HERRI KIROLAK/SOKATIRA

Amaitu da Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketa

by | 2022/03/01

Argazkiak: egursport.com

Iragan larunbatean Laukizen jokaturiko emakumeen zein gizonezkoen pisu arinenetako lehiaketekin amaiera eman zitzaion aurtengo Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketari, joan den urtean bezala, zazpi txapeletatik sei lortu dituelarik oraingoan ere Lesakako Beti Gazte taldeak.

Azkeneko jardunaldian, emakumeen 500 kilokoa eta gizonezkoen 560 kilokoa eskuratu zituzten lesakarrek, hartara gizonezkoen lau kategorietan (680, 640, 600 eta 560 kilo) eta emakumezkoen bietan (540 eta 500) txapeldun izan direlarik. Txapelketa mistoan (580 kilo) ezik, gainontzeko guztietan nagusitu dira, alegia, azken honetan Ibarra nagusitu baitzen.

Larunbatean Laukizen tiraldi guztiak irabazi zituen Beti Gazteko emakumeen taldeak 500 kiloko kategorian. Atzetik, Ibarra, Gaztedi, Amaiur eta Abadiño sailkatu ziren, hurrenez hurren.

Talde txapeldunean, Amaia Leiza, Udane Arbelaitz (Oiartzun), Ainhoa Etxegarai (Bera), Irantzu Goienetxe, Ane Gurrutxaga, Maialen Lopez, Arritxu Muxika eta Maria Iantzi (Igantzi) aritu ziren tiran, Karmelo Mitxelena entrenatzaile eta Ainhoa Ubiria laguntzaile zutela.

Beti Gazteko gizonezkoen 560 kiloko taldeak ere tiraldi guztiak irabazi zituen Laukizen. Lesakarren atzetik, Gaztediko bizkaitarrak eta Ñapurrak lapurtarrak igo ziren podiora, Goiherri laugarren izan zen, Txantrea bosgarren, Abadiño seigarren eta Berriozar zazpigarren.

Zortzikote txapeldunean Karmelo Mitxelena, Oskar Telletxea, Unai Gurrutxaga, Beñardo Iantzi, Beñat Ordoki, Iñigo Altzugarai, Eneko Saldias eta Paskual Taberna aritu ziren tiran, Julen Palenzuela laguntzaile zutela.

Euskal Herriko Sokatira txapelketa

KATEGORIA GUZTIETAKO AZKEN SAILKAPENAK

Gizonezkoak

680 kilo: Beti Gazte, Zuraide, Ibarra, Ñapurrak

640 kilo: Beti Gazte, Ibarra, Zuraide, Ñapurrak, Amaiur, Abadiño

600 kilo: Beti Gazte, Gaztedi, Ibarra, Ñapurrak, Goiherri, Amaiur

560 kilo: Beti Gazte, Gaztedi, Ñapurrak, Goiherri, Txantrea, Abadiño, Berriozar

Emakumezkoak

540 kilo: Beti Gazte, Gaztedi, Ibarra, Badaiotz, Abadiño A, Abadiño B

500 kilo: Beti Gazte, Ibarra, Gaztedi, Amaiur, Abadiño

Mistoa

580 kilo: Ibarra, Beti Gazte, Gaztedi, Berriozar, Txantrea, Amaiur, Abadiño A, Abadiño B, Antsoain

EGUTEGIA

-Urtarrilaren 8an, gizonezkoen 680 kiloko txapelketa jokatu zen Ibarran, pisurik astunenarena, jardunaldi bakarrean.

-Urtarrilaren 9an, Abadiñon 640 kiloetako Euskal Herriko txapelketako lehen jardunaldia lehiatu zen, honako taldeen partehartzearekin: Abadiño (Bizkaia), Beti-Gazte (Nafarroa), Ibarra (Gipuzkoa), Amaiur (Nafarroa), Txantrea (Nafarroa), Zuraide (Lapurdi) eta Ñapurrak (Lapurdi).

-Urtarrilaren 16an gizonezkoen 640 kiloko bigarren jardunaldia eta emakumezkoen 540 kiloko lehen jardunaldia jokatuko dute Bilboko La Casillan.

-Urtarrilaren 22an, gizonezkoen 640 kiloko finala eta emakumeen 540 kiloko jardunaldia jokatu zuten Berangon.

-Urtarrilaren 29an, emakumezkoek 540 kiloko azken jardunaldia eta gizonezkoen 600 kiloko aurrenekoa jokatu zituzten Bakion.

-Otsailaren 5ean Erandion (Bizkaia), gizonezkoen 600 kiloko bigarren jardunaldia eta emakumeen 500 kiloko lehena jokatu zituzten.

-Otsailaren 12an jokatu zuten gizonezkoen 600 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia eta emakumezkoen 500 kiloko bigarrena.

-Otsailaren 19an, txapelketa mistoa (580 kilo) lehiatu da egun bakarrean, Ibarran.

-Otsailaren 26an, azkenik, emakumezkoen 500 kiloko hirugarren eta azken jardunaldiaz gain, gizonezkoen 560 kiloko txapela jokatu da egun bakarrean Ibarran.

Share This