izango da bihar, larunbata, Laukizen, 17.00etan