EUSKAL PILOTA/ERREPORTAJEA
Zesta-puntaren ibilbidea Asturiasen eten zenekoa
Askotan lehengoa gogorarazteko oso atzera joaten gara, baina kasu honetan, beste batzuetan bezalaxe, ez dago horren atzera joan beharrik, izan ere ez baitira urte asko zesta-punta Asturiastik desagertu zela.
Horren arrazoia zein izan zen, oso garbia da, bertan behintzat oso garbi daukate: instalazio falta. Izan ere, Xixongo Lanbide Unibertsitateko pilotalekua erabiltzen zen zesta-puntara jolasteko, neurri egokiak zituelako (Asturias osoan 54 metroko frontoi bakarra), eta hura desagertzean, frontoi luzeko modalitateak ere desagertze-bidean sartu ziren. 2007. urtean eraitsi zuten aipatu pilotalekua, bere lekuan Kultur-gune bat eraiki zutelarik, eta ordutik Asturiasen ez dago zestarik.
Ordurarte izan zuen bere ibilbidea zesta-puntak Asturiasen (zaleak eta maila oneko pilotariak egon bazeuden), batez ere Xixongo zonalde horretan, pilotak ere inguru horietan baitu indarra, baina ordutik akabo. Une honetan ez daukate frontoi luzerik, 36 metrokoak dira dauden guztiak, eta badirudi zesta berreskuratzea ez dela lan samurra izango.
Hala ere, pilotari onak izan ziren Asturias aldean, Rego anaiak eta Isidro esaterako denen ahotan ibilitako puntistak izan omen ziren, 80. hamarkadaren erdialdean eta 90koaren hasieran maila oso ona eman zutelako.
Kontutan hartu behar da, 1984an Xixonen jokatu zela Europako Kluben arteko Txapelketa, aipaturiko Lanbide Unibertsitateko pilotalekuan, asturiarren taldea azpitxapeldun geratu zelarik. Rego anaiak eta Isidro zeuden talde horretan eta finalera iritsi ziren, Miarritzen aurka galdu zutelarik. Kontua da, gainera, txapelketa horren karira pilotalekua erabat berritu zutela, nahiz eta 20 urte geroago bota egin zuten, arestian aipatu bezala.
Txapelketa horren geroztik ere jarraitu arren, azkeneko 20 urte hauetan ez da ezer egon, eta seguraski beste leku batzuetan baino zailagoa izango da zestapunta berreskuratzea. Lanbide Unibertsitateko pilotalekua eraitsi zutenean, berri bat egin ezean, pilota modalitate batzuk desagertuko zirela garbi zuten hango pilotazaleek baina hala ere, agian berriro ere zesta ikusiko ote dutenaren itxaropena eta ametsa, erabat galdu gabe dute oraindik. Hala izan dadila !
Urrizak zazpigarrenez irabazi du buruz buruko txapela
Iruindarrak zazpigarren txapela eraman zuen etxera, Kutxabank Torneoko finalean Endika Urrutiari 30 eta 27 irabazi ondoren
II. San Migel Xare Irekiko finalerdiak erabakita
Finalerdiak irailaren 26an: Lopetegi-Karrikaburu vs Borteyru III-Sistiage eta Etxeberri-Funosas vs Driolet-Moncada
Endika finalera sailkatu da Juanenea gaindituta
Endika Urrutia 23-30 irabazi zion Juaneneari eta estrainekoz jokatuko du final haundia, Urrizaren aurka