HERRI KIROLAK/SOKATIRA
Beti Gazte “A”k irabazi du Nafarroako launakako sokatira txapelketa mistoa
Iragan larunbatean, maiatzaren 1ean, Nafarroako launakako sokatira txapelketa mistoa (280 kilo) jokatu zen Txantrean, guztira bederatzi talde aritu zirelarik nor baino nor gehiago: Beti Gazte, Txantrea, Berriozar eta Antsoainek bina talde atera zituzten eta Araxes ere bertan ibili zen lehian.
Talde asko zirenez bi multzotan egin zen txapelketa, eta multzo bakoitzatik lehenengo biak finalerdietara pasatu ziren: multzo batetik, Beti Gazte A eta Berriozar A eta bestetik Beti Gazte B eta Txantrea B. Finalerdietan, Beti Gazte Ak irabazi zion Txantrea Bri, eta Berriozar Ak Beti Gazte Bri.
Azkenean, Nafarroako launakako sokatira txapelketa mistoan txapeldun izan zen Beti Gazteko A laukotea, bigarren Berriozar A izan zen, hirugarren Beti Gazte B eta laugarren Txantrea B.
Halaber, Txantreako ekitaldian 20 urtez azpikoek eta kadete mailakoek txapelketako lehenengo jardunaldia jokatu zuten, 280 kilotan ere, honako emaitzak eman zirelarik:
Kadeteak: Txantrea 5 puntu, Berriozar A 4 puntu, Antsoain A 2,5 puntu, Antsoain B 2,5 puntu eta Berriozar B 1 puntu.
20 urtez azpikoak: Berriozar 4 puntu, Antxoain A 2,5 puntu, Araxes 2,5 puntu eta Antsoain B 1 puntu.
Emakumezkoen eta gizonezkoen pisu astunak eta txapelketa mistoa lehiatu ondoren, pisu arineko txapelak izango dituzte jokoan datozen bi asteburuetan Nafarroako launakako sokatira txapelketan.
Maiatzaren 8an, oraindik zehaztu gabeko plazan, emakumezkoen eta gizonezkoen 235 eta 300 kiloko lehen jardunaldia eta 20 urtez azpiko eta kadete mailako txapelketaren bigarren jardunaldia jokatuko dituzte.
Maiatzaren 15ean jokatuko dute azkeneko jardunaldia Antsoainen. Emakumezkoen 235 kiloko eta gizonezkoen 300 kiloko txapela bertan erabakiko da eta 20 urtez azpikoek eta kadeteek hirugarren jardunaldia, eta jarraian lehen bi sailkatuen arteko finalak izango dituzte.
Euskal Herriko Sokatira Txapelketako bina jardunaldi asteburuan
Larunbatean Azkoitian gizonekoak 680 kiloko kategorian zein emakumezkoak 540 kilokoan eta igandean Mungian 640 kiloko kategoriko gizonezkoak
Urrezko binakako aizkolari txapelketa jokatu da Deban
Larrañaga-Rekondo bikoteak garaipena eskuratu du Mugertza-Alberdi mendean hartuta eta emakumezkoetan Nerea Sorondok Itxaso Onsalori gailendu zaio
Euskal Herriko Goma Gaineko Soka Tira Txapelketa abian
Irlandako mundiala ortzimugan, datorren larunbatean hasiko da Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketa