HERRI KIROLAK/AIZKORA/HARRIA
Aizkora zein harrijasotze finalak lehiatu ziren larunbatean Azpeitian
Iragan larunbatean, arratsaldeko 18:30tan hasita, herri kirol jaialdi ikusgarria izan zen Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan
Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako finala, Emakumezkoen Aizkolari Banakako Txapelketarena eta Urrezko Harrijasotzaileena jokatu ziren. Gazte mailako aizkora txapelketak ere lehiatu ziren bertan.
Gizonezkoen binakako aizkoran Larrañaga-Rekondo bikotea, emakumezkoen banakakoan Irati Astondoa eta Peñagarikano harri jasotzen izan dira txapeldunak.
Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako finala
Jesus Maria Mujika-Iker Vicente, Mikel Larrañaga-Jon Rekondo eta Ugaitz Mugertza II.a-Julen Alberdi “Txikia IV.a” bikoteak neurtu zituzten indarrak txapelaren bila.
Azkenean irabazle berriak Azpeitiako Mikel Larrañaga eta Leitzako Jon Rekondo bikotekidea dira. Adostutako bost probak burutzeko 25:30eko denbora behar izan zuten. Ugaitz Mugerza eta Julen Alberdi Txikia iazko txapeldunak bigarren sailkatu ziren, 26:30eko denborarekin. Hirugarren sailkatuak iazko bikote berbera, Iker Vicente eta Jesus Mari Mujika, 29:15eko denbora eginda.
Pare-pareko finala izan zen, bereziki Larrañaga eta Rekondo bikotearen eta Txikia eta Mugertzaren artean. Lanerdietan aurretik ziren azkoitiarra eta mutrikuarra, hiru segundoko abantailarekin, baina azken lanera sartu aurretik Larrañagak eta Rekondok aurrea hartu zuten, segundo bateko aldea aterata. Azken lanean, ordea, Larrañaga eta Rekondo izan ziren onenak, eta beraientzat izan zen 2020ko Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa.
Txapelketan baino lan gehiago egin behar izan zuten finalean hiru bikoteek. Hasteko, bikoteko aizkolari batek 45 ontzako egur bat ebaki behar zuen erlojuaren aurkako proban. Bigarren lanean, zutikako kanaerdiko enbor bat txanda librean moztu behar. Segidan, 65 ontzako egur bat ebaki behar zuten bi aizkolariek. Gero, bikoteko partaide batek 45 ontzako enborra ebaki eta hori moztutakoan haren bikotekidea etzandako kanaerdikoarekin hasi behar zuen. Azken lana zuten gogorrena. Lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi 65 ontzako ebaki behar txanda librean.
Emakumezkoen Banakako Txapelketaren finala
Emakumeen Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketaren finala ere jokatu zuten larunbatean. Emakumezkoen txapelketa honetan, lau aizkolari aritu dira lehian: Nerea Sorondo beratarra, Itxaso Onsalo aresoarra, Maika Ariztegi iturendarra eta Irati Astondoa bizkaitarra.
Ligaxkako jardunaldiak jokatu eta gero hoietatik hiruk eskuratu zuten finalerako txartela: Nerea Sorondo, Irati Astondoa eta Maika Ariztegi, hain zuzen. Lehia estuaren ondoren, honakoan Irati Astondoa zeanuritarra izan da garailea, 6 minutu eta 32 segunduko denboran bere lanak amaituta. Nerea Sorondok, aldiz, 6:38 egin zuen. Hirugarren postuan Maika Aristegi, 8 minutu zehatz izanik bere denbora.
2020ko Urrezko Harrijasotze Txapelketa
Aizkorako finalez gain, Urrezko Harrijasotze Txapelketaren finala ere izan zen larunbatean. Bost harrijasotzailek parte hartu dute txapelketan eta bostetik hiru sailkatu dira finalera: Xabier Peñagarikano aizarnazabaldarra, Urdax Mangunazelaia abadiñarra eta Aimar Galarraga oriotarra. 175 kiloko harri errektangularra, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko borobila izan zituzten aurrean eta bakoitzarekin bi minutuko txanda.
Azkenean, Xabi Peña izan zen txapelduna, orotara 5.075 kilo altxatuta: laukizuzenari 9 jasoaldi, kubikoari 10 eta bolari 16. Bigarren Urdax Magunazelaia, sei urtez aparte egon ostean aurten itzuli dena harrijasotze mundura: 4.950 kilo, laukizuzenari 9 jasoaldi, kubikoari 10 eta bolari 15. Aimar Galarraga izan da hirugarrena, 3.700 kilorekin: laukizuzenari 8 jasoaldi, kubikoari 7 eta bolari 10.
Gazte mailako txapelketak
Halaber, Urrezko Binakako 23 urtez azpiko Txapelketaren finala ere lehiatu zen Izarraitzen. Ioritz Gisasola “Zelai IV.a”-Suharri Rodriguez, Julen Larrea III.a-Jokin Urretabizkaia “Basozabal” eta Hodei Ezpeleta-Unai Larrea bikoteak lehiatu zuten finala. Egin behar zuten lana, seina kana-erdiko txanda librean ebakitzea. Ioritz Gisasola Zelai IV.ak eta Suharri Rodriguezek sei kana-erdiko ebakitzeko 9:03 behar izan zuten eta bigarren sailkatu zen bikoteak, Julen Larrea III.a eta Jokin Urretabizkaia Basozabalek, 9:11 egin zuten. Podiumeko hirugarren postua Hodei Ezpeleta eta Unai Zabalarentzat izan zen (11:30).
Azkenik, Urrezko Binakako 19 urtez azpiko Txapelketa izan zen, non Axel-Larrañaga-Markel Zapiain eta Oier Larretxea-Endika Goia osaturiko bikoek indarrak neurtu zituzten. Bi 45 ontzako eta beste bi kana-erdiko ebaki behar zituzten txanda librean. Axel Larrañaga eta Markel Zapiainek 8:49an bete zuten lana eta Oier Larretxea eta Endika Goiak, 9:32an.
Hasi da 640 kiloko Euskadiko Sokatira txapelketa
Lehenengo jardunaldia Saturrarango Arbelaitz kanpinean burutu zen, non Gaztedi A taldea nagusitu zen
Urrak irabazi du Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa
Zarauztarrak erakustaldia eman zuen eta erraz nagusitu zitzaien Azpiazuri, Izeta IV.ari, Arrutiri eta Olaizolari
Nafarroako launakako sokatira txapelketako azken jardunaldia lehiatu da Berriozarren
Pisu arinetan, Berriozar nagusitu zen emakumezkoetan eta Beti Gazte gizonezkoetan