ELKARRIZKETAK/TXIRRINDULARITZA

Aitor Altuna: «Konpetiziotik at, proba librean beste anaitasun eta disfrutatzeko modu bat aurkitu nuen»

by | 2020/09/07

Argazkiak: ehkirola.eus

Filosofia ikasketak bukatu berriak ditu Oiartzunen jaio eta Biriatun hezitu den Aitor Altunak (1998).Txikitatik kirol ugari landu ditu, batez ere txirrindularitza. Amateurren mailatan lehiatu izan  du hainbat urtetan. Egun konpetizioak utzi eta triatloi probetarako eta txirrindularitza  proba luzeak egiteko prestatzen aritzen da.Transpyrenees proban parte hartu zuen abuztuaren 22an eta 400 kilometro egin ondoren proba utzi egin zuen. University of Kent, Medway-en dagoen mundu mailako kirol ikerketa talde ezagunenetakoan kirol masterra egitera joan aurretik elkarrizketatu dugu .

Azal iezaguzu zer proba den Transpyrenees.

Transibericak antolatutako proba bat da, 1.000 kilometrotakoa. Mediterraneoan hasi, Llancàn (Gironan) eta Kantauri itsasoan amaitzen dena, Donostian zehazki, nahiz eta Jaizkibel gainean zegoen denbora hartzeko azken gunea. Ibilbidea  finkatua dago, eta Pirinioak zeharkatu behar dira. Proba librea da, bakoitzak bere kasara egiten du. Nahi duen lekuan gera daiteke jaten, lo egiten, atseden tarteak hartzen…baina une hauetako denborak ere kontatzen dira. Baldintza da ez dela kanpoko laguntzarik onartzen, beraz, dena gainean eraman behar da. Autosufizientzia proba bat da.

Nolako proba da? Alegia, nolakoak dira 1.000 kilometroak?

Pirinioak izanda, etengabeko gora-behera da. Piriniotako igoera ezagunenetakoak egiten dira, Pailheres, Peyresourde, Tourmalet eta Luz Ardiden, besteak beste. Euskal Piriniotako igoera gogorrenetakoak ere: Larraun, Bagargi, Arnostegi, Izpegi… Distantzia hain motzean desnibel gehien metatzen duen probetako bat da, 27.000 metro hain zuzen. Orokorrean, errepide lasaiak dira, auto gehiegirik gabe. Asfaltatutako errepideetan egiten da proba osoa, baina tarte batzuetan errepidea egoera txarrean dago eta kontuz joan beharra dago.

Nolako esperientzia izan duzu?

Oso esperientzia berezia eta ona izan da, errepikatuko dut. Lehen aldia zen, laguntzarik gabeko horrelako proba luze batean parte hartzen nuena. Hasieratik oso bistakoa zen, partaide bakoitzak helburu ezberdinak generamatzala. Batzuk sinpleki proba egitera zetozen, beste batzuk denbora egitera… Ondorioz hasieratik taldetxo bat sortu zen aurrean, erritmo biziagoan. Lehen gaua elkarrekin egin genuen taldetxo batek aurrean eta egusentian bakoitzak bere kasara tira zuen…oso gustura joan nintzen… probaren emozioarekin gaua logura handirik gabe pasatu eta aurrean nindoan. Lehen portua, Pailheres,  beste batekin igo nuen, baina gero aurrera egin nuen. Egun osoa bakarrik pasatu nuen, oso gustura sentitzen ari nintzen, bigarren postuan nindoan…baina sabeleko arazoak hasi zitzaizkidan eta geldiune ugari egin behar izan nuen, urradurak ere hasi zitzaizkidan, eta eserita ondo joan ezinik geratu nintzen, portu gogorrak falta ziren oraindik eta froga uztea erabaki nuen. Ibilbidea utzi eta beste bide bat hartu nuen hotelera joateko.

Horrelako proba batean parte hartzeko prestakuntza sakona egin beharko da ezta?

Bi alderdi daude. Prestakuntza fisikoa eta prestakuntza teknikoa. Ni fisikoki oso ondo nengoen. Kirol asko egin izan dut beti, eta triatloietan aritzeko prestatzean ere fisikoki indartsu nengoen. Konfinamenduan ere dexente egin dut…baina prestaketa teknikoa eta psikologikoa ere egin behar da. Xehetasun asko izan behar dira kontuan, ze arropa eraman, janaria non erosi, sor daitezkeen eragozpenak aurreikusi…

Azken bi hlabeteetan 30 ordu inguru entrenatu nuen astero. Gau batzutan atera nintzen ere entrenatzera, gauaren eszenatokian ikusteko neure burua.

Proban bigarren zindoazela, utzi egin behar izan zenuen.  Ze sentsaziorekin  gelditu zinen? Ez al da fustrazio puntu bat gelditzen?

Egia esan pozik geratu nintzen. Lehen aldia zen horrelako proba bat egiten nuena. Konpetiziatik nentorren eta horrelako proba libre batean beste anaitasun bat, beste disfrutatzeko modu bat aurkitu nuen. Gainera gustura ibili nintzen egin nuen zatian. Ondo ikusi nuen neure burua eta asko disfrutatu nuen. Badaramat pena sabeleko arazoengatik eta abar ez bukatu izanagatik. Baina etxera eraman nuena poza izan zen eta egindako akatsetatik ikasitakoa.

Zerk bultzatzen du 22 urtetako gazte bat horrelako muturreko proba bat egitera ?

Kirolak  zerikusi handia du osasunarekin. Norbera ondo sentitzeko egin behar da kirola. Baina muturrerainoko  probetan parte hartzeko zio nagusia, norberaren mugak ezagutzean datza, norbera noraino iritsi daitekeen ezagutzea. Norberaren bertsiorik onena azalaraztea.

Mota honetatako probak, bakarkako proba gisa har daitezke? Edo badu alde kolektibo bat?

Nolabaiteko antitesi bat ematen da. Bakoitzak bere helburuak libreki jartzen ditu eta horretarako prestatzen da, baina  proban bertan harremanak sortzen dira. Muturreko egoeratan bakoitzak  dituen baloreak gordinki azalarazten dira. Giza bizipenak sortzen dira, normalean laguntasuna eta komunitate sentimendu  bat sortzen da. Baina oinarrian banakako kirola da.

Ze proeiktu dituzu esku artean?

Datorren urtean proba honetara itzultzeko asmoa badut, eta ezingo banu antzeko beste batera. Tartean, triatloi batzuk egingo ditut… bakarren bat pandemiaren kontu honekin bertan behera gelditu bada ere.

Euskaldun batek, Oier Iturralde getxoztarrak irabazi zuen aurtengo proba.

Bai, aurrez ez nuen ezagutzen, baina lehen gaua elkarrekin pasatu genuen, eta proba utzi nuenean, berarekin egoteko parada izan nuen, eta berriketan aritu ginen. Hemendik zorionak helarazi nahi dizkiot.

Gelditzen da indarrik berriketan aritzeko ala?

Ordu asko dira bakarrik  eta  berriketan egiteak lasaitu egiten du burua eta uxatu hainbat burutapen. Lehen gaua taldean egiteak laguntzen du denbora azkarrago pasatzen eta freskoago iristen egunera. Gainera, momentu oro egokia da jende berria ezagutzeko eta beste esperientziak entzuteko.

ELKARRIZKETAK/TXIRRINDULARITZA