EUSKAL PILOTA
Antxon eta Arbe, Berriatuko finalerdietara
Iragan larunbatean hasi zen Banakako Jai Alai World Tourra, arratsaldeko 18:00tan hasita, txapelketako finalaurdenak jokatu zirelarik, Antxon vs Hormaetxea eta Aaron vs Arbe lehiak hain zuzen ere.
Faboritoak nagusitu ziren baina aurkariek ez zieten erraz jarri, partidu lehiatuak ikusi baitziren, azkenean emaitzak honakoak izan zirelarik: ANTXON vs DEL RIO: 12-8, 12-8 eta ARBE vs AARON: 12-11, 12-7.
Lehenengo norgehiagokan, Antxonen eskarmentua nagusitu da Del Rio gaztearen kemenaren aurrean. Lesionatutako Alex Hormaetxea bermeotarraren lekua hartu zuen Julen del Rio gasteiztarrari bi setetan irabazi zion Antxon Alberdik (12-8, 12-8), finalerdietarako txartela eskuratuz, Aimar iazko txapeldunordearen kontra arituko delarik datorren larunbatean. Del Riok eskumarekin nahikoa min egin zuen, baina kantxan lekua topatu ezinik ibili zen, eta pilota asko errebotera bota zituen, eta Antxonek aldiz, errebotean min handia egin zion.
Beste final-laurdena Jokin Arbe markina-xemeindarraren eta Aaron Gonzalez de Matauco gasteiztarraren artekoa izan zen. Markinako pilotariak nahikoa lan egin behar izan zuen arabarra mendean hartzeko. Lehenengo seta gorabeheratsua eta oso estua izan zen, eta azken tantoan erabaki zen. Hamaikana berdinduta zeudela, Aaronek hutsegitea egin zuen eta beraz Arberen alde erori zen jokoa. Bigarren setean, ostera, beteranoa hobeto aritu zen, eta ez zion aukerarik eman gasteiztarrari, 12-7 amaitu zutelarik. Arbek sasoian dagoela erakutsi zuen, eta Gernikako Grand Slam txapelketa irabaztetik datorren Beaskoetxearen kontra lehiatuko du finalaurrekoa.
Gauzak horrela beraz, Banakako Jai Alai World Tourraren finalerdietan, Antxonek Aimarren kontra jokatuko du, eta Arbek Beaskoetxearen kontra, urtarrilaren 2an jokatuko den finalerako txartela lortzeko asmoz.
Banakako Jai Alai World Tour zesta punta lehiaketa
Aurten sei puntistak hartuko dute parte: Antxon, Hormaetxea, Arbe, Aaron, Aimar eta Beaskoetxea. Lehenik final-laurdenetako bi kanporaketa jokatuko dira, eta irabazleek serie buruak izango dituzte zain finalerdietan.
Neurketa guztiak Berriatuako Mendibarren pilotalekuan jokatuko dira, hurrengo hiru larunbatetan 18.00etan hasiko diren jaialdietan: final-laurdenetako norgehiagokak abenduaren 19an jokatuko dira, finalerdietakoak abenduaren 26an, eta finala urtarrilaren 2an.
Pilotaren ofizialtasuna Nazioarteko Federazioaren mahai gainean
Ezohiko Batzar Orokorra deitu du Euskal Herriko Pilota Federazioak egindako eskaera ebazteko
Emaitza bikainak lortu ditu Pilotako Euskal Selekzioak Munduko Txapelketan
Altziran jokatu da C.I.J.B Erakundearen Munduko txapelketa
Euskal Pilotan Euskal Selekzio ofiziala!
Euskal Pilota Selekzioa kolektiboak aldarrikapen ekitaldia egin du Durangon Euskal Selekzioa aldarrikatzeko