HERRI KIROLAK/SOKATIRA

Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketako aurreneko jardunaldia jokatu zen larunbatean

by | 2020/08/11

Argazkiak: egursport.com

2020ko Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketa pasa den larunbatean hasi zen, Getxoko Fadura Atletismo zelaian

 

Larunbatean eman zitzaion hasiera Euskal Herriko Lur Gaineko sokatira txapelketari. 680 kilotan izan zen lehen ekitaldia Getxon eta txapelduna Erandioko Goiherri izan zen. Bigarren Mutriku, ondoren Akelarre Erandiokoa, eta laugarren Getxo. Gaztedik parte hartzerik ez zuen izan, taldekide batek koronabirusaren proban positiboa eman zuelako.

Txapelketa osoa Getxon jokatuko da eta pisu bakoitza egun bakar batean egingo da. Hurrengo jardunaldia abuztuaren 15ean izango da, 640 kilotako proba jokatuko delarik goizeko 11.00etan hasita.

Aurtengo txapelketan bost jardunaldi burutuko dira irailaren 5era arte eta astero kategoria bakoitzeko neurketa guztiak egun bakarrean lehiatuko dira, Covid19 gaitzak eragindako egoera dela eta.

Jardunaldi guztiak, abuztuaren 15ekoa izan ezik, 17.00etan hasiko dira eta abuztuaren 15eko ekitaldia, esan bezala,11.00ean izango da. Jardunaldi bakoitzean puntu gehien lortzen duen taldeak etxeratuko du txapela.

Txapelketako jardunaldien egutegia:

-Lehenengo jardunaldian, abuztuaren 8an jokatu dena, 680 kiloetako kategorian, Getxo, Goiherri, Akelarre, Mutriku eta Gaztedi taldeak aritu dira nor baino gehiago.

-Bigarren jardunaldian, abuztuaren 15koa, 640 kiloetako kategorian, Getxo A-B, Akelarre, Mutriku eta Gaztedi taldeek neurtuko dituzte indarrak.

-Hirugarren jardunaldian, abuztuak 22koa, 580 kiloko mistoan, Goiherri, Akelarre eta Gaztedi izango dira aurkariak.

-Laugarren jardunaldian, abuztuak 29an, 600 kilokoan, Getxo, Goiherri «A», Goiherri «B», Akelarre, Mutriku eta Gaztedi taldeen txanda izango da

-Bosgarren eta azken jardunaldian, irailaren 5ean jokatuko dena, 560 kiloetako kategorian, Getxo, Goiherri, Akelarre eta Gaztedi taldeak arituko dira.

Share This