EUSKAL PILOTA/ERREMONTEA

Hasia da X. Sagardoaren Erremonte Txapelketa

by | 2020/03/09

Argazkiak: oriamendi10.com

2020ko Sagardoaren Txapelketaren bina jardunaldi jokatu dira ostegunean eta larunbatean Galarretan

 

Osteguneko ekitaldian, B taldeko lehenengo partida jokatu zen, Matxin III-Azpiroz  eta Aldabe-Barrenetxea IV.a bikoteen artekoa, hain zuzen ere.

Petritegi sagardotegia ordezkatzen zuten Matxin eta Azpiroz nagusitu ziren, Oialume Zar izendapean jokatzen zuten Aldabe-Barrenetxeari 40-35 irabazita.

Atzetik joan ziren hasieratik azkenean garaile irtendakoak, 20-8 galtzen ere egon zirelarik. Handik aurrera lortu zuten partiduari buelta ematea, lehenengo 27ra berdinduta eta handik aurrera markagailuan oso orekatuak ibili baziren ere (34-34), azken txanpan egindako eginahalari esker 40-35 irabaztea lortu zuten.

Partida polita izan zen orohar, lau pilotariek maila ona eman zuten baina batez ere atzelarien kontura etorri ziren unerik zirraragarrienak. Zenbakiei erreparatuta, Azpiroz izan zen pilotaririk aipagarriena, sakez hiru tanto eginda eta piloteoan hamabi, lau akats egin zituelarik. Matxinek 14 tanto eta bost huts eginda amaitu zuen norgehiagoka. Gorrietan Barrenetxeak bost tanto egin zituen sakez, zortzi piloteoan lau akats eginez eta Aldabek 13 tanto egin zituen zazpi akats eginez.

Osteguneko jardunaldiaren emaitzak:

1.- Beñat-Labaka 20 Urrutia II.a-Garces 35

2.- Aldabe-Barrenetxea IV.a 35 Matxin III.a-Azpiroz 40

3.- Zeberio II.a-Zubiri 40 Juanenea-Zaldua 35

4.- Barricart-Aizpuru III.a 27 Goikoetxea V.a-Arruarte 30

Larunbatean X. Sagardoaren Txapelketako bigarren jardunaldia lehiatu zen eta bertan Segurola eta Ionek 34-40 irabazi zieten Urrizari eta Arruarteri, hartara A multzoko lehenengo lau puntuak Gaztañagak eskuratu zituelarik.

Partida borrokatua eta orekatua izan zen amaierararte, markagailuan alde berezirik ezin lortuta ibili zirelarik bi bikoteak. 33na berdindu ondoren Segurolak eta Ionek, oso serio, lau tantoko aldea hartu zuten, 33-37. Erabakigarria izan zen abantaila hori eta azkenean 34-40 partida itxi zuten. Zenbaki onenak Segurolarenak izan ziren, 18 tanto eta akats bakarrarekin. Ionek atzean, bi sake, bederatzi piloteoan eta sei huts egin zituen. Bikote galtzailean Urrizak 22 tanto egin zituen eta sei akats; Arruartek, berriz, bi tanto egin zituen sakean, hiru piloteoan eta bost hutsegite.

Larunbateko jardunaldiaren emaitzak:

Urrutia II.a-Larrañaga 35  Etxarri-Garces 31

Matxin III.a-Barrenetxea IV.a 37 Ezkurra II.a-Azpiroz 40

Urriza-Arruarte 34 Segurola-Ion 40

Ansa II.a-Zubiri 30  Juanenea-Aizpuru III.a 24

Hurrengo jardunaldia datorren ostegunean jokatuko da, martxoak 12, honako partidak egongo direlarik:

1.- Etxarri-Labaka vs Urrutia II.a-Zubiri

2.- Ansa II.a-Larrañaga vs Juanenea-Garces

3.- Ezkurra II.a-Barrenetxea IV.a vs Urriza-Ion

4.- Goikoetxea V.a-Azpiroz vs Aldabe- Aizpuru III.a

Sagardoaren Txapelketa

Orotara zortzi bikotek hartuko dute parte txapelketan, lauko bi multzotan banatuak eta bikote bakoitzak sagardotegi baten ordezkari gisa lehiatuko da.

Zehazki hauek dira nor baino nor arituko diren bikoteak:

Goikoetxea-Endika (Gurutzeta), Ezkurra II-Zubiri (Larre Gain), Urriza-Arruarte (Bereziartua), Segurola-Ion (Gaztañaga), Matxin III-Azpiroz (Petritegi), Juanenea-Agirrezabala (Altzueta), Aldabe-Barrenetxea IV (Oialume Zar) eta Ansa II-Larrañaga (Setien).

Azpimarratzekoa da, pasa den urtearekin alderatuta bikote guztiak desberdinak direla, iazko irabazleek ere,  Segurola eta Endika, bikotea aldatu dutelarik.

Esan bezala, zortzi bikote hauek bi multzo ezberdinetan (A eta B) ekingo diote txapelketari eta multzo bakoitzean lehiatuko den ligaxkaren ondoren lehenengo bi postuetan geratzen diren bikoteak sailkatuko dira hurrengo faserako.

Talde bakoitzean denak denen kontra ariko dira, ostegun eta larunbatetan, eta bi lehenbizikoak sailkatuko dira apirilaren 23tik maiatzaren 2ra jokatuko den finalerdietako ligaxkarako.

Sailkatutako lau bikote hauek beraz lauko beste talde batean lehiatuko dira eta lehenengo biek eskuratuko dute maiatzaren 9an jokatuko den finalerako txartela, iazko formatu berdina errepikatuz.

A taldea honako bikoteek osatzen dute: Goikoetxea-Endika (Gurutzeta), Ezkurra II-Zubiri (Larre Gain), Urriza-Arruarte (Bereziartua) eta Segurola-Ion (Gaztañaga). B taldean aldiz, honakoak: Matxin III-Azpiroz (Petritegi), Juanenea-Agirrezabala (Altzueta), Aldabe-Barrenetxea IV (Oialume Zar) eta Ansa II-Larrañaga (Setien).

Ligaxkek azken urteetako txapelketa guztien formatu berdina jarraituko dute, bikoteek egiten duten tantoaren arabera puntuak emanez. Lau  puntu irabazleei, bi 36 eta 39 tanto bitartean egiten dituztenei, bat 32 eta 35 artean geratzen direnei eta zero 32 tantora iristen ez direnei. Pasa den urtean sartu zen berritasuna ere errepikatuko da eta 26 tantora iristen ez denari puntua kenduko zaio.

Share This