FUTBOLA/EUSKAL SELEKZIOA
Aldaketak eman dira Euskadiko Futbol Federazioaren organigraman
Bederatzi Juntakideen dimisioak sorturiko egoeraren ostean berrosatu da Euskadiko Futbol Federazioaren organigrama
Bost batzarkide berri izendatzearekin eguneratu da Euskadiko Futbol Federakundearen Zuzendaritza Batzordea. Erabakia urtarrilaren 21eko batzarrean hartu zen, 2019ko abenduaren 12an emandako dimisioen hutsunea betetzeko.
Zuzendaritza Batzorde berriak hartu du, beraz, Federazioaren kargu hurrengo hauteskundeak egin artean. Printzipioz, 2020ko udazkenean egiteko dira. Tarte horretan, mahai gainean izango dituzten gaien artean, aurre egin beharko diote honen guztiaren inguruan dagoen gai bati, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna eskatzeko auziari alegia.
Izan ere, Federazioaren Batzar Orokorrak 2018ko abenduaren 12an nazioarteko ofizialtasunaren eskaera egiteko erabakia hartu zuenetik urte bat baino gehiago pasatu denean, Zuzendaritzak oraindik ez du ildo horretan inolako urratsik eman, berez Batzar Orokorraren erabakiak gauzatu beharrean diren arren.
Bestetik, hain zuzen ere, abenduan emandako dimisioen nondik-norakoei begiratuta, agerian gelditu da horien arrazoietako bat nazioarteko ofizialtasunaren eskaeraren inguruan Federazioan bertan zeuden desadostasunak zirela. Eta azken batean horien estaltzera etorri dira oraingo izendapen berriak.
EUSKADIKO FUTBOL FEDERAKUNDEAREN BATZAR OROKORRA https://t.co/tZgZ849y9K
— EFF-FVF (@EFF_FVF) December 12, 2018
Federazioaren webgunean bertan ikus ditzakegu Zuzendaritza Batzordearen osaketan ageri diren batzarkide berrien izenak: Victor Jose Larrinaga Beascoechea, Carlos Leon Lasarte, Rosa Perez Perez, Ibon Cabo Itoiz eta Mikel Etxarri Sasiain.
Rosa Perezek hartuko du emakumezkoen futbolaren ardura; Ibon Cabo areto futbolean arituko da eta Mikel Etxarri kirol zuzendaritzan.
Nabarmentzekoa da Mikel Etxarriren integrazioa Batzordean, Euskal Selekzioaren aldean ibilbide luzea duen gizona baita. Selekzioaren hautatzaile/entrenatzailea ere izan da urte askotan. Eta une honetan hor egoteak pentsatzera ematen du badagoela oztopoen gainetik ofizialtasunaren eskabideari atzerapen gehiagorik gabe ekiteko asmoa eta gogoa.
Kanpoko presioak
Izan ere, Durangoko batzarrean hartutako erabakia ezagutu orduko, Jose Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko buruak dimisioa emateko exijitu zion Luis Mari Elustondori, oso modu zakarrean exijitu ere. Elustondok inposizioaren edukia zein hori egin nahi izateko erabilitako formak alegatu zituen haren “aginduari” uko egiteko, Federazioak ezer betetzekotan Batzar Orokorraren aginduak bete behar dituelako, ez besterik.
Dimisioak
Joan zen hilean, 2019ko abenduan, Bizkaiko eta Arabako Futbol Federazioetako bederatzi batzarkidek dimisioa eman zuten, tartean Jose Ignacio Gomez Mardonesek eta Pedro Maria Solaun Arzuagak, hurrenez hurren, Bizkaiko eta Arabako Futbol Federazioen presidenteak.
Dimisioa emandako batzarkideen arabera, Euskadiko Futbol Federazioko Zuzendaritza Batzordea 17 kidez osatuta egonik, Federazioaren estatutuek esaten dutenari kasu egin eta Batzordea desegin beharko zen, hauteskunde berriak deitzeko, estatutuek prozedura hori aurreikusten baitu batzarkide erdiak baino gehiagok dimisioa emanez gero.
Dena dela, abenduaren 24ean jakin zen, Euskadiko Federazioak, Eusko Jaurlaritzak babestutako txosten juridiko batean oinarrituta, ez zituela ontzat eman Iñaki Gomez Mardones eta Pedro Solaunen dimisioak, zeren eta, bata Bizkaiko Federazioko presidentea eta bestea Arabako Federazioarena izanik, Euskadiko Batzordean egon beharra baitute lurraldetako kargua dutenen artean. Ondorioz, hauen dimisioak ez zituzten ontzat eman, eta dimisio emandakoak Batzordearen erdiaren azpitik gelditu ziren.
Bideak zabaltzen
Euskal Selekzioaren gainean albiste gehiago ere izan ditugu beste aldetik ere: urte amaieran zabaldu zen Pedro Sanchezen inbestidurarako akordioa izenpetu zutela EAJk eta PSOEk Espainiako Kongresuan. Eta akordio horren barruan sartzen zela Euskal Selekzioen ofizialtasuna onartzeko bideak zabaltzea.
Ordua ere bada Euskadiko Futbol Federazioak pausuak emateko.
✅ Akordioaren ardatzen artean ➡️ 6. Kirol selekzioak. Akordioaren arabera, «behar besteko bideak» irekiko dira «kirolaren eta kulturaren esparruan Euskadik nazioarteko ordezkaritza izan dezan bultzatzeko». @GotzonH @berria https://t.co/mj3onN5CTg
— Euskal Herria Kirola (@ehkirola) December 31, 2019
Unai Yus se hizo con la primera victoria de la temporada en Gallarta
LASTERKETAK/MENDI DUATLOIA Amaia Luquin no tuvo rival y se hizo de nuevo con la victoria en categoría femenina Más de 70 corredores se dieron cita en la quinta prueba del circuito de duatlón de montaña de Euskal Herria celebrado en Gallarta (Bizkaia). Los...
Urizar eta Luquin nagusi Zubietan
LASTERKETAK/MENDI-DUATOLIA Larunbat arratsaldean Zubietan jokatu zen Mendi Duatloi Zirkuituko bigarren frogan 160 duatloilari inguruk parte hartu zuten. Lehengo urtean EH-ko Txapelketa jokatu zen zirkuituaren antzekoa prestatu zuen antolakuntzak, nahiz eta aurtengoan...