HERRI KIROLAK/SOKATIRA

Euskal Herriak beste hiru domina eskuratuta amaitu da Munduko Sokatira Txapelketa

by | 2020/02/24

Argazkiak: egursport.com

Igandeko nazioen arteko bigarren saioan Euskal Selekzioak hiru domina lortu ditu

 

Irlandan lehiatu da ostegunetik iganderarte, Munduko Goma Gaineko (Indoor) Sokatira Txapeleketa, euskal taldeek orotara zortzi domina eskuratu dituztelarik eta Euskal Selekzioak sei.

Ostegunean eta ostiralean kluben arteko lehiak izan ziren, euskal taldeek orotara zortzi domina eskuratu dituztelarik: ostegun goizean, emakumezkoen 540 kiloko urrea Badaiotzek, zilarra Beti Gaztek eta brontzea Gaztedik. Arratsaldean, 580 kiloko mistoan Beti Gaztek zilarra, eta Ibarrak brontzea gizonezkoen 560 kilotan. Ostiralean berriz, Badaiotzek urrea irabazi zuen emakumezkoen 500 kilokoan, eta Beti Gaztek, berriz, brontzea. Gizonezkoen 600 kilokoan, Beti Gaztek eta Ibarrak elkarren aurka jokatu zuten brontzezko dominarengatik, eta nafarrek irabazi zuten.

Larunbata eta igandean berriz, nazioen arteko txapelketa jokatu da. Larunbateko saioan gure selekzioak lorturiko dominak honakoak dira: Emakumezkoen 540 kiloko mailan zilarra, gizonezkoetan, 23 urtez azpikoan zilarrezkoa ere eta 580 kiloko mistoan brontzezkoa.

Igandeko bigarren jardunaldian, beste hiru domina eskuratu ditu Euskal Herriko Selekzioak, zilarrezkoak bi eta brontzezkoa bat. Emakumezkoen 500 kiloko mailan zilarra lortu du euskal selezkioak, urrea Taiperentzat izan delarik eta brontzea Holandarentzat.  Emakumezkoen 500 kiloko 23 urtez azpiko kategorian ere zilarrezkoa lortu du Basque Countryk, Taipek urrezkoa eta Errusiak brontzezkoa eskuratu dutelarik. Eta azkenik, gizonezkoen 600 kilotako 23 urtez azpikoan, brontzezko domina irabazi du euskal selekzioak, urrea Taipek eskuratu duelarik eta zilarra Holandara joan delarik.

Mundu mailan, goma gainean sokatiran, gizonetan nahiz emakumeetan, Txinakoak dira tiralari indartsuenak, baina tamalez oraingo txapelketan ez dute parte hartu txinatarrek, koronabirusa dela eta.

Hortaz, hamabi selekziok lehiatu dute txapelketa. Euskal Herrikoaz gain, Irlanda, Ipar Irlanda, Alemania, Ingalaterra, Taiwan, Eskozia, Errusia, Herbehereak, Japonia, Italia eta Nigeria ariko dira txapelketan.

Gogoratu behar da Irlandan jokatuko den Mundu Txapelketa goma gainekoa dela (Indoor) eta lur gaineko (Outdoor) aurtengo Mundiala irailaren 14tik 20ra Euskal Herrian lehiatuko dela, Getxon (Faduran) hain zuzen ere.