TXIRRINDULARITZA

Sinhue Fernandez garaile 50. Urrakiko Igoeran

by | 2021/05/04

Argazkiak: Euskadiko Txirrindularitza Federazioa

Abiatzen txirrindularitza txapelketaren barruan jokatu zen igandean Urrakiko Igoeraren 50. edizioa, Azpeitia eta Errezil artean. 180 txirrindularik zuten proban irteteko izena emanda, eta 92k osatu zuten 141,4 kilometroko ibilbidea.

Berrikuntza nabarmenekin zetorren aurtengo edizioa,  ibilbidean aldaketak egon zirelako, nahiz eta Urrakirako bi igoerak mantendu ziren.

Goizeko 9:30ean abiatu ziren txirrindulariak Jose Artetxe kaletik. Zestoatik barrena, Oikiara joan ziren, Zumaiatik bueltatzeko. Behin Azpeitiara iritsitakoan Antzibarrena poligonora sartu ziren eta Lan Mobel aldera hartu zuten biribilgunean, handik Goenara igotzeko.

Goenako kanpatik behera, suhiltzaileen parke aldetik berriro Zestoarako bidea hartu zuten eta bira berdina errepikatu zuten, Goenara igoaz. Bigarrenez, suhiltzaileen parketik igaro ostean, berriro ere Zestoarako bidea hartu zuten txirrindulariek baina oraingoan Aizarnatik barrena, Etumetara igo behar izan zuten. Behin jaitsiera eginda, Bentaberrin ezkerretara hartu eta Altzarte gainetik (Ibarbitik) igo ziren Urrakira estrainekoz. Bidegoianetik eta Iturburutik buelta, Azpeitira jaitsi ziren ondoren, berriro Urrakira igotzeko, han baitzegoen helmuga.

Lasterketaren lehen zatian tropelean ibili ziren txirrindulariak baina Urrakirako lehen igoeran, tropeletik ihes egin zuten hiru txirrindularik: Sinhue Fernandezek, Pablo Garciak eta Xabier Berasategik. Urrakirako bigarren eta azken igoeran Garciak eraso egin eta aurrera egin zuen, Fernandezek atzeragotik jarraitu egin zion, eta Berasategi atzean gelditu zen. Bi kilometroren faltan,  Fernandezek Garcia harrapatu eta esprintean bukatu zuten, helmugan sartzen aurrena Sinhue Fernandez (Asturias, Espainia) Lizarte taldeko txirrindularia izan zelarik. Bigarrena, denbora berarekin, Caja Rural taldeko Pablo Garcia madrildarra. Podiuma, Laboral Kutxa taldeko Charles Etienne Chretien kanadarrak osatu zuen.

SAILKAPENA:

1- Sinhue Fernandez (Lizarte), 03:43:13

2- Pablo Garcia (Caja Rural), 03:43:13

3- Charles Etienne Chretien (Laboral Kutxa), 17 segundora

4- Richard Rolando Huera (Caja Rural), 17 segundora

5- Unai Iribar (Laboral Kutxa), 17 segundora

6- Igor Arrieta (Lizarte), 17 segundora

7- Alejandro Franco (Caja Rural), 24 segundora

8- Imanol Alvarez (Eise), 31 segundora

9- Jose Marin (Telo), 31 segundora

10- Julen Arriola (Caja Rural), 31 segundora

Mendiko saria: Sinhue Fernandez

Taldekako saria: Caja Rural-Seguros RGA

TXIRRINDULARITZA