EUSKAL PILOTA/ERREMONTEA
Barrenetxea eta Urrizak jokatuko dute UTS Masterraren finala
Barrenetxea eta Urrizak irabazi zituzten UTS Master Txapelketako finalerdiak eta beraz azken bi urteetako txapeldunek jokatuko dute finala, datorren larunbatean, gaueko 11:00etan.
Bi partiduak onak izan ziren eta joko maila altukoak izan ziren, baina era berean desberdinak. Finalerdietako lehenengo partiduan Barrenetxeak 30-25 gainditu zuen Juanenea kostata eta bigarren finalerdian Urrizak 30-23 irabazi zion Ansari.
Barrenetxea eta Juanenaren artekoa ezin berdinduagoa izan zen baina azkenean atzelari hernaniarrak lorturiko aldeko partzialek partida erabaki zuten. Bide batez udarako arantza ere atera zuen.
Alternatiba askoko partidua izan zen, gorabehera haundikoa. Hastapenean Juanenea hasi zen agintzen eta 5-2 aurreratu zen. Barrenetxeak buelta eman eta lau tantoko abantaila hartu zuen 6 eta 10ekoan. Juaneneak berriz ere irauli egin zuen markagailua eta bere alde jarri zuen 20-17. Baina 24-23 galtzen atzetik zela, sei tanto egin zituen jarraian Barrenetxeak (24-29), finalerdia erabakita utziz. Sakearekin min handia egin zuten bai batek eta bai besteak eta agian zuloa errebotean eduki zuen Juaneneak. Aurrean piloteoan Barrenetxea baino gehiago zen, baina hernaniarrak atzeko pareta bilatu zuen eta ongi irten zitzaion apustua.
Bigarren finalerdia erabat desberdina izan zen. Ansak hotz xamar hasi zuen lehia eta Urriza aurreratu zen 6-1. Bederatzi tantoko abantaila ere lortu zuen iruindarrak 23 eta 14koan, eta bazirudien partidu erraza izango zuela sei aldiz txapela jantzi duen Urrizak. Baina urnietarra esnatu egin zen eta hiru tantora gerturatzea lortu zuen 23-20. Urrizak, beti bezala, ongi defendatzen zuen eta Ansak bere beso indartsuarekin abiadura asko ematen zion pilotari. 25 eta 22 zirela Urriza sakearekin asmatzen hasi zen eta sei tantoko alde erabakiorra hartu zuen, 28-22 aurretik jartzeko, azkenean 30-23 irabazi zuelarik.
2020ko E.H-ko 4 1/2-ko Elite txapelketa azken txanpan sartu da
Datorren ostiralean lehiatuko da aurreneko finalaurrekoa, Maiz (Behar Zana) eta Espinal (Uharte) arituko direlarik elkarren aurka
III. Bizkaia Txapelketako finala zehaztuta geratu da
Leire Garai-Maite Ruiz de Larramendi eta Olatz Arrizabalaga-Naroa Agirre bikoteak arituko dira txapelaren bila
UTS Master Txapelketa gaur hasiko da bi finalerdiekin
Igande honetan, Barrenetxea IV.a-Juanenea eta Urriza-Ansa partidak jokatuko dira