MENDI LASTERKETAK

Julen Martinez de Estibariz eta Maite Maiora nagusi, Hiru Haundiak lasterketan

2021/10/10

Argazkiak: hiruhaundiak.com

Maite Maiora eta Julen Martinez de Estibariz izan dira aurtengo Hiru Haundiak mendi lasterketako garaileak. Martinez de Estibariz arabarraren denbora 11:13:30 izan da eta Maiora mendaroarrarena berriz 12:09:39 (probako errekorra hautsi du gainera, 40 minututan hobetuz 2014an Silvia Triguerosek egindako marka) .

Larunbat honetan hasi zen XXII. Hiru Haundiak mendi lasterketako edizioa, 00.00etan zehazki, 875 lagunen partehartzearekin. Mutiletan, Julen Martinez de Estibariz erabat nagusitu zen, ia ibilbide osoa lasterketaren buruan eman zuelarik bakarrik. Bigarren, Asier Arza bizkaitarra izan zen, 11:36:14ko denbora eginda, eta hirugarren, Ander Erice sailkatu zen, 11:44:28ko denborarekin.

Emakumezkoetan aldiz, Maite Maiora izan zen irabazlea 12:09:39ko denboran helmugaratuta (bosgarren postu absolutuan), bidenabar emakume batek egindako markarik onena hautsi zuelarik, 40 minututan hobetu baitzuen Silvia Triguerosek 2014an ezarritakoa (12:48:22). Bigarren, Oihane Perez bizkaitarra heldu zen (15:21:39), eta Janire Fernandez de Olano arabarrak osatu zuen podiuma (16: 10:00).

SAILKAPENAK

Gizonezkoak

1 JULEN MARTINEZ DE ESTIBARIZ PEREZ DE VILLARREAL  11:13:30            

2 ASER ARZA HERNÁNDEZ   11:36:14                     

3 ANDER ERICE TORNARIA  11:44:28      

4 IGOR OLALDE BERASALUZE  12:02:56                

5 JOSE ANTONIO ROJANO NOVA  12:38:02    

Emakumezkoak

1 MAITE MAIORA ELIZONDO  12:09:39 

2 OIHANE PEREZ REGUERA  15:21:39

3 JANIRE FERNANDEZ DE OLANO 16:10:07

4 ELIXABETE URSUA ELIZAZU  16:27:49

5 JOANNA PAWELCZAK   17:33:08

Hiru Handiak mendi-lasterketa

Hiru Haundiak mendiko iraupen-lasterketa erreferentea da Euskal Herrian, Sociedad Excursionista Manuel Iradierren eskutik antolatuta 1987. urtetik, estatu mailan proba aitzindaria delarik.

Euskal medietako gailur nabarmenenak bateratzen ditu ibilbide berdinean: Gorbea (Araba) 1481m, Anboto (Bizkaia) 1331m eta Aizkorri (Gipuzkoa) 1523m. Gailur bakoitza erkidegoko probintzia bati dagokio eta bakoitza parke natural batean kokatuta dago. Ibilbidea 101km dira, 10.000m baino gehiagoko desnibelarekin eta 24 ordu gehienez erronka betetzeko.

10 urtetan zehar, 1987tik 1996ra, proba urtero antolatu izan da eta hortik aurrera, bi urtetan behin: 1998, 2000, 2002, 2004, 2006, 2008, 2010… 2020. Urtetik aurrera alabaina, lasterketa berriro urtero antolatzeko erabakia hartu zen.

2000, 2002 eta 2004. urteetan, ibilaldiarekin batera, hiru etapatan banatuta zegoen lasterketa bat ospatu egin zen. 2006. urteko edizioan, ibilaldia eta lasteketa bateratu egin ziren, partaide denak modu berean parte hartuz, gutxieneko denborarik gabe eta 24 orduko gehienezko denborarekin.