HERRI KIROLAK/SOKATIRA
Beste hiru domina euskal taldeentzat bigarren jardunaldian
Bigarren jardunaldian beste hiru domina eskuratu dituzte euskal taldeek Munduko goma gaineko sokataria txapelketan.
Euskal taldeek hiru domina lortu zituzten atzo goma gaineko munduko txapelketan. Badaiotzek urrea irabazi zuen emakumezkoen 500 kilokoan, eta Beti Gaztek, berriz, brontzea. Gizonezkoen 600 kilokoan, Beti Gaztek eta Ibarrak elkarren aurka jokatu zuten brontzezko dominarengatik, eta nafarrek irabazi zuten.
Ostegunean, bost domina
Ostegunean izan zen txapelketaren lehenengo jardunaldia eta euskal taldeek guztira bost domina irabazi zituzten: goizean, emakumezkoen 540 kilotan urrezko domina Jon Lapazaranek zuzentzen duen Gasteizeko Badaiotz taldeak eskuratu zuen, zilarra Beti Gazterentzat izan zen eta brontzea desenpatea egin ondoren, Laukizko Gaztedik irabazi zuen. Arratsaldean berriz, Beti Gaztek 580 kiloko kategoria mistoan zilarrezko domina eta Ibarrak brontzea gizonezkoen 560 kilokoan.
Esan bezala, lehen egun ezin hobea izan zuten euskal taldeek goma gaineko munduko txapelketan. Bost domina lortu zituzten lau talderen artean: urrezko bat (Badaiotzek), bi zilarrezko (Beti Gaztek) eta bi brontzezko (Gaztedik eta Ibarrak).
Goizeko proban, emakumezkoen 540 kiloko finala Badaiotzek eta Beti Gaztek jokatu zuten elkarren aurka, eta arabarrek irabazi zuten urrea. Bizkaiko Gaztedik borobildu zuen podiuma, brontzezko dominarako lehian Herbehereetako Monickendami irabazita. Gizonezkoen 680 kilotan Zuraidek ez zuen zorte handirik izan. Urrea Cockhnillek, zilarra Muninchnillek eta brontzea Mountain Viewek.
Arratsaldean, Beti Gaztek zilarrezko domina irabazi zuen 580 kiloko mistoan, finalean Monickendamen aurka galduta (Zuraide lapurtarrak laugarren postuan geratu ziren, domina lortzetik oso gertu baina azkenean Lagerwej holandarrarentzat izan zen).
Halaber, gizonezkoen 560 kilokoan, Ibarrak eta Gaztedik finalerdiak galdu zituzten, eta elkarren aurka lehiatu ziren brontzea lortzeko, gipuzkoarrek irabazi zutelarik. Irlandako bi taldek eskuratu zuten urrea eta zilarra eta brontzearen jabe Ibarra egin zen eta laugarren Gaztedi.
Nazioen arteko txapelketa larunbatetik aurrera
Duela bi urte Txinan jokatutako munduko txapelketan, euskal taldeek inoiz baino domina gehiago irabazi zituzten goma gainean. Hamasei eskuratu zituzten denera: bi urrezko, zazpi zilarrezko eta beste zazpi brontzezko. 2014tik, ofizialtasuna lortu zuenetik, berriz, selekzioak ez du urrezko dominarik irabazi goma gainean. eta hori da aurtengo erronka nagusiena.
Selekzioa ordezkatuz, Euskal Herriko txapeldun izandako taldeak ariko dira, baina, 680 kilokoan eta 23 urtez azpikoetan, talde guztietako sokatiralaririk hoberenekin osatu dira taldeak.
Basque Countryk hamar pisutan parte hartuko du. Larunbatean, seniorren lau kategoria lehiatuko dituzte. Goizean 680 kilotan ariko dira gizonezkoak eta 540 kilotan emakumezkoak. Arratsaldean, berriz, 560an lehiatuko dira gizonezkoak eta talde mistoa 580an ariko da. Igande goizean, gizonezko seniorren taldea 640an lehiatuko da eta 23 urtez azpikoen gizonezkoena 600 kilotan. Arratsaldean 600 kiloko saioa edukiko du gizonezkoen senior taldeak eta 500ekoa maila bereko emakumezkoenak. Dena den, 560 kiloko 23 urtez azpiko mistoa eta 500 kiloko 23 urtez azpiko emakumeen kategoriak erakustaldi gisa lehiatuko dira azkenean, bakarrik Euskal herriak eta Errusiak aurkeztu dituztelako taldeak.
Hamabi selekziok lehiatuko dute txapelketa. Euskal Herrikoaz gain, Irlanda, Ipar Irlanda, Alemania, Ingalaterra, Taiwan, Eskozia, Errusia, Herbehereak, Japonia, Italia eta Nigeria ariko dira txapelketan.
Gogoratu behar da Irlandan jokatuko den Mundu Txapelketa goma gainekoa dela (Indoor) eta lur gaineko (Outdoor) aurtengo Mundiala irailaren 14tik 20ra Euskal Herrian lehiatuko dela, Getxon (Faduran) hain zuzen ere.
Irailean jokatzekoa den Sokatira Mundiala ez dute atzeratuko momentuz
Nazioarteko aitortza lortu zenetik, Euskal Herrian lehiatzen den aurreneko nazioarteko selekzioen txapelketa da honakoa
Euskal Herriak beste hiru domina eskuratuta amaitu da Munduko Sokatira Txapelketa
Munduko Txapelketan euskal taldeek orotara 8 domina lortu dituzte eta Euskal Selekzioak 6.
Hiru domina Euskal Herriarentzat nazioen arteko lehen saioan
Emakumezkoen 540 kiloko mailan zilarrezkoa, gizonezkoetan, 23 urtez azpikoan, zilarrezkoa ere eta 580 kiloko mistoan brontzezkoa.