EUSKAL PILOTA

Banakako Pala Txapelketako lehen jardunaldia jokatu da

2022/01/30

Argazkiak: Innpala

Palako buruz burukoaren lehendabiziko jardunaldian Del Rio eta Maldonado izan ziren garaile

 

2022ko Banakako Pala Txapelketa urtarrilaren 28tik martxoaren 19ra jokatuko da Bizkaia frontoian, bertan InnPala-ko hamar palistek hartuko dutelarik parte.

Aurreko edizioan kanporaketa zuzenen ordez finalerdietako ligaxka egitearen aldeko hautua egin zuten antolatzaileek, eta  aurten formatu bera errepikatuko da. Beraz, euren artean lehiatuko dira finalerdietako ligaxkan, lehenengo jardunaldia sailkapenekoa izanik.

Txapelketari hasiera emateko beraz, ostiral honetan sailkapen jardunaldiko bi partida jokatu ziren, non debutariak eta ranking txikiena duten bi palistak lehiatu ziren: Del Riok Cambos izan zuen aurkari eta Ibargurenek Maldonado.

Lehenengo norgehiagokan, Del Riok 3-0 irabazi zion Cambosi. Lezamako atzelaria sendoago agertu zen defentsan eta sakean hobeto gurutzatu zuen pilota. Baionako palistak behetik gorako bidea egin zuen eta joko bat irabaztea merezi izan zuen bederen. Horrela, egungo txapeldunaren aurka lehiatuko da eta askoz ere gauza gehiago egin beharko ditu garaipena lortzeko.

Bigarren lehian berriz, Maldonado 3-1 nagusitu zen Ibargurenen aurka. Debutari argentinar gaztea bere aurkaria baino argiago ibili zen uneoro eta azkenean garaipena erdietsi zuen.  Ibargurenek pilotalekuan bere lekua bilatu ezinik hasi zuen partida eta hori ongi baliatu zuen Romanek markagailuan aldea zabaltzeko. Maldonadok hasieratik izan zuen argi zer egin behar zuen garaipena lortzeko eta etenik gabe saiatu zen. Hurrengo partida Gaubekaren kontra izango du.

Emaitza hauekin beraz, datorren ostiralean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Banakako Pala Txapelketako finalaurdenetako aurreneko bi partidak jokatuko dira, bertan Fusto Urrutiaren kontra eta Gaubeka Maldonadoren aurka lehiatuko direlarik.

Txapelketaren araudia:

  • Innpalako 10 pelotarik hartuko dute parte.
  • 2021ko Banakako txapelketaren rankinga hartuko da kontutan.
  • Lehenengo jardunaldia, sailkapena eskuratzeko baliatuko da.
  • Kanporaketak izango dira hurrengo bi jardunaldiak. Bi partidu jardunaldi bakoitzeko.
  • Finalerdietarako sailkatuko dira partidu bakoitzeko irabazleak.
  • Finalerdietako liga jokatuko da.
  • Finalerdietako ligako lehen bi sailkatuek jokatuko dute finala.
  • Partidak 5 jokotan onenera izango dira.
  • Jokoak 10 tantora izango dira.
  • Sailkapen liga amaitzean bikoteen arteko berdinketa gertatuz gero, honako hau hartuko da kontutan sailkapena ezartzeko: Bi pelotarien edo gehiagoren arteko puntu-berdinketa gertatuz gero, Ligako partiden zenbaketa orokorrean tanto-average onena duena sailkatuko da (aldeko tantoak ken aurkako tantoak). Oraindik berdinketak jarraitzen badu, Torneoaren hasieran adin gutxien duen bikotea sailkatuko da.
  • Ez dago partiduak atzeratzeko aukerarik.
  • Araudi honetan ez zehaztutakoak, federazioaren erregelamendu orokorrak arautuko ditu.
Share This