TXIRRINDULARITZA
Aiztondo Klasika-Patxi Alkorta Memoriala bertan behera geratu da
Aurten ez da Aiztondo Klasika-Patxi Alkorta Memorialik izango
Aiztondoko klasika amateur kategoriko txirrindularitza froga ezaguna da, 2020. urteko ibilbide gorabeheratsuak Asteasun izan behar zuelarik hasiera eta Zizurkilen amaiera.
2020ko Aiztondo Klasikaren XVII. edizioa martxoaren erdialdean lehiatzekoa zen baina koronabirusaren aferagatik data berria zehaztu gabe atzeratua izan zen.
Aurrerago egun berria adostu zuten, eta beraz Urriaren 10ean jokatzekoa zen txirrindulari lasterketa. Antolatzaileek, ordea, bertan behera uztea erabaki dute, Covid-19ak eragindako egoera dela eta, berriki ateratako prensa -oharrean erabakiaren berri eman dutelarik.
Probaren antolatzaileek azaldu dutenez, Covid-19aren izurritea izaten ari den bilakaerak eta hark eraginda lasterketa bat antolatzeko bete behar diren segurtasun neurriek gain hartu diete. Ezinezkoa egiten zaie txirrindulari, antolatzaile eta zaleen segurtasuna bermatzeko beharko litzatekeen azpiegiturari aurre egitea eta baldintza horietan proba antolatzeari arriskutsuegia iritzita, 2020ko ekitaldia ez antolatzea erabaki dute.
Bide batez, Aiztondo Klasika Batzordeak kolaboratzaile, babesle eta erakundeei eskerrak eman nahi izan dizkie, haiekiko beti izan duten jarreragatik eta aurrerantzean ere elkar laguntzen jarraitzeko deia luzatu diete, antolakuntzaren asmoa 2021an lasterketa antolatzea delako.
Amasa-Villabonako Udalak ere bere atsekabea adierazi du bailaran horren garrantzitsua den kirol proba entzutetsu hau ezin izango delako ospatu. Honekin batera udalaren babes eta animo mezua helarazi nahi izan die antolatzaileei eta Aiztondo Klasika antolatzeko lanean aritzen diren pertsona guztiei. Erabaki zaila baina arduratsua hartu behar izan dutela jakinda, Udalak bere babes osoa eskaini nahi die.
Aiztondo Klasika
Zizurkilek aspaldidanik izan du lotura berezia txirrindularitzarekin. Besteak beste, 1976an Espainiako juvenil mailako txapelketa egin zen, Danenak lehenik afizionatu eta ondoren profesional izan zen txirrindulari taldea izan zuen (Frantziako Tourrean ere parte hartu zuelarik), Emakumeen Txirrindularitzan ere hainbat txapelketa egin dira eta Emakumeen Bira ere antolatu izan da Aiztondon.
Aiztondo klasikak 2003ko martxoaren 9an hartu zuen lekukoarekin aurrera jarraitzen du, esfortzuak esfortzu, kosta ala kosta. Arazoez gainezka, Lasarteko zirkuitoak ezin izan zuen urtetan afizionatu mailan sona eta izen ona izan zuen probaren antolaketarekin jarraitu, eta galerak eragin zitzazkeen kalteei aurrea hartu nahirik Gipuzkoako Txirrindularitza Elkargoak Asteasuko Aitzondo elkarteari luzatu zion proba antolatzeko gonbita. Horrela jaio zen beraz Aiztondo klasika, Aiztondo bailarako herrixken eta elkarteen lankidetzaren fruitua dena.
Aiztondoko Klasikoaren antolakuntza bailarako herrien artean partekartzen da, Zizurkil, Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu eta Larraul alegia. Herri edo elkarte bakar batek aurrera atera ezingo zukeen antolaketa, denen artean atera ahal izan da, urtero irteera eta helmuga txandakatuz, baina hori bai, beti Aiztondo bailara osoa harrapatzen duelarik.
Antolakuntza kontuetan maisua izan zen Patxi Alkorta, lasterketaren izena daramana, izan ere, hark egindako guztia ahazturan eror ez zedin eta haren adibideak luzaroan jarrai dezan erantsi zitzaion karrerari bere izenburua, ondo merezitako omenaldi xume modura.
Iazko edizioa
Egun euritsu eta lanbrotsu batean, guztira, 175 txirrindularik hartu zuten parte klasikan, 25 taldek eta talde bakoitzetik 7 kidek. Angel Fuentesek, Gomur Cantabria taldeko txirrindulari izan zen lehena iristen 3 ordu eta ia 16 minutura.
2019ko sailkapena:
1. Angel Fuentes – Eli Gomur-Cantabria Infinita (03:15:45)
2. Roger Adria – Lizarte (03:15:46)
3. Francisco Galvan – Lizarte (03:15:46)
4. Alberto Serrano – Escribano Sport Team (03:15:49)
5. Sergio Roman Martin – Eli Caja Rural-Seguros RGA (03:15:53)
6. Carlos Cobos – Eli Vigo-Rias Baixas (03:15:53)
7. Samuel Blanco – Eli Vigo-Rias Baixas (03:15:56)
8. Carlos Garcia – Kometa Cycling Team (03:15:56)
9. Julen Latorre – Goierriko TB – Laboral Kutxa (3:16:01)
10. Diego Gonzalez – Supermercados Froiz (3:16:05)
TXIRRINDULARITZA
Fernando Tercerok irabazi du Aiztondo Klasika
25 talde eta 175 txirrindulari aritu ziren afizionatuen mailako lasterketa entzutetsuan
Tourra (1903-2013): historia, kazetaritza eta naziotasuna
Jabotxa Fernandezekin elkarrizketa idatzi berri duen doktorego-tesiaren inguruan
2022ko Itzuliaren ibilbideak aurkeztu dira
Lasterketa apirilaren 4tik 9ra egingo da, 882,2 km zeharkatuz eta orohar azken edizioetako eskemari jarraituko dio