HERRI KIROLAK/SOKATIRA
Beti Gazteko emakumeek irabazi dute Euskal Herriko launakako sokatira txapelketa
Euskal Herriko launakako sokatira txapelketaren barruan emakumezkoen txapela jokoan izan zuten pasa den larunbatean, arratsaldeko 17:00etan hasita Antsoainen. Bertan, Beti Gazte, Amaiur, Antsoain, Berriozar, Txantrea, Abadiño, Badaiotz eta Ibarra lehiatu ziren, 250 kiloz azpiko kategorian.
Astebete lehenago gizonezkoek egin bezala, Lesakako Beti Gazteko emakumeak nagusitu ziren, Ibarrak eta Txantreak osatu zutelarik podiuma. Atzetik, Antsoain, Amaiur, Badaiotz, Berriozar eta Abadiño sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Beti Gazteko laukote txapeldunean Amaia Leiza, Maialen Lopez, Arritxu Muxika eta Maria Iantzi aritu ziren tiran, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile zutela.
Gizonezkoen eta emakumezkoen txapelak banatu ondoren, azaroaren 27an lehiaketa mistoaren txanda izango da Berriozarren, 280 kiloz azpiko kategorian. Bertan, Beti Gazte, Amaiur, Antsoain, Berriozar, Bizindar, Ibarra, Goiherri eta Txantrea lehiatuko dira elkarren aurka.
Antsoaineko ekitaldian, 290 kiloko 21 urtez azpiko txapelketa mistoaren bigarren jardunaldia ere lehiatu zen, non aurrenekoan bezalaxe Goiherri A nagusitu zen, Antsoain B eta Berriozar A taldeen aurretik.
- jardunaldiko emaitzak: Goiherri A 10 puntu, Antsoain B 9 puntu, Berriozar A 7,5 puntu, Goiherri B 7,5 puntu, Abadiño A 6 puntu, Antsoain A 5 puntu, Getxo 4 puntu, Araxes 3 puntu, Abadiño B 2 puntu eta Berriozar B puntu 1.
Bi jardunaldi jokatu ondoren (hirugarrena eta azkena Berriozarren izango da azaroaren 27an), honela dago sailkapen nagusia:
1 Goiherri A 20 puntu
2 Antsoain B 18 puntu
3 Berriozar A 15 puntu
4 Abadiño A 13,5 puntu
5 Goiherri B 13,5 puntu
6 Abadiño A 13,5 puntu
7 Antsoain A 10 puntu
8 Getxo 7 puntu
9 Abadiño B 6 puntu
10 Araxes 4 puntu
11 Berriozar B 3 puntu
Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketako hirugarren jardunaldia jokatu zen larunbatean
Gaztedik jantzi du 580 kiloko misto mailako txapela, Erandioko Goiherri taldeari azken tiraldian 2-0 irabazita
Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zen larunbatean
Erandioko Goiherri taldeak jantzi zuen 640 kiloko kategoriako txapela, berdinketa hausteko tiraldian Gaztediri 2-0 irabazita
Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketako aurreneko jardunaldia jokatu zen larunbatean
680 kilotako txapelduna Erandioko Goiherri izan zen. Bigarren Mutriku, ondoren Akelarre Erandiokoa, eta laugarren Getxo.