TENIS

Ane Mintegi, Antalya txapelketako azpitxapeldun

by | 2021/04/05

Ane Mintegik profesionaletako lehen finala jokatu zuen pasa den igandean Turkiako W15 Antalya txapelketan, goizeko 09:30etan hasita. Andreea Prisacariu errumaniarraren aurka jokatu zuen final haundia eta bertan 6-3 eta 7-5 amore eman behar izan zuen.

Turkiako W15 Antalya txapelketa martxoaren 28tik apirilaren 4ra bitartean lehiatu da, bertan 85 tenislari aritu direlarik nor baino nor gehiago.

Prisacariu faboritoa zen eta ez zuen hutsik egin hala ere tenislari gipuzkoarrak ez zizkion gauzak erraz jarri. Sei alditan hautsi zion sakea errumaniarrari eta kontrara zortzitan ikusi zuen nola aurkariak gauza berdina egiten zion berari. Jokalari errumaniarrak lehenengo sakearekin %74an asmatu zuen, 4 falta bikoitzak egin zituen eta sakearekin hasitako puntuen %48a irabazi zituen. Mintegik berriz %67an asmatu zuen aurreneko sakearekin, 5 falta bikoitzak egin zituen eta sakearekin hasitako puntuen %35a irabazi zituen.

Ane Mintegik Txapelketan zehar izandako emaitzak:

Aurreko kanporaketa: Ane Mintegi-A. Rame (6-3, 6-4)

Final-zortzirenak: Shavit Kimchi-Ane Mintegi (6-7, 6-3, 1-6)

Finalaurdenak: Uslu-Ane Mintegi (1-6, 1-6)

Finalerdia: Chang-Ane Mintegi (2-6, 4-6)

Finala : Ane Mintegi-A. Prisacariu (3-6, 5-7)

2003. urtean jaiotako idiazaldabarra euskal pilotan aritutakoa da txikitatik eta geroago tenisera pasatu zen, frontoian ikasitakoa lagungarria izan zaiolarik gaur egun duen mailari eusteko.

Ibilbide oparoa dauka egina hain gaztea izanagatik, esaterako 2020an, Ane Mintegik hirugarrenez jantzi zuen Euskadiko txapela, finalean Mercedes Aristegi mendean hartu ondoren (6-2, 6-4).

Halaber, Roland Garros torneo entzutetsuan parte hartutakoa da idiazabaldarra, junior mailan. 2019an, txapelketa horretako final zortzirenetara iritsi zen. 2020an aldiz, Ane Mintegi Junior mailako Roland Garros txapelketatik kanpo geratu zen banakako txapelketatik lehenengo itzulian kanporatuta izan ostean eta binakako txapelketan bigarren itzuliko partidua galdu eta gero.

2020an ere, Australia Torneo Irekiko finalaurdenetarako sailkatu zen, Vecic alemaniarraren aurka galtzen egonda eguzkiaren eraginez partidua utzi behar izan zuelarik.