MENDIA
Alex Txikonek amaitutzat eman du Manaslurako espedizioa
Guztira bi hilabete inguru Manaslu inguruan eman ta gero eta tontorreraino (8.156) birritan igotzen saiatu ondoren, elurrak eta haizeak helburua gauzatzea ezinezkoa egiten dutela ikusita, Alex Txikonek etxera itzultzeko erabakia hartu du.
Lemoako alpinistak eta bere espedizioko kideek eguraldiaren iragarpenaren zain egon dira azken egunotan baina egoerak hobera egiten ez duela ikusita, eta bertan egoteko baimena agortzen zaiela kontutan izanda, Txikonek berak bere sare sozialetan iragarri du ManasluEki espedizioa bukatutzat ematen duela.
Alex Txikonek eta bere taldeak Manasluko tontorrera iristeko bigarren saiakera egin zuten aurreko igandean, baina haizearen eraginez bertan behera utzi behar izan zuten. Manaslun egoteko denbora mugatua izanda, azkenera arte ahalegindu dira gailurra zapaltzeko beste saiakera bat burutzen, alferrik baina.
Eguraldiak ezinezkoa bihurtu du eta taldeak larunbatean hasi zituen behe-kanpalekua batzeko lanak eta igandean amaitu zituzten, baimenaren azken egunean hain justu.
Aurreko egunetan, Txikon, Gelum, Cheppal eta Namja bigarren kanpalekura igo ziren bertan eta lehen kanpalekuan utzitako biltegiak hartzera. Txikonek azaldu duenez, ezinezkoa egin zaie hirugarren kanpalekuko biltegietara iristea, elurra gerrira arte iristen zelako eta haizete handia zegoelako.
Gauzak horrela, Txikonek amaitutzat eman du 2020ko abenduaren 31n hasitako abentura, Simone Moro italiarrarekin, Zumarragako Iñaki Alvarezekin eta beste kide batzuekin batera.
Oso gertu izan dute gailurra, baina azkenean ezin izan dute helburua lortu, izan ere, eguraldiak ez du hobera egingo gutxienez hamar egun igaro arte, eta gero gainera ez dago jakiterik nola jarraituko duen. Beraz, oso arriskutsua zen baimena luzatzea eta honenbestez espedizioa bertan behera uzteko deliberoa hartu dute. Bizkaitarrak eskerrak eman dizkie denbora luze honetan babesa eta animoak bidali dizkioten guztiei.
Gasteiz-Iruñea Basque Ultra Traila lehiatu zen asteburuan
Owen Davies nagusitu zen gizonezkoetan (16:02:08) eta Carmen Maria Perez Serrano emakumezkoetan (21:00:15)
Silvia Triguerosek irabazi du Miglia Monviso lasterketa
26 ordu eta 46 minutuko denbora behar izan zuen 168 kilometroko proba amaitzeko
Jone Fuente eta Josu Urrestarazuk irabazi dute Mugagabe Traila
Bero itogarria egiten zuelarik, Laudioko hainbat mendi zeharkatu zituzten 150 lasterkarik baino gehiagok