EUSKAL PILOTA
Zesta punta denboraldia uztailaren 16an hasiko da Donibane Lohizunen
Duela gutxi arte egoera argitu ez den arren, azkenean zesta puntak bere txapelketak izango ditu Donibane Lohizuneko pilotalekuan eta momentuko puntistarik onenak bertan lehiatuko dira aurtengo denboraldiari hasiera emateko.
Jai Alai News atariak jakitera eman duenez, denboraldia uztailaren 16an hasi eta abuztuaren 27an bukatuko da, eta jaialdiak astearte eta ostegunero jokatuko dira.
Torneo hauetan lehiatzeko txartela dagoeneko eskuratua duten aurrelariak honakoak dira: Diego Beaskoetxea, Alex Hormaetxea, Aritz Erkiaga, Iñaki Osa Goikoetxea, Christophe Olha, Jean Olharan eta Patxi Tambourindeguy. Gainontzekoek (Xabi Barandika, Ludovic Ladutxe, Andoni Laloo eta Jon Tambourindeguyk) atariko kanporaketa bat jokatu beharko dute.
Atzelarien artean, Ibon Aldazabal, Thibault Basque, Nikolas Etxeto, Txabi Inza, Unai Lekerika, Imanol Lopez eta David Minvielle ziurrak dira eta Julien Ihitsage, Benoit Maya, Yan Millat eta Manex Urtasunek aurretik lekua irabazi beharko dute kanporaketetan.
Partida guztiak Frantziako Canal+ telebistak emango ditu zuzenean antolakuntzarekin lorturiko hitzarmena sinatu eta gero, eta youtube bidez ere ikusteko aukera egongo da.
Dena den, hurrengo egunetan bikoteen osaketa zehatzak eta txapelketen inguruko bestelako xehetasunak jakinaraziko dira.
Aurtengo denboraldian lehiatuko diren txapelketak:
Nazioarteko SERIES Txapelketa: uztailaren 16tik 21era (bi finalerdiak uztailaren 16an izango dira eta finala uztailaren 21ean).
MASTER 1 Txapelketa: uztailaren 23tik 28ra (finalerdiak uztailaren 23an eta finala uztailaren 28an).
MASTER 2 Txapelketa: uztailaren 30tik abuztuaren 4ra (finalerdiak uztailaren 30ean eta finala abuztuaren 4ean).
MASTER 3 Txapelketa: abuztuaren 6tik 11ra (finalerdiak abuztuaren 6an eta finala abuztuaren 11an).
MASTER 4 Txapelketa: abuztuaren 13tik 18ra (finalerdiak abuztuaren 13an eta finala abuztuaren 18an).
Lehiaketa hauetan emaitza onenak lortzen dituzten bikoteek azken torneo batetan (Gran Slam izenekoa) neurtuko dituzte indarrak haien artean.
SLAM Txapelketa: abuztuaren 20tik 27ra (lehenengo finalerdia abuztuaren 20an, bigarren finalerdia abuztuaren 25ean eta finala abuztuaren 27an).
Lopetegi-Karrikaburu bikoteak irabazi du II. San Migel Xare Irekia
40 eta 33ko emaitzarekin irabazi zioten Etxeberri-Funosas bikoteari
Hondarribiako Grand Slam Txapelketako finalerdiak zehaztuta geratu dira
Datorren ostiraleko finalerdiak honakoak izango dira: Beaskoetxea-Lopez vs Olharan-Etcheto eta Olha-Del Rio vs Goikoetxea-Irastorza
Euskal Herriko Bote Luzea txapelketako finalerdiak atzeratu dira
Bizkaia 1 eta Senpere 1 eta Bizkaia 2 eta Amikuzeren artean ziren jokatzekoak finalerdiak